Arreta handia jarri du euskal gizarteak Kataluniako prozesuan
Euskal gizartea arretaz jarraitzen ari da Kataluniako prozesua, Gizaker etxeak Euskal Irrati Telebistarentzat egindako EiTB Focus inkestaren emaitzetatik ondoriozta daitekeenez.
Landa-lana urriaren 2tik 4ra bitartean egin zuten, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 1.200 herritarri telefono bidez elkarrizketa eginda: 400 pertsona, lurralde historiko bakoitzeko.
Txostenaren emaitza guztiak gaur, 2017ko urriaren 9an, emango dira ezagutzera, Euskal Telebistako “Gaur Egun” (ETB1, 14:00) eta “Teleberri” (ETB2, 15:00) albistegietan. Aldi berean, eitb.eus webgunean, Radio Euskadin eta Euskadi Irratian ere aireratuko dira.
Datuen arabera, euskal herritarren % 93,6k Kataluniako prozesuari buruzko albisteak jarraitu dituzte.
Interes hori nabarmentzen duen beste datu bat ere badago: herritarren % 70ek interes handi edo nahikoarekin jarraitu dute Kataluniako prozesua.
Fitxa teknikoa
EAEn bizi diren 1.200 pertsona (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan) elkarrizketatuz egin dute ikerketa.
Lagin-akatsa ±2,83koa da, % 95eko konfiantza mailarekin (p=q=0'5, datu orokorretarako), eta lurralde historiko, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina erabili dute ikerketa egiteko.
Inkesten % 23,1 euskaraz egin dira, eta gaztelaniaz, berriz, gainerakoak (% 76,9). Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2017ko urriaren 2tik 4ra egin zen telefono bidezko elkarrizketak eginez.
Inkestek, batez beste, 10,2 minutu iraun zuten; motzenak 7 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 25 minutu.