Iparraldean, Echaniz gailendu da laugarren hautesbarrutian; Lassarre, bosgarrenean eta Bru, seigarrenean
Ipar Euskal Herrian, Frantziako Asanblea Nazionalerako hauteskundeetan bozkatzera deituta zeuden hiru hautesbarrutietan, Macronen koalizioa gailendu da, oro har. Hala ere, laugarren hautesbarrutian espero zen lehiarik estuena, eta Jean-Luc Melenchonen NUPES ezkerreko aliantza nagusitu da bertan.
Hala, laugarren hautesbarrutian, Iñaki Echaniz hautagai sozialista (botoen % 50,1) Annick Trounday makronzaleari (% 49,9 eskuratuta) gailendu zaio. Alde txikiarekin eskuratu du garaipena aurreikusita zegoen bezala: 89 boz bitarteko, Parisera joango den lehen diputatua ezkertiarra izango da.
Azken unera arte, parekatuta egon da botoen zenbaketa. Oro har, Troundayk babes handiagoa jaso du Euskal Herrian; Echanizek, aldiz, Bearno eskualdean.
Bosgarren hautesbarrutian ere pareko ibili dira bi alderdiak, baina Florence Lasserre Ensemble taldeko ordezkariak Sandra Pereira-Ostanel NUPESekoari irabazi dio.
Seigarren barrutian, Lapurdi kostaldean, Vincent Bru diputatu makronistak orain arteko postua mantentzea lortu du. Beste bost urte egingo ditu, hortaz, Asanblea Nazionalean. Bozen % 60,2 lortu du, Tom Dubois intsumisoak % 39,8 erdietsi duelarik.