Santamaria ez da Casadok zuzendutako PPren Kongresuko lehen bileran agertu
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia eta haren ingurukoak ez dira agertu Pablo Casado PPko presidente berriak, ostegun honetan, Kongresuan zuzendutako taldearen lehen bileran. Casado uztailetik da PPko presidente berria, alderdiaren Kongresu Nazionaleko bozketan Soraya Saenz de Santamariari gailendu ostean.
Cristobal Montoro Ogasun ministro ohia, Fatima Bañez Enplegu ministro ohia eta Alvaro Nadal ministro ohia ere ez dira izan bilera horretan.
Jose Luis Ayllon ere, Santamariaren bigarrena aurreko PPren Gobernuan, ez da bileran izan.
PPko hainbat iturriren arabera, Santamaria Kongresuan izango da ostegun honetan aurreikusiak dauden bozketetan parte hartzeko, baita gainerako taldekideak ere.
Oraingoz, Santamariak, Bañezek eta Montorok ez dute taldeko zuzendaritzan edo erakundean kargurik hartu izan nahi; hortaz, presidenteorde ohiaren etorkizuna zein izango den ez dago bat ere argi. PPko zuzendaritzako iturrien ustez, baliteke politikatik kanpoko aukeraren baten bila ibiltzea Santamaria.
Cospedal, lehenen artean
Maria Dolores de Cospedal, berriz, lehenetarikoa izan da 9etan hasitako bileran. Pozik agertu da eta taldeko zuzendaritzako lehen eserlekuetan eseri da.
Celia Villalobos diputatua ere bileran izan da, baina azken eserlekuetan eseri da, zuzendaritzatik kanpo gelditu baita.