Erakundeekin eta presoen kolektiboekin bilduko da Foro Soziala
Foro Sozialak martxoaren 10ean 'Arrazoi politikoengatik preso edo ihesean dauden pertsonen gizarteratzea erraztea' lelopean Donostian egindako IV. Foro Sozialaren ondorioak aurkeztuko ditu Iruñean egitekoa den agerraldi batean.
Erakundeak ohar baten bidez zabaldu duenez, Brian Currin Iruñeko ekitaldian egongo da. Nazioarteko Harreman Taldearen koordinatzaileak "IV. Foroaren ondorioei buruzko irakurketa egingo du".
Era berean, John Galtung (Oslo, 1930) ikerlaria ere bertan izango dela baieztatu dute. "Bakeari buruzko teorien 'aita' da Galtung. Peace Research International Oslo (PRIO) eta Journal of Peace Research sortzailea da, eta 1987an Nobel sari alternatiboa irabazi zuen. 200 gatazkatan bitartekari lanak egin ditu, 160 liburu eta 1.600 artikulu akademiko idatzi ditu. Bake positiboari buruzko hitzaldia emango du", zehaztu dute.
Foro Sozialaren aldetik, 'Ibilbide orri adostu baten eraikuntzari gizarte zibilak egingo dion ekarpena' dokumentua aurkeztuko dute, ohar baten bidez jakitera eman dutenez.
Apirilaren 8an ETAren armagabetzearen harira irekitako “agertoki politiko berria” kontuan izanik, “gatazka armatuaren etapa behin betiko ixteko oinarriak” proposatu nahi dituzte, “horrek izandako ondorioak gainditu eta bake eta elkarbizitzarako bidean urratsak ematen jarraituz”.
Foro Sozialaren esanetan, dokumentu horren helburu nagusia “oinarri sendoetan oinarritutako elkarbizitza sortzea da, pertsona guztiek dituzten oinarrizko eskubideak errespetatuz”.
Zehazki, presoei ezartzen zaizkien zigorrek giza eskubideak errespetatu behar dituztela eta birgizarteratzea oinarri izan behar dutela diote. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu dute, “helburu juridikoen ordez helburu politikoak dituelako”.
Halaber, Foro Sozialak elkarbizitzarako bidean urratsak ematen jarraitzeko ekimen berriak iragarri ditu. Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin biltzeko asmoa dutela adierazi dute, eta eskua luzatu diete alderdi politikoei, sindikatuei eta gainontzeko gizarte eragileei. Gainera, Espainiako Gobernuarekin eta Frantziakoarekin biltzeko eskaerak egingo dituztela azaldu dute, jasotako ondorioak azaldu eta haien ekarpenak jasotzeko asmoz.
Zure interesekoa izan daiteke
PPk ez du baztertzen EAJ eta PSErekin zerga erreforma adostea
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek, presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri