Petrolio erreserba estrategikoak merkaturatzea aztertuko du G7 taldeak, gerrak merkatuan eragindako gorabeheren aurrean
Astelehen honetan premiazko bilera egingo dute Alemania, Kanada, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batuko Finantza ministroek, Ekialde Hurbileko gerra eta horren ondorio ekonomikoak aztertzeko.
Ormuzko itsasartea. Artxiboko argazkia: Europa Press
G7a osatzen duten herrialdeak petrolio erreserba estrategikoak merkaturatzea aztertzen ari dira, AEBk eta Israelek Iranen aurka abiatutako gerraren ondorioz, erregaien prezioek nabarmen gora egiten jarraitzen duten bitartean.
G7 taldearen txandakako presidentetza duen Frantziako Gobernuko iturriek baieztatu dute informazio hori, Alemania, Kanada, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batuko Finantza ministroek astelehen honetan bilera egin atarian.
IEA Nazioarteko Energia Agentziako kide direnek (tartean daude G7ko herrialdeak) 90 eguneko kontsumorako adina petrolio erreserba izan behar dute, sortu daitezkeen salbuespen egoerei aurre egiteko.
Nazioarteko Energia Agentzia gertutik jarraitzen ari da Ekialde Hurbileko egoera, bereziki, Iranek Ormuzko itsasartea itxi ondoren petrolioaren eta erregaien prezioak nabarmen gora egin ostean.
Izan ere, Ormuzko itsasartetik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren % 25 inguru, eta gas natural likuatuaren % 20 inguru.
Brent upelaren prezioa igo egin da berriro astelehen honetan, 110 dolarreraino.