Pedro Sanchez, ezina ekinez egina
Pedro Sanchez (Madril, 1972) Espainiako Gobernuko presidentea da jada. Ez da berria karguan, duela bi urte egin baitzuen Moncloara jauzia, Rajoyren kontrako zentsura mozioaren ostean, Espainiako demokrazian lehen aldiz. Erori eta berriro altxatzen den horietakoa, ekina eta zaildua dela esan du maiz PSOEko idazkari nagusiak, eta horregatik akaso jarri zion bere biografiari "Manual de resistencia" ("Erresistentzia eskuliburua") izenburua. Ukaezina du ezaugarri hori Sanchezek, bere ibilbide politikoari erreparatzen badiogu behintzat.
Jendartearentzat ezezaguna zen militante hutsa izatetik PSOEko idazkari nagusi izatera igaro zen 2014n. Rajoyren inbestiduran abstentzioa ez emateagatik dimisioa eman behar izan zuen 2016an, baina urtea bete baino lehen Alderdi Sozialistaren zuzendaritzara itzuli zen, irabazle. Espainiako Gobernurako presidentegai izan da lautan, eta bi inbestiduratan —2016koan eta iazko udakoan— kale egin ondoren, hirugarrenean bale egin du, alde estuarekin bada ere.
Frankismoaren ondotik eratu den lehen koalizio gobernuaren buru izango da Sanchez, Unidas Podemos ondoan duela. Atzean geratu dira sozialistaren eta koalizio morearen buruzagiaren arteko liskarrak eta negoziazio antzuak.
Sanchez 2014an bilakatu zen lehen aldiz PSOEko idazkari nagusi. Aise lortu zuen helburua, Eduardo Madina eta Jose Antonio Perez Tapias aurkariak gaindituta. Erakargarritasun handikoa, "errepideko hautagaia" izateagatik saritu zuten afiliatuek, autoan milaka kilometro egin ondoren militanteen babesa eskuratzeko.
Arrakasta hark, ordea, gutxi iraun zion madrildarrari. Krisi beteko hiru urte izan ziren ondorengoak PSOErentzat. Sanchez inbestidurara aurkeztu zen 2015ean, baina ez zuen nahikoa babes lortu. 2016ko hauteskunde orokorretan, sozialistek beren emaitzarik txarrenak eskuratu zituzten, eta Mariano Rajoyren inbestidurak PSOEren barne zatiketa areagotu zuen. "Ez ezetz da" leloari eutsita, abstenituko ez zela iragarri zuen orduan Sanchezek; jarraian etorri ziren dimisioa eta diputatu akta uzteko erabakia.
Horren ondotik, baina, bere errautsetatik berriro jaio zen Sanchez, Fenix hegaztia bezala, eta zortzi hilabeteren buruan PSOEren Idazkaritza Nagusia berreskuratu zuen, Patxi Lopezi eta Susana Diazi lehia irabazita.
Politikari zailduaren ospea bereganatuta, bi urteren buruan berriro bihurtu zen protagonista Sanchez, Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioa irabazi zuen eta. Esne mamitan zegoen. 2019ko apirilaren 28ko hauteskundeek garaipen zabala eman zioten Alderdi Sozialistari. 123 diputaturekin, "bakarkako gobernu bat" osatzen saiatuko zela adierazi zuen Sanchezek, Kongresuko aritmetikak Unidas Podemosekin negoziatzera behartu bazuen ere.
Atzera eta aurrera ibili ziren bi alderdiak, betoak ezarrita eta errua elkarri leporatuta. Udan, kale egin zuen inbestidurak, eta azaroaren 10erako hauteskundeak deitu zituen Sanchezek. Bozen ostean, bi egunetan, udan posible izan ez zena lortu zuten PSOEk eta Unidas Podemosek: koalizio gobernurako akordioa adostea: oraingoan bai, Pablo Iglesias presidenteorde dela eta programa "aurrerakoia" izenpetuta.
Presidentetza eskuratuta, Sanchezek ez du lan makala. Koalizio gobernua zuzendu beharko du, Kongresu atomizatu eta eskuin indartsu batekin, eta Kataluniako krisiaren erdi-erdian, gainera.
Ikasketaz ekonomialaria, 2009an sartu zen Kongresura
Sanchezek ingelesa eta frantsesa hitz egiten ditu, eta hainbat ikasketa ditu: Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da, eta master bat du Ekonomia Politiko Europarrean, besteak beste.
NBEko Nazioarteko Harremanen departamenduan eta NBEk Bosnian duen goi-ordezkariaren kabinetean egin zuen lan, eta bi urtez aholkulari izan zen Europako Parlamentuan.
Horren ostean, ekonomialari gisa aritu zen Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuko azken urteetan. Hain zuzen ere, Trinidad Jimenezen taldean aritu zen, eta, ondorioz, 2003. urteko udal hauteskundeetako zerrendan sartu zuten, Madrilen.
Kongresuan 2009. urtean sartu zen lehen aldiz, Pedro Solbesek eserlekua utzi zuenean. Hurrengo legegintzaldian ez zuten zuzenean hautatu diputatu, baina Cristina Narbonak kargua utzi zuenean sartu zen Behe Ganberan.
Arlo pertsonalean, bi alaba ditu eta gaztetan saskibaloi jokalaria izan zen, Estudiantes taldean.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.