Euskal Herri osoa, alerta laranjan beroagatik
EAE alerta laranjan dago beroagatik, baita Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ere. Euskalmetek 40 gradu inguruko tenperaturak aurreikusi ditu barnealdean, eta 30 gradutik gorakoak kostaldean.
Pertsona bat, iturri batean freskatzen. Argazkia: EFE
Beroaldiak ez du etenik ematen. Euskal Autonomia Erkidego osoa alerta laranjan dago gaur, baita Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ere. Euskalmeten arabera, tenperaturak 40 gradu ingurukoak izango dira barnealdean eta 30 gradutik gorakoak kostaldean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du Euskadi osoan bero bolada honetan izaten ari diren tenperatura altuengatik.
Hain zuzen ere, 13:00etatik 20:00etara alerta ezarriko dute Araban muturreko tenperaturengatik, 38 gradura irits daitezkeelako lurralde osoan eta 39ra hegoaldean.
Egun osoan zehar alerta egongo da tenperatura altu iraunkorrengatik; izan ere, maximoak 32 gradu ingurukoak izan daitezke kostaldean, eta 37 ingurukoak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean.
Alerta horiez gain, astearte honetan abisu horia aktibatuko da berriro, baso-suteak izateko arriskuagatik, tenperatura altuak eta hezetasun erlatibo baxua direla eta.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteazkenean tenperaturak behera egingo du, eta barnealdean nabarmenagoa izango da beherakada, maximoak 30 eta 34 gradu artekoak izango baitira. Arabako hegoaldean zertxobait altuagoak izango dira eta kostaldean 30 gradu ingurukoak izango dira.
Nafarroan, beroagatik ezarritako alerta laranjaz gain (gune batzuetan 39 graduko tenperaturak espero dira), suteak izateko arriskua "muturrekoa" edo "oso handia" da.