Xabier Castillo 'Xeberri', Dragoi Bola telesaileko kantuaren ahotsa, zendu da
Xabier Castillo Miota Xeberri kantautore bizkaitarra hil da. 73 urte zituela zendu da istripuz, Berrizko Erroteta bere baserrian konponketa lanak egiten ari zela. Urte askoan bikoiztaile lanetan aritu zen, 'Dragoi Bola' telesailaren kantuagatik gogoratuko du batek baino gehiagok. ETB1ek eskaini zuen telesail ospetsua gazte askorentzako erreferentzia izan zen, euskalduntzeko tresna baliagarria bilakatuz.
1973an Iparragirreren kantuekin disko bat grabatzen lehenetakoa izan zen, eta 1975ean Gontzal Mendibilekin 'Bagare' edota 'Kapitalismoak' kantuak biltzen zituen 'Zaurietatik dario' disko ikonikoa grabatu zuen.
Robert Reford eta Antonio Banderas aktoreei eta Garfield edo Yamcha marrazki bizidunei ahotsa jarri zien.
Gontzal Mendibil Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan heriotzagatik "pena, pena" azaldu du. "Gaur goizean enteratu naiz, banekien nahiko makal zebilela, baina sekula ez duzu halakorik itxaroten", adierazi du.
"Bera joan zaigu, baina kantuak hemen geratzen dira", azpimarratu du musikariak. 'Zaurietatik dario" diskoaren 25.000 kopia saldu zituzten. "Gabon ostean atera zen, Durangoko Azokara ezin garaiz iritsi, baina kantaldiak egunero genituen", nabarmendu du Mendibilek. "Ni bikoiztaile bezala bi urte lan egin nituen, nik gero utzi nuen", gogorarazi du.
Xabier Castillo Xeberri-ren aldeko hileta-elizkizuna larunbat honetan Durangoko Santa Ana parrokian egingo dute, 19:00etan.
Zure interesekoa izan daiteke
Korrontzik 80 dantza talde batuko ditu otsailean BECen
Azkena Rock Festivalek Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilcoren eskutik ospatuko du 25. urteurrena
Lau artistak Ed Sheeranen bira utzi dute Macklemoreri elkartasuna adierazteko