Polizia operazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Carlos Garcia Preciado ETAko kidea atxilotu dute Erroman

2000. urtean ihes egin zuen. Barne Ministerioak jakitera eman duenez, 16 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, kale indarkeria kasu batengatik.

Carlos Garcia Preciado ETAko kidea atxilotu dute Erroman Italiako terrorismoaren kontrako zerbitzuetako agenteek, Espainiako Poliziaren Informazio Bulegoarekin elkarlanean. Garcia Preciado 2000. urtetik zegoen ihes eginda.

Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Auzitegi Nazionalak sukurtsal baten kontrako erasoagatik jarri zion 16 urteko kartzela-zigorra du betetzeko. Halaber, talde terroristako kide izatea egotzita, Frantzian hiru urteko espetxealdia ezarri zioten, eta hori ere betetzeko du.

1997an Andoainen atxilotu zuen Espainiako Poliziak, banketxe batera molotov koktelak jaurti eta sutea eragitea egotzita. Urte horretan bertan berriro atxilotu zuten, terrorismoa egotzita, "ETAren sareko talde bat desegin" zutenean, Barne Ministerioak zehaztu duenez. Bi delitu horiengatik ezarri zion Auzitegi Nazionak 16 urteko kartzela-zigorra.

2006an, berriz, ihesean zegoela, Parisko Auzitegiak hiru urteko kartzela-zigorra ezarri zion, ETAko kide izatea leporatuta.

Sortu

Atxiloketa horren aurrean, Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak esan du "gatazkari irtenbidea emateko, espetxeak husteko politikak" behar direla, "ez horiek betetzen jarraitzeko politikak".

Barrenaren esanetan, "politikagatik zigortutako euskal herritar baten atxiloketaren albistearen aurrean gaude, berriro", eta Garcia Preciadoren atxiloketa "lekuz kanpo dago, are gehiago duela 18 urteko gertakari batzuengatik denean, inputazioa lekuko bakar baten adierazpenean oinarritu zenean, eta kalte materialengatik soilik 16 urteko kartzela-zigorra ezarri ziotenean".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X