Armairu aldaketarik ez, oraingoz
Hego-haizeak giroa epelduko du asteartetik aurrera, nahiz eta euri apur bat ere ekarriko duen. Datorren astebururako, 20 ºC-tik gorako tenperatura espero da.
Egun fresko eta busti batzuen ostean, datorren astean eguzkia nagusituko da berriro, eta hego-haizeak giroa epelduko du.
Gaur, udazken giroa, hezea eta freskoa. Zerua estalita egongo da egunaren zati handi batean, eta ipar-haizea nahiko bizi ibiliko da, bereziki kostaldean. Arratsaldean, zaparrada bakanagoak izango dira. Arratsaldean, hodeitza saretu eta ostarteak irekiko dira, bereziki hegoaldean. Barnealdean, tenperatura maximoak 12 eta 14 ºC artean geldituko dira, eta 15-16 ºC-ren bueltakoak izango dira kostaldean. Barnealdeko leku askotan, eguneko tenperatura minimoak azken orduetan neurtuko dira.
Astea eguraldi egonkorrarekin hasiko da. Goizean goiz, hotz egingo du, eta behe-lainoa sortuko da barnealdeko bailaretan. Gainerako orduetan, eguzkitsu egongo da barnealdean. Kostaldean, egunaren lehenengo partean, lainotuta egongo da, behe-hodeiekin, eta zaparrada batzuk egin ditzake, batez ere Gipuzkoa ekialdean; arratsaldean, ostarteak irekiko dira, baina gauean lainotu eta berriro egin dezake euria. Barnealdean, haizea bare egongo da goizean, eta iparraldetik ahul joko du arratsaldean. Kostaldean, berriz, mendebalde ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura maximoek gora egingo dute, eta igoera nabarmenagoa izango da barnealdean.
Asteartea behe-hodeiekin eta behe-lainoarekin hasiko da. Goizean, hodeiak desegin, eta giro eguzkitsua gailenduko da. Arratsaldean, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak iritsiko dira hegoaldetik, eta zerua lausotuta geratuko da, zurixka. Hegoaldeko haizea nagusituko da, eta barnealdean, tarteka, zakar joko du. Kostaldean, brisa ibiliko da arratsaldean. Tenperatura maximoak igo egingo dira, eta 20 ºC ingurukoak izango dira.
Asteazkenetik aurrera, euria-zaparrada batzuk espero dira, eta astebururako, tenperaturak are gehiago igotzea, 20-24 ºC-raino.
Zure interesekoa izan daiteke
Tenperatura freskoagoak udazkeneko lehen astebururako
Abisu horia beroagatik gaur barnealdean, 36 ºC arteko tenperaturak izango ditugu eta
Ohi baino epelagoa eta zertxobait hezeagoa dator udazkena
Udari agur eguzkitsua egingo diogu
Asteon, eguzki epela egunez eta freskoa gauez
Tenperaturak goranzko bidean Euskal Herrian asteburuari agur esateko
Hondartzarako girorik ez, baina tenperatura atseginak ia aste osoan
Abisu horia bero handiagatik igandean ere