Ben Affleck aktoreak 'Argo' lan berria aurkeztuko du Zinemaldian
Ben Affleck zuzendari eta aktoreak Argo film berria aurkeztuko du Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioan. Alan Arkin eta John Goodman aktoreekin batera, Donostian izango da Affleck, zuzendu berri duen lana lehiaketaz kanpo Sail Ofizialean aurkezteko.
Atzo bertan jakin genuen Richard Gere eta Susan Sarandon aktorea ezagunak ere Donostian izango direla aurten.
Benetako istorio batean oinarrituta dago Argo: 1979ko Irango Iraultzan, iraultzaileek AEBen Teherango enbaxadari eraso egin zioten, eta AEBetako 52 herritar hartu zituzten preso. Horietako seik ihes egin eta Kanadako enbaxadorearen etxean babes hartu zuten.
Affleckekin batera, John Goodman eta Alan Arkin aktoreek ere hartu dute parte filmean. Azken horrek bigarren mailako gizonezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen Little Miss Sunshine filmean egindako lanagatik.
Ben Affleckek zuzendu duen hirugarren pelikula da Argo (Gone Baby, Gone eta The Town lanen ondoren), eta George Clooneyrekin eta Grant Heslovekin ekoitzi du.
Zinemaldian aurkeztu ondoren, urriaren 26an estreinatuko dute Estatu mailan.
Zure interesekoa izan daiteke
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da