Koldo Almandoz: “Egun, zinean, ikuslea domatzea da helburua”
Denok merezi omen dugu azken agur bat, bizitzako keria eta inguruabar guztiak gorabehera. Hori esaten du pertsonaia batek, halako batean, Azken agurra Koldo Almandoz zuzendariaren (Donostia, 1973) hirugarren film luzean. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean emanaldi berezi gisa erakutsiko da EITBren parte hartzea duen euskarazko lana, pelikula fin, humanista, estetiko, sakon, zorrotz eta zintzoa.
Zinemari eta munduari begiratzeko Almandozen modua dario Azken agurrari, eta nabari da, hortaz, ikuslearen inteligentziarekiko eta pertsonaienganako errespetua ere, Oreina film luzean, Narcisso film laburrean edo Hondar ahoak eta Zeru ahoak telesailetan ikusi genuen bezala; kontraesanak ez dira saihesten, ezpada sakondu egiten da berorietan, eta ezer ez da beltz edo zuri.
Almandozekin hitz egin dugu, berehala aberasteko irrikan dagoen baina mobileko doinu gisa “Internazionala” duen pertsonaia bat, aita trakets, “ekintzaile” kaotiko, ameslari arduragabe eta antiheroi kontraesankor bat, protagonista duen filmaz.
Istorioak, tonuak, pertsonaia jakin batek… Zer kezka edo burutaziok abiatu zuen Azken agurra filma egiteko bidea?
Gizon heldu garaikideon miseria txikietatik sortu zen. Urteak pasatu ahala, frustrazio txiki edo handiz betetzen joaten da gure bizitza. Espektatibak ez dira bete, edo eta badakigu ez direla beteko. Eta gehienetan gure erruagatik izaten da. Ezin diogu kulpa inori bota, are gutxiago patriarkatuari.
Halako errealitate batez hitz egiteko, gai unibertsal bat behar nuen. Eta tonu eta kontestu bat, originala eta aukerak eskainiko zituena. Une batean edo bestean, guztiok pasatzen dugu heriotzaren eta doluaren esperientzia. Unibertso berezi bat ere sortzen da horren inguruan, eta istorioa kontatzeko egokia dela uste dut, heriotzaz hitz egiten denean, benetan, bizitzaz hitz egiten delako.
Ertzak, bazterrak, dira pelikularen ardatza, zure beste film batzuetan izan diren bezala: sotoak, “galtzaileak”, industrialdeak, lineako autobusak, auto tuneatuak... Nola eta zer asmorekin ekartzen dituzu ertz edo ertzeko horiek erdigunera zure zineman eta nola eta zer asmorekin janzten dituzu klixetik haratago?
Zine mundua oso gezurtia delako eta itxurakeria horren kontra borrokatu behar delako. Nik ez dut zine soziala egiten. Zine soziala tranpa izugarria da. Zine munduak ezin du ezeren aurrean leziorik eman, banitatez eta gezurrez beteta dagoelako. Edozein gai sozial hartu eta bere interesetara makurtzen du. Zinea egiten dugunok pribilegiatu batzuk gara, eta horrekin nahikoa ez, eta askatasun eta guayismoaren eredu bihurtu nahi izaten dugu gure lan eta diskurtsoekin.
Nire pelikulek leku eta jende normalaz hitz egiten dute: nire lagunez, etsaiez, familiaz, bizilagunez, lankideez... ikusten dudan munduaz. Ez dira bazterreko jendea. Jende normala dira. Bazterrekoak zine munduan eta ustezko “kulturaren elitean” murgilduta bizi garenak gara.
Zure zineman ez dago beldurrik ikuslea grisetan sartzeko eta erreferentzia eta autoerreferentzien bidez sakontzeko, ikuslea erosotasunetik ateratzeko. Denontzako moduko pelikula bat da Azken agurra?
Nik idatzitako proiektuak zuzentzen ditudanean, neuretzat egiten ditut. Hau da, nik ikusle gisa gustuko izango nukeen pelikula bat daukat beti buruan. Baina esango nuke denontzako moduko filmak egiten ditudala, nire pelikula batek, gustatu ala ez, ikuslearen inteligentzia errespetatzen duelako beti.
Egun, zinean (kulturan, oro har), ikuslea domatzea da helburua. Pelikula konbentzionala egitea bihurtu da helburua. Zine munduko agente ezberdinentzat, zinemaldiak barne, pelikula konbentzional eta geroz eta garestiagoak egitea da arrakasta, entretenimendua eskaintzen dutenak eta irrati eta komunikabideen tertulietan hizpide izango direnak. Horrek ematen die bat-bateko dirdira eta errendimendu ekonomikoa, besteak beste.
Niri zine (kultura) panfletarioa ez zait interesatzen. Horrek ez du esan nahi ez dudanik interesik gai sozial eta politikoetan, baina eskatzen diet, nire lanei eta besteen lanei, hori guztia modu inteligente eta sotilean egiten saiatzea. Zerbait berria irakatsi, erakutsi eta sentiaraztea. Arrastoa uztea.
Nola eraikitzen duzu pelikularen oinarria, gero zeure buruari horren gainean derrapatzeko aukera emateko eta ikuslea ez dakizun zorabiatu derrapatze horretan, dibertsio horretan lagun diezazun?
Zuk diozun derrapatze hori –gustatu zait kontzeptua– da niri pelikula bat egiteaz gehien gustatzen zaidana. Azken finean, zinearen lengoaia erabiltzea da.
Egun gailendu den plano-kontraplanoko zine intentso hori ez zait batere interesatzen. Zine hizkuntzaren aukerak zukutu eta muturrera eramatea atsegin dut, arriskuak hartzea. Proiektu batean gutxienez bi urte pasatu behar baditut, ezinbestekoa zait gidoiak eta ideiak eraldatzeko eta apur bat dibertitzeko espazioa.
Ikusleari nire mundua eta nire erreferentzialtasuna eskaintzen dizkiot. Zer beste daukat nik, bada, eskaintzeko? Demagun Virginie Despentesen liburu bat irakurtzen dudala. Liburuan, gustatu ala ez, idazlearen mundua eta erreferentzialtasuna nahi ditut. Bestela, albistegietako aurkezleek idazten dituzten nobela horietako bat irakurriko nukeen.
Musika oso presente dago filmean, zure beste lan batzuetan baino dezente gehiago, eta oso landua dago horren erabilera. Nolakoa izan da lan hori Aitor Etxebarriarekin?
Film honetan lan asko, proba asko eta joan-etorri asko dago. Kostatu zaigu musika kontzeptua topatzea. Aitorren zoritxarrerako, niri asko gustatzen zait musikaren sorkuntza eta “tikismikis” samarra izan naiteke. Nire zorionerako, Aitorri hasieratik lanean egotea gustatzen zaio. Pelikulan asko inplikatzen da eta nire ezezkoak desafio eta motibazio iturri gisa hartzen ditu. Ez du amore ematen, ez da konformatzen, ez du beldurrik.
Pelikula filmatu aurretik dago presente Aitorren parte hartzea. Egiten duen musikak liluratzen nau, eta egiteko moduak ere bai. Elkarrekin exijenteak eta aldi berean eskuzabalak gara. Eta zine munduan hori ondo eramatea zaila da.
Sipo phantasma zure filmaren eta Azken agurraren artean lotura estu bat dago. Zer gertatzen zaizu gurutzaldiekin?
Kruzeroak egungo bizitza eta gizartearen metafora perfektua dira. Kruzeroak gure mundu eta errealitatearen destilatu bat dira. Unibertso kontzentratuak beren gizarte, ekonomia, kultura, politika, lege, administrazio, arkitektura eta nahi dituzun abar guztiekin.
Tesi oso bat azaldu ahalko nuke kruzeroen inguruan, baina nahikoa txapa sartu dut honezkero. Ohar bat: askotan ahazten zaigu kruzero baten gidaritzan Schettino kapitaina egoten dela…
Zinemaldian estreinatuko da pelikula. Zer toki ezartzen diozu Zinemaldiari euskal zinemaren ekosisteman?
Espainiako nazioarteko zine jaialdi nagusia da Zinemaldia. Eta guk presentzia izaten dugun arren, askotan presentzia hori nolabaiteko kupoa betetzeko izaten da. Nire ustez, Zinemaldia sostengatzen duten euskal instituzioek indar gehiago egin beharko lukete gure zinea bertan ondo zaintzeko. Baina ba al dago horretarako gaitasunik? Zer da “gure zinea”? Betiko hitz-aspertuak.
Eskatzen diozu ezer Maialen Belokik gidatuko duen aro berrian?
Zinemaldia interes ezberdin askoren presiopean eta berau zuzentzen duten pertsonen irizpideen arabera bizi da. Maialen Belokik ez du lan erraza parean, baina uste dut euskal zinemarekiko soilik ez, baizik eta zinema ausartago baten aldeko sentsibilitatea baduela.
Ni ez naiz inor Belokiri ezer eskatzeko, baina aro berri hori, benetako “aro berri” bihurtzeko indarra eta zortea opa dizkiot.
Zer opa diozu Azken agurrari?
Bizitza luze bat