EGURALDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Abisu horia ostiral honetan Bizkaian eta Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorrengatik

Egun osoan izango da indarrean, 60 litro/m2 baino gehiago pila daitezke eta. Zerua lainotuta egongo da eta euria izango da protagonista; zaparradak ugariak izango dira. Gainera, iparraldeko haizea ibiliko da, bizi-bizi zenbait momentutan.

Lekeitio, Bizkaia
Lekeitio (Bizkaia). Argazkia: Victor Uriarte

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du ostiral honetarako Bizkaian eta Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorrak espero direlako, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Hain zuzen ere, egun osoan izango da indarrean abisu hori, Kantauri isurialdeko zenbait tokitan 60 litro/m2 baino gehiago pilatzea espero baita.  

Halaber, 10-30 litro/m2 pilatu daitezke mendebaldean, eta 20-40 litro/m2 ekialdean.

Ildo horretatik, zaparrada iraunkorrak eta oso ugariak espero dira. Zerua lainotuta egongo da eta euria izango da protagonista; zaparradak ugariak izango dira. Gainera, iparraldeko haizea ibiliko da, bizi-bizi zenbait momentutan eta tenperaturak behera egingo du.

Eguneko tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, baina maximoak 10º C-tik gora mantenduko dira oro har. Tenperatura minimoak ez dira ia aldatuko.

Larunbatean giro nahasi eta ezegonkorra izango da protagonista. Aurreko egunetan baino euri gutxiago egingo duen arren, zaparradak denera iritsiko dira eta edozein momentutan bustiko du. 

Arratsaldean ostarte batzuk ireki daitezke. Tenperatura maximoak apur bat igoko dira, eta minimoak, berriz, freskoagoak izango dira.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X