Imanol, "ahots basatitik, belusezko ahotseraino"
Denboraren galbahea pasatuta ere, eztarrian korapiloa egiten zaio Imanol Larzabali (1947-2004) buruz hizketan hasten denean. Lagun mina izateaz gain, dozenaka lan partekatu zituen abeslari donostiarrarekin Felipe Juaristi idazle eta kazetariak. Hitzez azaldu ezin duen arrastoa utzi ziola dio, pertsona zein sortzaile modura. "Bizitza maite zuen, eta bizitzen gozatzen zuen, musikaren bidez sentimenduen atlasa marraztu nahian". Hala gogoratzen du Juaristik gaur 75 urte jaio zen musikaria.
Imanolen bizitzaren errepaso xumea egin du kazetariak, "hasierako Imanol basati hartatik, belusezko ahotsa zuen Imanoleraino". Alde batetik besterako bidean egindako lana goratu du, "miraria dirudienaren atzean, orduak eta orduak zeudelako". Zahartzen ez zen "ahots berdingabe baten jabe" izanda ere, "ahotsaren bilaketa" izan zuelako obsesio.
Poesia musikatzeko ere dohain pribilegiatua zuela azaldu du kazetari azkoitiarrak. "Mundu osoko musika entzuten zuen, eta bere doinuetan printza horiek oso nabarmenak ziren", gehitu du.
Bere poz eta bere minekin ekarri du gogora Imanol. "ETAren indarkeria publikoki gaitzetsi zuenean, bere burua bakarrik ikusi zuen. Babes handiagoa izan balu, ez zen joango Euskal Herritik. Publikoa galdu zuen, eta egoera hartan, ezin zuen ezer egin", adierazi du.
Hogei disko baino gehiago grabatu zituen Imanolek. Kantugintza politiko eta sozialekin hasi, kantutegi tradizionalarekin jarraitu eta olerkigintza unibertsala jorratzeraino. Orain, Elkar argitaletxeak "Imanol: Kantatzen du kantuz" disko-liburua plazaratu du Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. 40 abesti bildu dituzten antologian, Elixabete Garmendia kazetariak, Karlos Gimenez piano joleak, Angel Valdes ekoizleak eta Felipe Juaristi berak hartu dute parte, testu eta olerkiekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Alejandro Espinosa, pianoen doinua zaintzen duen profesionala
BIMEk musika arloko ehunka profesional bildu, eta 70 kontzertu eskainiko ditu Bilbon
Honela trebatzen dira kantu klasikoko belaunaldi berriak Donostiako Musikene zentroan
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da