“Nomadland” nagusi, Oscarren gauean
"Nomadland" filmak irabazi du pelikula onenaren Oscar saria, Hollywoodeko Zinema Akademiaren sarien 93. edizioan.
Chloé Zhao nomada gisa bizi diren estatubatuarrei buruzko film horren zuzendariak irabazi du, gainera, zuzendari onenaren saria, eta historia egin du horrela, ia ehun urteko historian sari hori eraman duen bigarren emakumea baita, Kathryn Bigelowk 2010ean irabazi eta gero. Hori gutxi ez, eta Frances McDormand "Nomadland"en protagonistak emakumezko aktore protagonista onenaren saria eraman du, bere ibilbideko hirugarrena "Fargo" eta "Three Billboards Outside Ebbing, Missouri" lanengatik eraman zituenen ondoren.
Kapitalismoaren hondarrak, aberastasunaren banaketa bidegabearen ajeak, erakusten dituen lanaren zuzendariak filmak irudikatzen duen eta filmatze lanetan egindako bidaia luzeetan ezagutu zuen nomaden komunitateari eskaini dio saria. “Eskerrik asko erresilentziaren eta itxaropenaren balioa irakasteagatik eta benetako ontasuna zer den gogorarazteagatik”, adierazi du Pekinen jaiotako zinemagileak ezohikoa galan egin duen hitzaldian.
Interpretazio arloan, Anthony Hopkinsek eraman du gizonezko aktore onenaren saria, "The father" lanean egindako paper hunkigarriagatik. Hopkinsek ez du galan parte hartu; ez du, beraz, “Bildotsen isiltasuna”gatik 1991n lortutakoaren ondoren bigarren Oscar saria duena aurrez aurre hartu. Halere, Hollywoodeko Akademiak saritu duen aktore nagusiena da gaurdanik, 83 urte baititu.
Bigarren mailako aktoreen ataletan, sariak Youn Yuh-jung "Minari"ko amamarentzat eta Daniel Kaluuya "Judas and the Black Messiah"n Fred Hampton Pantera Beltzen buruarena egiten duen britainiar aktorearentzat izan dira. Hegokorear aktoreak oso hunkituta jaso du estatuatxoa Brad Pitten eskuetatik, eta harrituta agertu da besteak beste Glenn Close lehiakideei gailendu zaiolako.
Close izan da, hain zuzen ere, gaueko protagonistetako bat, dantza harrigarri bati ekin baitio ustekabean, galaren erritmoa gainbehera zihoan une batean Lil Rel Howery umorista zur eta lur utzita. Umorez hartu du inork bete nahiko ez lukeen marka bat hautsi izana: Peter O'Toole berdindu du inoiz irabazi gabe izendapen gehien, zortzi, bildu dituzten aktoreen zerrendan.
Sariak, ia guztientzat
"Nomadland"ek atal nagusietan erakutsitako nagusitasunaz haraindi, sariak nahiko banatuta gelditu dira, eta gidoiaren arloan, berbarako, "Promising Young Woman"ek jatorrizko gidoi onenaren saria irabazi du eta "The father"ek gidoi egokitu onenarena.
Bestalde, "Soul"ek Pixarren lidergoa berretsi du animaziozko film onenaren atalean, eta "Druk" Thomas Vinterbergen danimarkar pelikulak irabazi du atzerriko film onenaren saria.
Sariak irabazi dituzte, halaber, "Sound of Metal"ek (editatze eta soinu onenak) eta "Mank"ek guztira izendapen gehien, hamar, bildu zituen lana, zeinak azkenean bi estatuatxo bereganatu dituen, argazkilaritza ekoizpen eta diseinu onenenak.
Gaueko porrot zaratatsuena Aaron Sorkinena izan da: "The Trial of the Chicago 7"ek sei izendapen jaso zituen, baina esku-hutsik bukatu du gaua.
"Hala-holako gala"
Pandemiari itzuri egin behar zion Oscarren galak jakin-min handia piztu du aste osoan zehar, baina aurten ohi baino bi hilabete geroago iritsi den galak ez du erritmo handirik izan, iraun duen hiru orduetan.
Oscarren arduradunek gala ezberdina izango zela aurreratu zuten, baina agertokia eta aforoa izan dira aurtengo aldaketa bakarrak, Dolby antzokian urtero izaten diren 3.000 pertsonen aldean, 170 gonbidatu izan baitira aurten.
Steven Soderbergh Hollywoodeko Akademiaren gala diseinatzeko ardura izan duen zinemagileak gaualdi neurtu eta zurrunegia proposatu du, eta apenas utzi dion tarterik bat-batekotasunari.
Glenn Closek “Da Butt” funkyaren erritmora egindako dantza mugitua izan da publikoaren barrea atera duen une apurretakoa, Yuh-Jung Youn “Minari”ko aktorearen esker oneko solasaldiarekin batera.
Agertokira sartu eta berehala, 73 urteko hegokorearrak esan du “oso pozik” zegoela Brad Pitt saria emateko arduraduna ezagutzeaz, nahiz eta estatubatuar aktoreak bere izena txarto esan. “Baina gaur gauean denok zaudete barkatuta”, gehitu du.
Frances McDormandek ere ahoa bate hortz utzi du publikoa, “Nomadland”en egindako lanak ekarri dion saria jasotzera igo denean, ulu eginda: “Ikusi “Nomadland” eta gainerako izendatu guztiak ahalik eta pantaila handienean”, eskatu dio gero publikoari.
Kritikak, Poliziaren indarkeriari
Regina King Oscarren galan ikusi den lehen pertsona izan da, eta agertu eta minutu gutxira hartu du hizpide AEBko polizia indarkeria, geroago Travon Freek, Tyler Perryk, H.E.R.-ek eta beste irabazle batzuek egin duten ber gisan.
“Urte izugarria izan da, eta erdialdean gaude oraindik. Eta zintzoa izan nahi dut: “Joan den astean Minneapolisen gauzak beste modu batera irten izan balira, takoien ordez protestarako botak izango nituen jantzita agian”, adierazi du Kingek George Floyd hil zuen poliziaren aurkako epaiketari buruz.
Zure interesekoa izan daiteke
Aitor Gabilondok torturari buruzko film bat zuzenduko du
Patria seriearen sortzaileak “kontakizuna osatzeko beharra” sentitzen du, “serieak zorretan nagoela sentiarazi eta gero”. EITB proiektuan parte hartzen ari da.
Petrus me fecit, Helena lapidem meum reflexa est
Zorteak zera eman dio Petrus zinema piezari: testura ezberdin bat, bene-benetakoa, plantak egiten ez dituena.
"Ander eta Yul" filma zaharberritu dute EITBk eta Euskadiko Filmategiak
Ana Diez zuzendari nafarraren Ander eta Yul (1988) filma zaharberritu dute Euskadiko Filmategiak eta EITBk. Boloniako Zinematekaren menpeko L’Immagine Ritrovata laborategietan aztertu eta eskuz konpondu dute, aurretik, besteak beste, Tasio filmarekin egin zen moduan
Oliver Laxek instalazio bat erakutsiko du Tabakaleran
"HU/هُو.Bailad como si nadie os viera" instalazioak Sirāt filmaren sorkuntza prozesua, ikerketa lana eta grabazioak ditu oinarri. Uztailaren 16an aurkeztuko du Laxek bera, Donostian.
Nouvelles Vagues jaialdiak izarren dirdira piztuko du Biarritzen
Biarrizko zinema jaialdiaren 4. edizioa ekainaren 23tik 28ra egingo dute kostaldeko hirian. Kristen Stewart zuzendari eta aktorea izango da epaimahaiko burua, eta Los Javisek, Xavier Dolanek, Monica Belluccik, Marion Cotillardek eta Isabelle Huppertek parte hartuko dute.
Zinegoak LGTBQ+ jaialdiak 40 film baino gehiago izango ditu Sail Ofizialean
Ekainaren 22tik 29ra bitartean egingo den Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 40 film baino gehiago izango ditu Sail Ofizialean. Gainera, kulturarekin eta sexu-, identitate- eta genero-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera baino gehiagorekin beteko du Bilbao.
Zinemaren Jaia, Hegoaldeko zinema aretoetan bueltan
Ekainaren 8tik 11ra, 3,5 eurokoa izango da zinemarako sarreren prezioa. Ipar Euskal Herrian, Fête du Cinéma ekainaren 28tik uztailaren 1era izango da.
Aurtengo Kimuak katalogoko film laburrak aukeratu dituzte
Zazpi film labur hauek hautatu dituzte euskal film laburrak sustatu eta zabaltzeko: ‘Aho beltza' (Alba Lozano), 'Al otro lado' (Pablo Esteo, June San Sebastián, Leyre Fernández, Antton Gorroño, Leire Martínez, Irune Aguirreazaldegui eta Javier Martínez), 'Bitartean, gero' (Raúl Barreras), 'Hemen gaude' (Sébastien Boulard), 'High River' (Daniel Alegrete), 'Joare Tte' (Ekaitz Bertiz) eta 'Los Divulgators' (Pablo Hernando Esquisabel).
“Tamara ta Mara” euskarazko fikziozko telesail berria estreinatu dute Primeran plataforman
“Tamara ta Mara” umorez beteriko euskarazko fikziozko telesaila da, komedia zoro eta feminista bat. EITBren ‘Formatu txikiak, Talentu berriak’ deialdiaren barruan garatu den bigarren telesaila da. Bilboko Azkuna Zentroan estreinatu ostean, Primeran plataforman dago jada ikusgai.
Cannes, ispilu beltz murgiltzailean
Eta zeren bitartez sorgintzen gaituzte Carltonen Méliès aztiaren ondorengo sortzaile-teknologoek? Errealitate birtualarekin, errealitate areagotuarekin, erreala ez den errealitatearekin, errealitate mistoarekin, existitzen ez diren arren gure begi betaurrekodunen aurrean forma hartzen duten ikuskizun paregabeekin.