Dokumental bat, liburu sail bat eta ekitaldi bat, Txillardegi omentzeko
Korrikak, EHUk eta Jakinek bat egin dute euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena ospatu berritan, Txillardegiri, euskara estandarraren sortzaile eta bultzatzaile izan zenari, aitortza egiteko.
Gaurko agerraldian azaldu duten bezala, Txillardegi aitzindari izan zen hainbat arlotan. Hala, euskaltzaletasuna ulertzeko modu irekia, ez esentzialista, ekarri zuen; naziotasunaren erdigunean kokatu zuen hizkuntza; euskal kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jartzen lagundu zuen, eta euskal literatura Europako moldeetara ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin. Ekin eta ETAko sortzaile izan zen, eta politikan ere jardun zuen gaztetatik; ondoren, ESB, HB eta Aralar alderdietan aritu zen.
Hori guztia kontuan izanik, nork bere ertzetik omendu nahi izan dute hiru erakundeek Txillardegi, elkarlanean. Hala adierazi dute prentsaurrekoan Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak, Miren Rubio Txillardegiren biografiaren egileak eta Kote Camacho dokumentalaren zuzendariak.
Omentzeko ekitaldia
Korrikak omenaldi-ekitaldia antolatu du otsailaren 9rako, Musikene Donostiako goi mailako musika ikastegian. Txillardegiren gustuko piano-piezak entzun ahalko dira bertan, eta familiak oroigarri bat jasoko du, egindako ekarpenaren esker onez.