Sortuk, Auzitegi Nazionalean: "Ezin izan zenuten, eta ezin izango duzue"
Sortuk kartelak idatzi ditu "Ezin izan zenuten, eta ezin izango duzue" leloarekin (gazteleraz) Madrilgo Auzitegi Nazionalaren eta Burgosko Gobernu militarraren kanpoaldean, prozesuaren urteurrenaren harira.
Ezker abertzaleak sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus daiteke protesta ekintza, eta agiri batean salatu duenez, Estatuak "irakaspen historiko hartatik ikasi beharrean, indarkeriaren eta salbuespenezko epaitegien erabileran tematzen da askatasun nahiak gelditzeko".
"Galiziarrak, kataluniarrak eta euskal herritarrok Espainiako epaitegi desberdinetatik igarotzen gara, Ordena Publikoaren Auzitegi frankistaren oinordekoetatik, eta Espainiako batasun zatiezinaren interesen zerbitzura dauden tresna antidemokratikoetatik", salatu du ezker abertzaleak.
Sorturen arabera, gaur egun, Burgosko prozesuaren ebazpenaren 50. urteurrenean, eta "Bateraguneren kontrako oldarraldia berriro irekitzeko egun gutxi falta direla", bi erakundeetara eraman nahi izan dute mezua, ezker abertzaleak, "gainerako nazioekin batera, independentziarantz eta demokraziarantz borroka egiten" jarraituko duela azpimarratzeko.