Sare sozialen bidez mehatxuak jaso dituela salatu du Javier Ollo Altsasuko alkateak
Javier Ollo Altsasuko alkateak salatu duenez, azken egunotan mehatxuak jaso ditu sare sozialen bidez. Larunbatean, hilaren 29an, Ospa Eguna, Guardia Zibila Euskal Herritik joatea eskatzen duen eguna, egin zuten Altsasun, eta horri lotuta jaso ditu mezuak Geroa Baiko alkateak.
Ollok Twitterren duen profilean eman du mehatxuon berri. Sare sozial horretan nabarmendu duenez, "gorrotoa da demokratikoa ez den edozein ideologiaren oinarria. Egunotan asko dira, Altsasuko alkate naizen aldetik, eskuin muturretik bidali dizkidaten mezu iraingarriak... Honako hau bereziki larria da. Horien aurrean, elkarbizitza".
Altsasuko alkateak txio hori eskegi ostean bata bestearen ondotik etorri dira babes mezuak ere. Besteak beste, elkartasuna adierazi diote Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, Javier Esparza UPNko presidenteak edota Nafarroako Podemos alderdiak.