A20ko porrota bizkarrean, gauerdian ekingo diote alderdiek kanpainari
Abenduaren 20ko porrota bizkarrean dutela, gauerdian ekingo diote berriro alderdi politikoek botoa eskatzeari. 00:00etan abiatuko da ekainaren 26ko hauteskunde orokorren kanpaina, eta hilaren 24ra arte iraungo du.
Sei hilabete eskas igaro dira hauteslekuekin izandako azken hitzordutik, eta, hala, abenduko bozen bigarren itzuli gisa hartu dute indar politikoek. Estatuan, Unidos Podemosek PSOE gaindituko ote duen da zalantza nagusia. EAEn, berriz, Unidos Podemosen eta EAJren arteko lehia estua aurreikusi du EITB Focus-en inkestak. Nafarroan, azkenik, Geroa Baik eta EH Bilduk ordezkaritza lortuko duten dago dudan.
CIS inkesta etxeak egindako azken inkestaren arabera, Alderdi Popularrak irabaziko lituzke hauteskundeak. Zalantza oraingoan Podemos eta Izquierda Unida alderdiek bat eginda lortuko duten emaitza da. Ikusmin handia dago koalizioa PSOEri aurrea hartzeko gai izango ote den, eta hauteskundeen osteko negoziazioetan ezkerraren eta eskuinaren arteko dikotomia itzuliko ote den. CISen arabera, koalizioak 12 eserlekuko aldea aterako lioke PSOEri.

Abenduan ez bezala, oraingoan koalizioan aurkeztuko dira IU eta Podemos. EFE
Abenduko ziurgabetasunaren aurrean, oraingoan argi dago indar politikoek gobernua osatzeko negoziatu beharko dutena. Hortik abiatuta egin dituzte mezu nagusiak: Rajoyk fidagarritasuna eskaini du, Sanchezek aldaketarako bermea, Iglesiasek PPren alternatiba bakarra dela adierazi du, eta Riverak elkarrizketarako giltzarria dela defendatuko du.
Kanpainako gastuak murrizteko akordiorik lortu ez duten arren, merkeagoa egiteko konpromisoa hartu dute alderdi guztiek, eta, besteak beste, kaleetan ohi baino publizitate gutxiago ikusiko da. Hedabideetan, berriz, areagotu egingo dute euren presentzia, eta datorren astelehenean, hilaren 13an, izango da lau hautagai nagusien arteko eztabaida, lehen aldiz.
Alderdien egutegiaren arabera, Euskadira Sanchezek eta Iglesiasek egingo dute bidaia kanpainan zehar. Nafarroara, berriz, Rajoy joango da.
Lehen postua lortzeko norgehiagoka estua, EAEn
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Gasteiz aukeratu dute kanpaina abiatzeko ia alderdi guztiek, bertan egon bailiteke lehia biziena. Hala, Arabako hiriburuan hasiko dute kanpaina Unidos Podemosek (19:00), EAJk (21:00), PSE-EEk (20:00) eta PPk (19:00). Ekitaldiotan, alderdietako buruzagi ezagunenek hartuko dute parte: Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusia, Iñigo Urkullu lehendakaria, Patxi Lopez lehendakari izandakoa, eta Alfonso Alonso jarduneko ministroa eta lehendakari gaia. EH Bilduk, berriz, Irun aukeratu du kanpaina hasteko, eta Arnaldo Otegi Lehendakaritzarako hautagaia izango da bertan.

Euskal alderdi nagusiek horrela abiatu zuten kanpaina abenduan. EiTB
Alderdi bozkatuena zein izango den ez ezik, ordezkari gehien lortzen dituena nor izango ote den jakiteko ere ikusmina dago EAEn. Abenduaren 20ko bozetan Podemos Euskadi izan zen alderdi bozkatuena 316.000 botorekin, baina EAJk eskuratu zituen eserleku gehien (6). Ezker Anitzarekin eta EQUOrekin koalizioa osatuta, diputatu kopuruan jeltzaleak gainditu ditzakeela uste du Unidos Podemosek. Horren aurrean, Euskal Agenda hobekien defendatuko duen alderdia dela argudiatuz ekingo dio kanpainari EAJk.
Abenduko hitzorduan boto kopuruan eta ordezkaritzan atzera egin zuela jakitun, aldaketa handiak egin ditu zerrendetan EH Bilduk. Euskadiko sozialistak eta 'popularrak' ere abenduaren 20ko galera eteten ahaleginduko dira, hurrenez hurren, 90.000 eta 70.000 boto inguru galdu baitzituzten. Ciudadanosek ez zuen ordezkaririk lortu abenduaren 20an, eta Araban diputatu bat eskuratzen saiatuko da oraingo honetan.
EITB Focus makroinkestaren azken alearen arabera, Unidos Podemos koalizioak lortuko lituzke boto gehien EAEn; bigarrenak, EAJk, baino % 3,4 gehiago. Hala ere, eserleku-kopuruan berdinduta egongo lirateke koalizioa eta EAJ, biek seina ordezkari eskuratuko bailituzkete. PSE-EEk, EH Bilduk eta PPk bina eserleku eskuratuko lituzkete. Soziometroaren arabera, berriz, koalizioak bototan zein eserleku kopuruan gaindituko luke EAJ (7 vs 5).
Nafarroa
Nafarroan ere lehia bizia aurreikusi dute bost diputatuak eta lau senatariak eskuratzeko borrokan. Iruñea izango dute abiapuntu alderdi guztiek. Geroa Bairen ekitaldian, Uxue Barkos Nafarroako presidenteak hartuko du parte.
Abenduaren 20ko hauteskundeetan bina diputatu lortu zituzten UPN-PP koalizioak eta Podemos-Ahal Duguk, bosgarrena PSNrentzat izan zen, eta Kongresuan zuten eserleku bakarra galdu zuten Euskal Herria Bilduk eta Geroa Baik. Lehenengo hirurek emaitzak hobetu edo mantentzea izango dute helburu; beste biek, ordezkaritza berreskuratzea.
Ohi bezala, tarte berezia eskainiko dio EiTB Taldeak hauteskunde kanpainari.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.