Donostiak euskarazko hiztegi txiki bat argitaratu du turistentzat
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Donostia 2016 Fundazioak, Donostia Turismoak eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak patrikako euskarazko hiztegi bat argitaratu dute, Donostiara etortzen diren bisitariek erabil dezaten.
Donostian eskainitako prentsaurreko batean, Miren Azkarate Donostia 2016 Hiriburutza, Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak eta Ernesto Gasco Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotziak azaldu dute ekimenaren helburua. Donostia bisitatzen dutenek euskarazko oinarrizko hitzak eta esaldiak ezagutzea helburu duen proiektua da.
Hiztegia zortzi hizkuntzatan argitaratu da: euskara, gaztelania, galegoa, katalana, frantsesa, ingelesa, italiera eta alemana. Miren Azkarateren esanetan, Donostia Europako Kultur Hiriburu den urte honetan, bisitarien jatorriek eta kopuruak gora egingo dute hirira etorriko diren turistekin.
2016 Fundazioak zuzendutako ‘Euskarriak’ egitasmoaren baitan, eragileek hiztegiaren ideia berreskuratzea, berritzea eta kaleratzea erabaki dute. “Hizkuntzak funtsezko tresnak dira harremanetarako, eta bisitari askok euskararekiko interesa agertzen dute. Euskara gure kulturaren adierazlerik nabarmenena da”, adierazi du Azkaratek.
Edukia eta zabalkundea
Hiztegia bost zatitan banatu da: lehenengoan, agurrak azaltzen dira; bigarrenean, leku-izenak eta hauetara joateko oharrak; hirugarrenean, ostalaritzarekin zerikusia duten hitzak; laugarrenean, egunak, hilabeteak, urtaroak; eta azkenean, zenbakiak.
Orotara, hiztegi honen 80.000 ale argitaratu dira. Aleak turista gehien biltzen diren Donostiako lekuetan banatuko dira, doan: hoteletan, merkataritza-saltokietan eta museoetan. Horrez gain, hiztegia eskatzen duten taberna eta merkatarien artean ere banatuko da doan. Gainera, hiztegiak biltzar eta kultur jaialdietara doazen pertsonen artean ere banatuko da.