Durangoko Azokak ez du erakusmahairik izango eta salmentak digitalak izango dira
Durangoko Azokaren 55. edizioa, abenduaren 4tik 8ra egingo dena, koronabirusaren pandemiaren itzalpean egingo da. Horren ondorioz, aurten ez da standik egongo Landako Gunean. Horren ordez, denda birtuala sortuko dute Azokaren webgunean, eta bertan erosi ahalko dira produktu guztiak.
Kulturaren plazak hartu ohi dituen ikuskizunei dagokienez ere, aldaketak izango dira. Azokak espazio bi izango ditu bost egunean, Landako Gunea eta Plateruena, eta bertan egingo dira kontzertu, solasaldi eta abar. Aforoa mugatua izango da eta aldez aurretik erreserba egin beharko da bertatik bertara ikusteko, baina streaming bidez ere jarraitu ahalko dira guztiak.
Hala iragarri du gaur laster ateak itxiko dituela iragarri duen Plateruenean egindako prentsaurrekoan Nerea Mujika Gerediaga elkarteko, Durangoko Azokaren antolatzaileen, presidenteak. Aurten, “guztiontzako segurua den Azoka” antolatzea izan da helburua, bere hitzetan, argi izan baitzuten aurrera jarraitu behar zutela: “Uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela Azoka, sortzaileek behar dutela plaza, argitaletxe eta diskoetxeek erakusleihoa, eta jendeak zuzenekoak bizitzea eta nobedadeez gozatzea”.
Beren sormen lanak denda birtualean saldu nahi dituztenek gaurtik aurrera eman beharko dute izena Azokaren webgunean. Izena ematea doakoa izango da, eta Azokak salmenten % 12 jasoko du, “kudeaketa eta logistika gastuei aurre egiteko”.
Ane Pikazaren kartela
Aurtengo edizioko kartelaren egilea Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea (Bilbo, 1984) da. “Kultura mugimenduan dagoen zerbait dela azaleratu nahi nuen, egoera latzenetan ere kolore biziz loratzen dena”, azaldu du bere lanaz.
Kolorez jositako bihotz bat irudikatu du Pikazak paisaia grisaren gainean, “TaupaDA!” leloari dagokionez. “Bizitzen ari garen egoera grisean kultura gure bizitza loratzen duen taupada izateaz gain, etengabeko eraikuntzan eta sorkuntzan dagoen bihotza garela ere irudikatu nahi izan dut. Eraikuntza horretan guztion partaidetza da ezinbestekoa; arlo guztietako sortzaile, teknikari, eragile zein publikoarena berarena. Denon artean elikatzen dugu taupada amaigabe hori”, azaldu du.

Zure interesekoa izan daiteke
Aurora Beltranek Vianako Printzea Kulturaren Saria jaso du
Aurora Beltran abeslari nafarrak jaso du gaur 2026ko Vianako Printzea Kulturaren Saria, Los Arcosen, "hegan egin nahi izan duten eta, agian, ezin izan duten edo utzi ez dieten emakume guztiei eskainita".
Sortzaile, ekoizle eta plataformak batuko ditu Podcast Geltokia jaialdiak
Ostegunetik, hilak 28, hasita, Tabakalera Donostiako zentroak Podcats Geltokia audioaren jaialdiaren lehen edizioa hartuko du. Hiru egunez, audioaren munduan lanean ari diren eragileak bilduko ditu Tabakalerak eta EITBk bultzatu duten topaguneak.
Iruñeko Katedralak Valentinoren 25 pieza ezezagun ditu ikusgai
'Indito Valentino' erakusketak diseinatzaile italiarraren goi-mailako 25 pieza ezezagun bildu ditu lehen aldiz Iruñeko Katedralean. Inoiz erakutsi ez den bilduma baten parte dira lanak, eta Valentinoren nortasun-ezaugarri ezagunenetako batzuk erakusten dituzte eta erakusketa ekainaren 21era arte egongo da ikusgai.
GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, "RESET" lelopean
20 urte beteko dituen honetan, GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, ekainaren 21era arte, "RESET" izenburupean. Antolatu dituzten 23 erakusketetatik laurdena baino gehiago Punta Begoñan egongo dira. Ereagako pasealekua eta Algortako merkatua izango dira beste bi gune garrantzitsuak, eta azken horretan egingo dute urtebetetze festa. 233 argazki, 44 herrialde eta sistema berrabiarazteko gonbita edizio honetan.
Musika proiektuei bideratuko diete Durangoko Azokaren Sormen Beka aurten
Euskarri fisiko zein digitalean bi lan baino gutxiago argitaratu dituztenek hartu ahalko dute parte deialdian, irailaren 21a baino lehen. 15.000 euroz lagundutako lana euskarazkoa izango da, hitzik badauka, eta 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko da emaitza.
"Fantasia eta arrazoia": Goyaren artelan handiak biltzen dituen erakusketa, Arte Ederren Gasteizko Museoan
Gerraren hondamenak, Tauromakia, Burugabekeriak eta Kapritxoak dira, besteak beste, Francisco de Goyaren lau sail nagusietakoak. Erakusketa 2027ko otsailera bitarte egongo da Arte Ederren Gasteizko Museoan. Bestetik, Donostiako San Telmo museoan Goya protagonista duen erakusketa bat dago.
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak “arnas-unea eta sorkuntzaren plaza” irekiko ditu
Ekainaren 6an, Euskal Liburu eta Disko Azoka egingo da Lapurdiko udalerrian, zazpigarrenez, Baltsan elkartearen eta Argia komunikabidearen ekimenez. Beñat Oihartzabal hizkuntzalaria omenduko dute.
Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria
Donostiar artistaren “nazioarteko proiekzioa eta arte garaikidearen berrikuntzan egindako ekarpen erabakigarriak” aitortu ditu sariaren epaimahaiak. Uztailean emango diote golardoa, Maddi Alberdi San Martin Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazleari bezala.
Alejandro Gonzalez Iñarrituren hitzaldia astelehenean BBK Aretoan, 'Carne y Arena' erakusketaren inguruko jardueren barruan
Hitzaldia 19:00etan izango da, eta sarrerak eskuragarri daude jada, doan. Mexiko eta AEB arteko mugako migratzaileen eta errefuxiatuen esperientzia eta testigantzetan oinarritutako 'Carne y Arena' murgiltze esperientzia EITBko 5. platoan dago ikusgai martxoaren 16tik ekainaren 20ra arte.
2028rako Veneziako Biurtekoan espazio propioa izateko lanean ari da Euskadi
Hala iragarri du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura sailburuak Venezian egindako ekitaldi instituzionalean. "Aurrera egin nahi dugu, eta gure helburua da euskal sorkuntza artistikoa nazioarteko erakusleiho horretan etengabe proiektatzea", gaineratu du.