Tabakalerak “Urrearen Kimera” filmaren bertsio zaharberritu bat estreinatuko du
Charles Chaplinen pelikula 4K kalitatean itzuliko da pantaila handira ostegunean, ekainak 26, berorren estreinaren mendeurrena ospatzeko.
"Urrearen Kimera"k 100 urte bete ditu
Tabakalerako zinema aretoa "Urrearen Kimera" (“The golden rush”) Charles Chaplinen filmaren nazioarteko berrestreinaldia proiektatuko duen pantailetako bat izango da ekainaren 26an, ostegunarekin. 4K kalitatean itzuliko da lana nazioarteko zinema aukeratu batzuetara, Los Angeleseko Antzoki Egiptoarrean estreinatu zuteneko mendeurrena ospatzeko.
70 herrialdetik gorako 250 zinemak baino gehiagok hartuko dute parte ekimen honetan, Canneseko 78. zinema jaialdiko Cannes Classics saila inauguratu zuen bertsio zaharberritua programatuz.
Zaharberritzea mk2 Films, Cineteca di Bologna, L'Immagine Ritrovata eta Roy Exporten arteko lankidetzari esker egin ahal izan da, BFI, Filmoteca de Catalunya, MoMA eta izen handiko beste zenbait artxiboren materialekin.
Proiekzioa Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean antolatu dute, Tabakaleraren 10. urteurreneko ospakizunen barruan. Sarrera batzuk daude oraindik, 4 euroan.