Euskal kultura Eskozian erakutsiko dute 2019an
Etxepare Euskal Institutuak “Eskoziako hiri nagusietan” 2019an euskal kultura zabaltzeko egingo duten programa aurkeztu du gaur, Donostian.
Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien laguntza jaso du ekimenak, eta Kalakan, Huntza, Oreka TX, Korrontzi eta Tosta Banda eramango ditu herrialdera, besteak beste.
Literatura, arte eszenikoak, musika eta zinema jorratuko ditu, besteak beste, #ScotlandGoesBasque egitasmoak urtarriletik urrira, Eskoziako jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan, hala nola Celtic Connections (Glasgow), Edinburgh International Book Festival, Edinburgh International Film Festival eta Fringe-Dance Base-n (Edinburgo). Halaber, euskararekin eta euskal kulturarekin loturiko eduki akademikoa landuko dute Edinburgoko, Glasgowko eta Skyeko unibertsitateetan.
Lehenengo hitzordua urtarrilaren 17tik otsailaren 3ra Glasgown egingo den Celtic Connections jaialdia izango da: Kalakan, Huntza, Korrontzi eta Oreka TX arituko dira. Gainera, Tosta Bandak ere kontzertu bat emango du bertan.