Euskara batuak Ipar Euskal Herrian dituen erronkak ditu aztergai Euskaltzaindiak
Mendeurreneko ekitaldien barruan, estreinako jardunaldi akademikoa egingo du Euskaltzaindiak gaur, Baionako Herriko Etxean (‘Euskara batua eta Ipar Euskal Herria: 1964-2018’), 09:00etan hasita. Guztira, bederatzi ekitaldi akademiko antolatuko dira 2019ko urria bitarte.
Baionako jardunaldiak helburu bikoitza du, Jean-Baptiste Coyos euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzaileak jakinarazi duenez: "60ko hamarkadaren hasieran hainbat bilkura egin ziren euskara batuaren oinarriak lantzeko, horietako batzuk Baionan; bilkura horien ekarpen nagusiak azpimarratu nahi genituzke biharko kolokioan. Eta, aurrera begira, Ipar Euskal Herritik begiratuta, euskara batuak dituen erronkak ere identifikatu nahi genituzke".
16:30 arte, parte hartuko dute: Jean-Rene Etxegaraik; Andres Urrutiak; Beñat Arrabitek; Txomin Peillenek; Jean-Louis Davantek; Eneko Irigaraik; Gexan Alfarok; Janbattitt Dirassarrek; Joseba Intxaustik; Jean-Baptiste Coyosek; Itxaro Bordak; Peio Jorajuriak; Jose Luis Aizpuruk; Aines Dufauk; Joseba Garaik; Naroa Gorostiagak; Xarles Videgainek; eta Sagrario Alemanek.