AEBk Hamasi hitzeman dio Israel Gazatik erretiratuko dela armagabetzeak aurrera egin ahala
Jared Kushnerrek Egipton azpimarratu du 2025ean adostutako bake-plana ez dela berriro negoziatuko eta haren baldintzak beteko direla.
AEBk Hamasi hitzeman dio Israelgo Armadak Gazatik pixkanaka erretiratuko dituela tropak, milizia palestinarrak armagabetu ahala, igande honetan Kairon egindako bileratik hurbil dauden iturrien arabera.
AEBko Gobernuaren Ekialde Hurbilerako mandatari berezi Jared Kushnerrek Hamaseko buruzagiei adierazi die Israelgo erretiratzea ez dela arma guztiak entregatzeko prozesua amaitu arte atzeratuko, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak defendatu duen bezala.
AEBk bake-plana berriro ez negoziatzeko eskatu du
Netanyahuk pixkanaka erretiratzea onartzeari uko egin dio, eta Donald Trump AEBko presidenteak bultzatutako bake-planaren oztopo nagusietako bat bihurtu da.
Al Arabia katearen arabera, Kushnerrek esan du Israelek 2025eko urrian Xarm el-Xeikhen adostutako akordioaren baldintzak beteko dituela, eta azpimarratu duenez, "plana ez da berriro negoziatuko". "Helburua plana ezartzea da, ez berriro negoziatzea", adierazi dute bileratik hurbil dauden iturriek.
Hamasek, bestalde, plana onartzeko konpromisoa berretsi du. Hitzarmenak Gazako azpiegitura eta berreraikuntza proiektuak abiaraztea aurreikusten du. Axiosen arabera, Israelen erretiratzea Hamasek eta gainerako milizia palestinarrek armak uzten dituztela egiaztatu ahala egingo da. Horrez gain, Gazako gobernu-aginteari eta azpiegitura militarrei uko egin beharko diete.