Soriak ukatu egin du 'offshore' sozietate batean parte hartu izana
Jose Manuel Soria jarduneko Industria, Energia eta Turismoa ministroak ukatu egin du Bahametan erregistratutako 'offshore' sozietate batean inolako erantzukizunik edo parte-hartzerik izan duenik, 'Panamako paperetan' hala agertu arren.
Lanzaroten egindako agerraldian, Soriak azpimarratu du ez duela aipatu konpainian akziorik izan eta ez dela sozietate horretako bazkide, zuzendari edo administratzaile izan. Horrenbestez, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari eta Panamako Gobernuari gai hau sakonki ikertzeko eskatu die, bera eta haren anaia dokumentu horietan zergatik azaltzen diren argitzeko.
Beraz, jarduneko ministroak ?irmoki? gezurtatu du El Confidencial eta La Sexta komunikabideek gaur argitaratutako informazioa. Hedabide horien arabera, Soria UK Line izeneko sozietatearen administratzaile gisa agertzen da Panamako Mossack Fonseca abokatu-bulegoaren dokumentazioan. Enpresa hori 1995eko martxoan desegin zen.
?Ez dut inoiz espainiarra ez den enpresa batentzat lan egin; Panamarekin lotzen nauten albisteek ez dute oinarririk?, azpimarratu du Kanarietako Alderdi Popularreko presidenteak.
?UK Line enpresa hornitzaile ingelesa da, Espainiatik kanpo fruituak eta barazkiak garraiatzen dituzten ontziei portuetan zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da, eta nik enpresa horrekin ez dut inolako harremanik?, azaldu du jarduneko ministroak.
Ildo horretan, adierazi du ez duela ulertzen zergatik agertzen den bere izena 'Panamako paperetan' bi hilabetez, ezta zer dela eta azaltzen den bere anaia sozietate horren zuzendari gisa 1995tik aurrera. Galdera horiek Auzitegi Nazionalak eta Panamako agintariek argituko dituztela espero dute.
Zenbait alderdik egindako dimisio eskaeren harira, Soriak normaltzat jo ditu eskaera horiek, baina erantsi du une honetan bere ardura ?azalpen guztiak? ematea dela.
PP: "1992an, Soria ez zegoen PPn, eta lana zuen egina Carlos Solchaga ministro sozialistarekin"
Talde Popularrak Kongresuan duen bozeramaile Rafael Hernandok esan du Soriak "azalpen nahikoak" eman dituela, dagoeneko, Panamako paperetan agertu ostean; gogorarazi ere gogorarazi du 1992an, Soriaren beraren arabera akats batengatik Bahametako elkarte batean administrari inskribatu zutenean, oraindik ez zen PPko afiliatuetako bat eta lana zuen eginda, aholkulari, PSOEko Carlos Solchagaren Ekonomia eta Ogasuna Ministerioan.
Hala aseguratu du Hernandok prentsaurrekoan, Kongresuan; bertan errefusatu du Mariano Rajoy jarduneko presidenteak Kongresuan agerraldia egin behar izatea Soria eta Panamako paperen arteko erlazioaz hitz egiteko, edo polemika honen eta 2012ko amnistia fiskalaren artekoaz.
Hernandok Ciudadanosen ekimenari erantzun dio horrela; izan ere, aipatu alderdiak nahi du Rajoyk erantzutea Kongresuan gai honengatik. Ciudadanosek ezin du berak bakarrik eskatu Rajoyk Kongresuan agerraldia egitea, eta beste talde batzuen laguntza nahi du, Albert Rivera presidenteak esan duenez.
Hernandok esan du Rajoyk ez duela zertan Kongresura joan; Soriaz galdetu diotenean, aldiz, esan du auziaren gaineko informazio guztia izaten duenean aztertuko duela.
Nolanahi ere, Hernandok esan du Soriak azalpenak eman dituela, nahikoak, duela 22 urte jazotako gertakaria baten gainean: "Faltsuki diote errua duela". Hernandok esan du Riverak argudio faltsuak erabili behar izan dituela Rajoyren agerraldia eskatzeko, "dena nahastuz" eta "hainbat irizpide desberdinez" baliatuz.
Testuinguru honetan, nabarmendu du Rajoyren Gobernuak ez zuela amnistia fiskalik bultzatu, baizik eta erregularizazio bat, zeinak ekarri zituen 116.000 milioi euro; gainera, PPren neurriei esker, 2015ak marka ezarri zuen, zerga-iruzurraren aurkako borrokan.
"Albert Riveraren leziorik ez dugu onartuko"
Riverari esan dio PPk PSOEko haren bazkideek baino % 50 gehiago bildu duela, zerga-iruzurraren aurkako borrokari esker; halaber, Hernandok kritikatu du Riverak horrenbeste garrantzia ematea Panamako paperei ("duela 22 urte jazo ziren kontu hauek, eta gainera gezurra direla esan dute"), baina, era berean, Podemosi ez galdetzea "Venezuelako paperen gainean", hau da, herrialde horretako agintariek ustez Podemosen agintariei ordaindutako diruaz.
Hernandok esan du Ciudadanoseko batzuek Suitzan izan dituztela kontuak, eta autonomia-diputatu bati zerga-delitua egotzi ziotela, gero Podemosek Europako Parlamentura eraman bazuen ere (Juan Carlos Girauta bozeramaile parlamentarioaren aholkulari izendatu zuten).
"Ez dugu leziorik onartuko, ez Parlamentura gezurra esateko eta hipokresiaz jokatzeko etortzen direnen aldetik, bakarrik Rajoyri eraso egin nahi diotenen leziorik"; Hernandok esan du "gaiztoa" dela Ogasun Ministerioak iruzurraren aurka egin nahi duela zalantzan jartzen duenik.
Zure interesekoa izan daiteke
Zapaterok errekurritu egin du bere kontuak eta bere gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak ukatu egin du CNIren txostenik egon zenik.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.
Ceutan, desagertutako senideen bila ari dira familia ugari, eta gorpuak identifikatzeko toki bat ireki dute
Oraingoz, 72 hildako zenbatu dituzte, baina urpekariek gorpu gehiago aurkitu dituzte.
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.
Zergatik alda dezake hesi berriak Ceutako mugaren kudeaketa?
Azpiegitura berriak 500 metro ditu, eta berehalako itzulketen inguruko auzi juridiko bati erantzun nahi dio.
Marlaskaren arabera, Maroko "ez da mehatxua", eta Ceutara iritsitako migratzaileek ezingo dute euren egoera erregularizatu
Barne ministroak adierazi du Espainiako Gobernua lanean ari dela uztailaren 30ekoa bezalako sarrera masiborik berriro gerta ez dadin, baina onartu du ezin duela bermatu halakorik berriro ez gertatzea.
Sanchezek EBko Barne ministroen premiazko bilera eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren harira
Espainiako Gobernuko presidenteak "kezka larria" helarazi dio Ursula von der Leyeni Europako zenbait gobernuren erreakzioagatik, eta Italiak iragarritako mugen itxiera gogor kritikatu du.