Victor Iriarte: "Arriskuak hartzen dituen zinema atsegin dut, bere erremintak erabiltzen dakiena"
Zinemak bizi du Victor Iriarte (Bilbo, 1976). Zuzendari gisa ez ezik (Wrócic/Volver, Decir adiós, El mar, Invisble film luzea…), zuzendaritza laguntzaile (Cravan vs Cravan, Isaki Lacuestaren lehen film luzea) eta argazki zuzendari gisa (Buenas noches, España Raya Martinen filma) ere egin du lan, sormenezko zinema dokumentalari buruzko masterra egin zuen Pompeu Fabra Unibertsitatean (Bartzelona), Tabakalera Kultura Garaikideko Donostiako Nazioarteko Zentroaren zinema programazioaren zuzendaria izan da, Elias Querejeta Zinema Eskolaren zuzendaritza akademikoko kidea da, Kataluniako Zinema Akademiako kidea da 2024tik eta Donostiako Zinemaldiko hautespen batzordean parte hartzen du 2016tik.
Bere-berea duen jaialdi honetan bertan, Egile Berriak saria jasoko du Iriartek irailaren 24an Euskal Zinemaren Gala Handian (19:30ean izango da, eta 22:50ean emango dute ETB2k eta eitb.eus-ek). Euskal Herrian jaiotako edo errotutako zuzendariek jasotzen dituzte golardo hori, betiere hiru film baino gutxiago zuzendu badituzte.
Estibaliz Urresola (20.000 especies de abejas) sariaren lehen irabazlearen lekukoa hartuko du Iriartek, horrela, 2023ko irailean Veneziako nazioarteko zinema jaialdiko Giornate degli Autori sailean Sobre todo de noche bere bigarren film luzea aurkeztu eta urtebetera. Nazioarteko 60 jaialditara hedatu zen ordu ezkero EITBren parte-hartzea duen filma.
Pelikula noiz argitsu noiz iluna da Sobre todo de noche, drama epistolar bilakatzen den thrillerra, hiru pertsonaiari begira eta horiei hitza emanda frankismoko ume lapurtuen afera mingarria ere agerrarazten duena. 18 urte betetzear den semeak (Manuel Egozkue) eta haren ama biologikoak (Lola Dueñas) eta ama adoptatzaileak (Ana Torrent) osatzen duten hirukia.
Iriarterekin hitz egin dugu.
Zer piztu dizu Egile Berriak saria jasoko duzula jakiteak?
Alaigarria da, eta bultzada oso handia nire proiektu berrietarako. Filmaren nazioarteko ibilbidea amaitzen ari da aste hauetan, Frantziako eta Portugalgo zinema aretoetan estreinatuta, eta hurrengo aro batera pasatzen ari naiz, apurka-apurka.
Horregatik, EITBk sariaren berri emateko deitzea ustekabe handia izan zen, bueltako bidean harrapatu baikaitu horrelako pelikula bat altxatzeko lan handia egin eta esperientzia bizi ondoren.
Eta eskertzen dut saria telebista publiko batek ematea, etxeko telebistak, eta egile berri batentzako saria izatea ere bai, nire ustez arlo publikoak dibertsitatea babestu behar baitu eta bertako eta Estatuko industria aintzat hartu ez ezik bide berriak urratzen dituen eta nazioarte mailan arrastoa uzten duen zinema mota bat.
Road trip moduko bat ere baden film honen bidaia Veneziako Mostran hasi zen, duela urtebete, eta mundu osoko jaialdietara eraman zaitu, Sao Paulo eta Mumbaira zein Habana eta Taipeira. Nola bizi izan duzu etapa hau?
Jaialdiak dira oraindik ere erakusleihorik onenak mundu zabaleko publikoengana iritsi nahi duen pelikula batentzat. Eta nazioarte mailako bira handi bat egiteko parada izan dugu, ospe handiko toki askotan aurkezteko, hala nola Moma New Yorkeko museoa eta, ondo esan duzun bezala, Habanako aretoak. Zoragarriak dira, emanaldiak bete eta pantailarekin elkarrizketan ari den publiko biziz beteak.
Publikoekiko topaketa horietan ulertzen du egileak behin betiko nolako pelikula egin duen. Prozesuan zehar, abiadura biziegian aritzen gara, eta pelikula burutu arte, partekatzen hasten zaren arte, ez duzu ulertzen zer lan egin duzun; orduan hasten zara egin duzun lanean sakontzen. Publikoak galderak egiteari ekiten dio, eta orduan berresten da argi eta garbi zinemagintzaren mintzaira oso indartsua dela oraindik istorioak kontatzeko arte popular gisa, horren mintzaira unibertsala baita, horren emozioa unibertsala baita. Izugarri polita da hori bizitzea.
Hautespen batzordeko kide gisa duzun ikuspegitik, zer ezaugarri bereizgarri ditu Donostiako Zinemaldiak jaialdien panorama orokorraren barruan?
Europako jaialdien familiaren ekitaldi handietan laugarrena da Zinemaldia. Berlin neguan, Cannes udaberrian, Venezia udan eta Zinemaldia udazkena abiatzeko.
Ehunka jaialdi daude munduan, milaka esango nuke, baina Zinemaldiak nortasun eta ospe argiak bereganatu ditu urterik urte, hirurogei eta hamar urtean baino gehiagoan.
Nik Zinemaldiko sailen dibertsitatea azpimarratuko nuke, zineman mundu mailan gertatzen ari denaren argazki zabala jasotzen baitute: nazioarteko estreinu ospetsuak Sail Ofizialean, Latinoamerikako zinemaren gaineko arreta Horizontes Latinosen, autoreen itzala nabarmenago jasotzen duten proposamenak Zabaltegin, talentu berrien gaineko interesa New Directorsen eta atzerabegirako klasikoak.
Zinema jaialdi batek iraganari eta etorkizunari begiratu behar die aldi berean, eta Zinemaldiak hori egiten du, dimentsio humano, gertuko eta popular batean, hiriari eta lurraldeari sendo lotuta.
Nola egiten du bere lana, maila praktikoan, Zinemaldiko hautespen batzordeko kide batek? Zer bilatzen duzu film batean edo zer eskaini behar dizu jaialdirako hautagai gisa proposatzeko?
Urte osoko gure lana pelikulak ikustea da, pentsatzea, txostenak idaztea eta batzordeko gainerako kideekin eta Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariarekin eztabaidatzea zein lan sar litezkeen gure jaialdian.
Kontua ez da film bat gustatu ote zaigun esatea (gure gustua ez da garrantzitsuena, kasu honetan), ezpada geure buruari galdetzea pelikula horrek zer ekarpen egin diezaiokeen jaialdiari; orduan eztabaidatzen dugu sailei buruz, herrialdeei buruz, proposamenaren funts eta formari buruz, autorearen begiradari buruz eta abar.
Jaialdietara joaten gara, eta Madrilgo eta Bartzelonako aretoetara sortze prozesuan dauden proiektuak ikustera, urtean zehar Tabakalerako aretoetan ikusten ditugun hainbat pelikula jasotzen ditugu eta esteka asko iristen zaizkigu. Gaur egun, ezinbesteko tresnak ditugu estekak eta ordenagailuak. Ikusgai eta eztabaidagai izaten dugun hori guztia datu base batean gordetzen dugu, urte osoan zehar jaialdiaren bihotza izaten den horretan. Hortik aurrera, pelikulen eboluzioen berri izaten dugu informazioa osatzen jarduten den departamentu bati esker.
Lan eskerga da, eta ikusle profesional gisara sasoi betean egotera behartzen zaitu.
Elias Querejeta Zinema Eskolako zuzendaritza akademikoan aritzen zarenez gero, nola ikusten duzu zinemagintzaren orainaldi eta etorkizun hurbila? Zein dira hemen eta orain zinemagile berriek dituzten ahalmen handienak eta arrisku hurbilenak?
Oso galdera konplexu eta zaila da labur erantzuteko. Ni baikorra naiz, eta urtero aurkitzen ditut mintzaira zinematografikoa berritu eta gaurkotzen doazen pelikulak, zinema bere jatorriarekin lotzen eta forma berriak proposatzen dituztenak. Arriskuak hartzen dituen zinema gustatzen zait, bere iraganari begiratzen diona, istorioak kontatzen dakiena, bere tresnak erabiltzen dakiena: erritmoa, argia, kontakizunaren arkitektura, erretratua, pertsonaiak, elipsiak, distantziak, begiradak…
Zinemagile gisa ona da langai duzun horren testuingurua ezagutzea: industria, dirulaguntzak, nazioarteko foroak, koprodukzioak egiteko aukerak eta abar. Baina hori lantaldeko ekoizle on batek eman diezazuke askotan; garrantzitsuagoa da, beraz, zinema zergatik egin nahi duzun jakitea, zer kontatu nahi duzun eta nola egin nahi duzun hori. Horri poetika bat gehitzen badiogu, hortxe dugu formula sekretua.
Eta azken kontu bat: lan kolektiboa da zinema. Lantalde bakoitzarekin gehitzen joatea da kontua, lantalde bakoitzeko arduradunarekin, ekoizpen mailako erabaki bakoitzarekin, lankidetza artistiko bakoitzarekin. Zinemagile berri batek taldeko lan hori ezagutu, ulertu, bere egin eta zuzentzen jakin behar du.
Zer etorkizun opa diozu edo aurreikusten diozu Victor Iriarte zinemagileari?
Zinemagile gisara, nire hurrengo film luzea prestatzen ari naiz. Euskadiren, Kataluniaren eta Frantziaren arteko koprodukzio gisa abiatu da, eta Latinoamerikako eta Asiako koprodukzio ere bihurtu da gero. Valerie Delpierre Inicia Filmsekoarekin (Bartzelona) eta Andrea Queralt 4A4 Filmsekoarekin (Paris) lanean ari naiz dagoeneko.
Sobre todo de nocheren esperientziaren ondoren, lan hori nazioarte mailako zirkuituan erakutsi eta Frantziako zinema areto komertzialetan 30.000 ikusle baino gehiago bildu eta gero, konfiantza dut erakundeek proiektu berri honetan lagunduko digutela, idazketa fasetik garapen eta ekoizpenera arte.
Izan ere, zinema lan kolektiboa dela esaten dudanean, laguntza publikoengatik ere esaten dut: laguntza hori behar dugu, filma hemen egiten denaren bozgorailu eta zigilua ere baita, gure industriarena eta gure talentuarena.
Pelikula baten balio kultural eta sinbolikoa identitate jakin bat, zinemaren aldeko politika publiko bat, partekatzeko modu bat ere bada. Hori da maila kolektiboan lan egitea, hori da ekoizpen kolektiboak egitea. Eta hori nahi dut: sormen mailako laguntza, ekoizpen mailako laguntza eta erakundeen babesa ahalik eta filmik onena egiteko eta gero erakusteko, ahalik eta baldintza onenetan ahalik eta publiko zabal eta askotarikoari.
Zure interesekoa izan daiteke
Werner Herzog, Donostia saria
Zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktore alemaniarrari Zinemaldiko ohorezko sari ospetsuenetako bat emango diote. Herzogek inaugurazio-ekitaldian jasoko du saria, eta bere azken filma aurkeztuko du: Bucking Fastard.
Manolo Solo espainiar aktorea hil da
Andaluziar aktoreak, "Cerrar los ojos" eta "Una quinta portuguesa" flimen protagonistak, 62 urte zituen.
Hamalau zinemagilek beren lehen edo bigarren filmak aurkeztuko dituzte New Directorsen
Javier Giner barakaldar zuzendariak “Esta soledad” bere estreinako pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren atal honetan.
Eta sirenek kantu ez bazuten egin?!
Sirenen isiltasunaren kontra (edo alde) egin behar izan zuten borroka The Odissey filmaren musikaz arduratu zirenek, Suedian jaiotako Ludwig Göransson musikari hiru Oscar sariduna buru zela. Erabaki sendoak, ezin utzizkoak hartu zituzten. Lehengo eta kasik garrantzi handienetakoa: orkestrarik ez zen izango.
Urriaren 9an iritsiko da zinemetara “Inurri itsuak” Igor Legarretaren filma
Euskarazko pelikulak Ramiro Pinillaren eleberri bat du oinarri, eta antzeztaldea Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santosek osatzen dute.
Pablo Larrain, Mike Leigh eta Yesim Ustaoglu lehiatuko dira Donostiako Urrezko Maskorra lortzeko
Zinemagile horien film luze berriak Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira, Nicole Garcia, Maha Harada, Hans Petter Moland eta Benjamín Naishtaten azken lanekin batera.
Ione Hernandezen "Hermanas" filma Torontoko zinema jaialdian estreinatuko da
Pelikulak EITBren babesa du, eta Bizkaiko eta Madrilgo hainbat tokitan filmatu dute. Elena Anaya eta Emma Suarez aktoreak dira protagonistak.
Mikel Gurrea, Koldo Almandoz eta David Perez Sañudoren film berrienak Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira
“Sants” Mikel Gurrearen filma Urrezko Maskorrerako lehian arituko da Donostiako zinema jaialdian, eta “Azken agurra” Almandozena eta “Sacamantecas” Perez Sañudorena, biak ere euskarakoak, lehiatik kanpo ikusiko dira. Zinemaldiak 74. edizioan pantailaratuko dituen hainbat euskal film aurkeztu ditu, Madrilen.
Oliver Laxe, Tabakaleran, "HU, egin dantza inor begira ez balego bezala" proposamenarekin
Sirāt eta O que arde filmen zuzendariak aurkeztu du, Donostiako zentroan, urriaren 12ra arte ikusgai egongo den erakusketa. Jatorriz Reina Sofía Museorako sortua, instalazioak artistaren azken hamar urteetako filmazioak ditu abiapuntu, Sirāt film sarituaren unibertso bisualarekin lotura dutenak.
Ontziratu al ziren Fuchs anaiak "Winnipeg" barkuan?
Jakina fuchstarrak ez zirela itsasontziratu 2.500 iheslari Espainiako Gerraren osteko krudelkeriatik urrundu zituen Winnipeg barkuan.