Los Brazos: 'magia', umeen minbiziaren aurka
Magiak, musikak bezala, errealitatea iraultzeko ahalmena du, naturaren legeek agintzen dutena hankaz gora jarri eta ezinezkotzat duguna gure begien aurrean posibletzat irudikatzeko gaitasuna du. Ez diezaiogun geure buruari iruzur merkerik egin, ez batak ez besteak ezin dute berez ezinezkoa dena lortu, baina batzuetan eskuraezina den horretara hurbiltzeko balio izaten digute.
Los Brazos power trio rockzaleak, ideia horren sinestun, "Magic" kantua sortu du, umeek hazkunde aroan pairatzen duten minbiziaren aurkako borrokarako dirua biltze aldera.
"Magic" kantuaren bidez lortzen den diru guztia Anita elkarteak sortu duen nazioarteko ikerketa proiektua bultzatzeko izango da. Sant Joan de Deu Research Foundation Bartzelonako fundazioa du bidelagun elkarteak zeregin horretan, baita UTSSouthwestern Unibertsitateko Zentro Medikoko Amatruda Lab ere.
Alberto Chamorro Koki eta Jose Miguel Gandara Txemi taldekideekin batera Los Brazos osatzen duen Guillermo Gutierrez William gitarrista eta kantariarekin hitz egin dugu, "Magic" kantuaz gehiago jakin, zelan lagundu ahal den galdetu eta, oro har, Los Brazosi eta Gas beren azken diskoari buruz solastatzeko.
Nola erein zen "Magic" ekarri duen hazia?
Gure lagun batek umea gaixorik zuen bikote bati buruz hitz egin zigun; guztien artean, kontzertu bat egin eta haurraren gaixotasunaren inguruan ikertu ahal izateko dirua lortu nahi zuten. Ideia polita iruditu zitzaigun, eta, nola ez, Madrilera joan eta jo egin genuen. Arrakasta handia izan zen.
Urtebete geroago, gauza bera egin genuen Bartzelonan, eta elkarteak ideia gehiago bota zituen. "Luz para Anita" izeneko kantu bat sortua zuten, eta talde askok bideoklip batean bere bertsioa egitea nahi zuten.
Los Brazosekook horretan oinarritutako kantua bagenuenez, bideoklipa gure kantuarekin egin genuen; "Magic" bikaina zen zerbait atsegina egiteko. Gauzak atzekoz aurrera erakutsi ahal genituen: umeak medikuak izango ziren, eta helduak pazienteak.
Gure kantu askotan adiskidetasuna, lagun hurkoarekiko laguntza eta bestearen minaren ulermena jorratzen ditugu; kasu honetan, helduek eta umeek jasotzen duten tratamendua ezberdina izan behar dela da funtsa. Izan ere, minbizia ez da berdina pazientea umea edo heldua izan.
Beraz, dena etorri zen bat. Kantua gitarra eta ahots soilez grabatzeko ideia Koki eta Txemirena izan zen, maketan horrela grabatuta entzun eta gero. Azkenik, Saul Santolariak grabatu zigun, eta bideoklipa neure eta Anton Uribe kameralari fenomenoaren artean egin genuen, gidoi soil batez.
Maila beste koskatxo bat igotzeko, Beau Hill ekoizle ospetsuari bidali genion kantua, nahasi eta masteriza zezan, Chicagora, gure bigarren diskoagatik eskerrak emateko idatzi baitzigun. Idatzi nionean, atsegin handiz lagunduko zigula esan zigun, eta dena egin da horrela, eskuzabaltasunez.
Zehatz-mehatz, zelan lortzen da dirua "Magic"ekin? Zer egin dezake jendeak kanpainan laguntzeko, Itunesen kantua erosteaz gain?
"Magic"ek modu askotan biltzen du dirua: lehenik eta behin, doakoa denez, jendeak Youtubeko gure kanalean bideoa ikusi, kanalean izena eman eta bideoa nonahi eta noiznahi partekatu ahal du. Ahalik eta bisita gehien lortu behar ditugu, eta kanalean izena ematea oso baliagarria da, kanalak zenbat eta erabiltzaile gehiago izan, orduan eta diru gehiago ematen baitu bisita bakoitzak.
Gainera, Itunesetik, Spotifytik eta horrelakoetatik ere jaitsi ahal da, eta diru guztia elkartearentzat izango da.
Interneten, denetarik egin ahal da: tabernaria bazara, kantua lokala ixteko erabili, esaterako; irrati eta telebistan, aurkezlea bazara, jarri, eta ikus-entzulea bazara, eskatu egin ahal duzu; eta, batik bat, zabaldu. Guk kontzertuetan joko dugu, eskubideen bidez dirua biltzen jarraitzeko.
Anita elkartearen webgunean ere diru ekarpenak egin daitezke, nola ez! 250.000 euroko helburura heltzen bagara (eta heltzen saiatuko gara), "Magic" beste zerbaiterako erabiltzea pentsatu dugu.
Sortzaile gisa, zelan bizi izan duzu horrelako kanpaina batean parte hartzeko esperientzia? Zelan aurre egin diozu horrenbeste jendek egunero bizi eta sufritzen duenari musika jartzeko erronkari?
Ezin gara besteen buruan sartu, baina nola aitaren paperean hala umearenean norberak horrelako zerbait nola biziko lukeen pentsatu ahal duzu. Erronka da, bai, zuk diozun bezala, horrelako zerbaitetan jardutea.
"Magic"eko hitzetan, guretzat unibertsala den zerbait azaltzen da: kalteduna ez da gaixorik jartzen dena bakarrik, bi aldeok arindu behar izaten dute mina, denok beldurtzen baikara ulertzen ez dugun zerbaitek mugiezintzat daukaguna astintzen duenean.
Pertsonok batzen gaituzten gauzak urruntzen gaituztenak baino gehiago dira, eta guri gertatu zaigun zerbait beste bati gertatzen zaiola ikusten dugunean konturatzen gara horretaz: denok berdintsuak garela ikusteak berak arindu egiten du mina.
Gas
Zer aurkituko du entzuleak Gas zuen disko berrian?
Gas rock klasikoko disko oso entretenigarria da, eta, gure ustez, oso garaikidea ere bada. Musika aldetik, barietate handia dago, eta, apalki, musikaren historiako urte asko gure musikan sartzen saiatu gara.
34 minutu irauten duten 9 kantu dira, diskoa azkar pasatzen da, oso zuzena da eta amaieran atseden hartzeko luxua aitortu diogu geure buruari. Zuzen-zuzenean grabatuta dago, eta tresna bat ere ez da gerora sartu.
Asko pentsatu dugu nola izango zen, hasieratik bukaerara: korteak, erritmoak, hitzak, azalaren diseinua… Dena asko landu dugu gaur egun eskatzen zaigunari, gure baliabideak azken muturreraino baliatu beharrari, erantzuteko. Oso harro gaude emaitzaz.

"Telefonoa gelditu gabe ari da"
Zelan joan dira aurkezpen kontzertuak?
Oraingoz, oso zirraragarria izaten ari da, jarraitu gaituen jendea eta gu geu oso pozik gaude dena oso ondo ateratzen ari da eta. Telefonoa jo eta jo ari da, eta, jendearen harrera ere aparta denez gero, une gozoa bizitzen ari gara: diskoa irratian eta toki guztietan etengabe dago.
Kontzertuak beti joan dira ondo, egia esan, eta orain, are hobeto, edo horretan saiatzen gara behintzat.
Taldea agertoki baten gainean jaio zen, Willyk zeukan tabernan antolatzen zituzten jam sesion-etan. Estudioko ekoizpen handien garaian, zuzenekoa da oraindik Los Brazosen oinarria, ezta?
Zuzenekoa da musikaren koska, gure ustez: musikariek benetako zerbait nola sortzen dituen ikusten du publikoak, bikainak ez izanda ere zure memorian betiko geldi daitezkeen gauzak. Bakoitzaren barnean efektu ezberdina izaten duten sormen lanak jasotzen dituzte ikusleek.
Zuzenekoa ikusi egin behar da, honen guztiaren alderik hunkigarriena da: aisialdia inporta bazaizu, aprobetxatu egin behar duzu. Guk bizi nahi dituen ororekin partekatzen ditugun uneak sortzen pasatzen dugu gure aisialdia.
Estudioko diskoekin gauza ikaragarriak egin ahal dira, eta baliteke aurrerago ekoizpen erraldoi bat egitea, nork daki. Ideia onak sortuz gero, ezin diezu muzin egin, baina zuzenekoak bizi gaitu, eta zuen bila goaz!
"Gehiago"
Eta orain, zer plan dituzue aurrera begira?
Berdin jarraitu nahi dugu, haziz, toki gehiagotara joateko, jende gehiago ezagutzeko, gustuko ditugun kantu gehiago sortzeko eta, ahal badugu, musika gehiago partekatzeko, diskoen, kontzertuen edo otutzen zaigun beste bideren baten bidez.
baten bidez.Zure interesekoa izan daiteke
Nerea Erbitik, Arturo Reverterrek eta Benito Lertxundik jasoko dute Donostiako Orfeoia-EHU saria
Uztailaren 10ean, ahots musikako taldeak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ekitaldi bat antolatu dute, sariketaren 25. urteurrena ospatzeko.
BBK Legends Bilbao jaialdiak kontzertuen ordutegiak iragarri ditu
Chris Isaak 22:15etik aurrera arituko da ostiralean, eta Tom Morello 22:50 oholtzaratuko da larunbatean, jaialdiaren bigarren egunean.
Ahotsak protagonista Euskadiko Orkestraren kontzertuetan, Strauss eta Mandelssohnen doinura
Programa sinfoniko berria maiatzaren 4an hasiko da, Gasteizen, Alexander Liebreich alemaniarraren zuzendaritzapean. Programa sinfoniko berria maiatzaren 4an hasiko da, Gasteizen, Alexander Liebreich alemaniarraren zuzendaritzapean.
ETSk iragarri du hirugarren kontzertu bat egingo duela Buesan, aurreko bietarako sarrera guztiak saldu ondoren
Talde arabarrak iragarri du martxoaren 13an ere eskainiko duela "Etxean" ikuskizuna Gasteizen, martxoaren 19ko eta 20ko kontzertuetarako 30.000 sarrerak 24 orduan saldu ondoren.
Saldu dira ETSren Gasteizko kontzerturako sarrera guztiak, eta beste emanaldi bat iragarri dute
Arabako taldeak beste kontzertu bat emango du Buesa Arena pabiloian, martxoaren 19an, Gasteizen martxoaren 20rako iragarri zuten "Etxean" kontzerturako sarrerak berehala, ordubete luzean, agortu baitituzte.
ETSk kontzertua emango du 2027ko martxoaren 20an Buesa Arenan
Horixe iragarri du taldeak Madrilen emandako kontzertu jendetsuan. ETB On eta Primeranen ikusgai dago jada Madrilgo kontzertua.
Iñigo Etxezarreta: “ETSren formatu ezberdinak egongo dira etorkizunean”
ETS taldeak “Bihotzen konkista” kontzertua emango du larunbatean Madrilen, Movistar Arena beteko duten 16.000 lagunen aurrean eta ETB1en eta ETB ONen pantailez bestaldeko ikusleentzat. Iñigo Etxezarreta kantari eta gitarristarekin hitz egin dugu, horren aitzakian, honetaz eta hartaz, luze eta zabal.
Pantxoa eta Peiok jasoko dute Adarra saria
Lapurtar bikote aitzindariak ekainaren 21ean jasoko du Donostiako Udalaren eta Donostia Kulturaren saria, Victoria Eugenia antzokian, eta kontzertua egingo du jarraian.
Pello Reparazek hiru kantu abestu ditu kalean, Bilbon,"Mitoaroa III" ikuskizunaren aurkezpenean
Zetak taldeko abeslariak Begi beltz, Hileta kantu nafarra eta Itzulera kantuak abestu ditu Bilbon, kalean.
“Mitoaroa III” ikuskizun “futurista eta aldarrikatzailea” izango da
Zetak taldeak agerraldia egin du gaur Bilbon, ekainaren 19an eta 20an San Mamesen zabalduko duen ikuskizunaren zertzelada batzuk aletzeko.