Lehendakariak autogobernua "garatu eta gaurkotzearen" alde egin du
Iñigo Urkullu lehendakariak autogobernuaren defentsa eta Autonomia Estatutua osorik betetzea aldarrikatu du, baita "eskumenen higadurari" aurre egitea ere "autogobernua defendatuz eta hartan sakonduz, egueneratze bat oinarri hartuta".
Hala adierazi du Donostiako Miramar jauregian lehen Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, Euskal Autonomia Erkidegoan adosteko dagoen estatus berriari buruz galdetu diotenean.
Bere ustez, Autonomia Estatutua onartu eta 41 urtera, eta "testuinguru politiko guztiz ezberdin batean, gizarte erabat ezberdin baten aurrean", autogobernu aitortuak "gaurkotzea eta sakontzea merezi du".
Hala ere, gogorarazi du Legebiltzarreko taldeei dagokiela "akordio zabal baten alde lan egitea, estatus berri baten inguruko adostasuna oinarri hartuta".
Eskualdatu gabe dauden eskumenak ere izan ditu hizpide Urkullu lehendakariak bere hitzaldian. Pedro Sanchezen Gobernuak onartutako kronograma beteko den itxaropena agertu du, eta falta diren bederatzi eskumenak laster transferituko direla uste du. Itxaropen horri eusten dio, are gehiago Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuaren eta Isabel Rodriguez Garcia Lurralde Politikako ministro berriaren artean "komunikazio hari zuzena" dagoenean.
Errespetuaren garrantzia
Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, joan den igandean Plentzian 17 urteko neskato batek jasandako "sexu-eraso basatia" arbuiatu du, adingabeari eta haren familiari "hurbiltasuna" helarazi die eta Ertzaintza "egileak identifikatzeko eta atxilotzeko" lanean ari dela ohartarazi du.
"Emakumeen aurkako erasoak salatzeko deitzen diren gaitzespen ekintza guztiekin bat egiten dugu, eta berdintasunaren aldeko konpromiso irmoa adierazten dugu", adierazi du lehendakariak.
Era berean, azken asteburuetako istiluak gaitzetsi ditu, eta esparru guztietan autoritatearekiko errespetuaren balioaren garrantzia aldarrikatu du, familiatik eta hezkuntzatik abiatuta, erkidegoan eta beste leku batzuetan, covid-19aren aurkako neurriak betetzearen testuinguruan izandako istiluen arazoari aurre egiteko giltzarri gisa.
Adierazi duenez, administrazioek gazteen heziketaren ardura dute 16 urte bete arte eta gobernua "bizikidetzaren printzipio etikoa, konpromisoa, ahalegina eta erantzukizunaren printzipioak oinarri hartuta" egiten saiatzen da prozesu hori. Hala ere, azpimarratu du balio horiek finkatzea familian abiatu behar dela, hezkuntza eremutik baino lehen.
Arnaldo Otegi EH Bilduko buruaren argudioak errefusatu ditu; Otegik adierazi zuen istilu horiek "neoliberalismoak inposatutako aisialdi ereduaren" testuinguruan ulertu behar zirela. Bada, Urkulluk erantzu dio, istiluak sortzen dituztenen jokabideak ez duela zerikusirik ideologiekin, "balioekin" baizik.
"Hori gazteen aisialdi-eredutik harago doa, autoritatearekiko errespetu-sentimenduan eragiten duten balioez ari gara, hezkuntzatik bertatik hasita. Merezi du irakasleei autoritate gisa duten boterea ezeztatzen zaien moduaz hausnartzea", esan du Urkulluk. Otegirena bezalako gogoetak, lehendakariak azaldu duenez, "jarrera bortitzak ezkutatzen edo justifikatzen saiatzen dira, eredu ideologiko edo sozial jakin baten kausa dela esanez".
Adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du euskal gazteria "estigmatizatu"; izan ere, % 75 "ekintza horien aurka dago argi eta garbi", eta euskal gazteen balio positiboak goraipatzearen alde agertu da.
Ertzaintzari babesa adierazi dio, "proportzionaltasunaren zentzuz" jokatu duelako, eta ukatu egin du istiluak baliabide faltagatik larriagotu izana; izan ere, beste Polizia batzuk antzeko egoerei aurre egin behar diete beste erkidego eta herrialde batzuetan.
Ongietorrien inguruko eskaria
Lehendakariari galdetu diote, halaber, Santutxuko preso bati egindako harreraren ondoren sortutako eztabaidaren inguruan duen iritziaz. Argitu duenez, "Auzitegi Nazionalaren babesa duten ekitaldiak dira", baina Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "ez lirateke antolatu behar, gutxiago grabatu, eta are gutxiago zabaldu". Bere ustez, "halako jarrerekin, Eusko Legebiltzarrak errefusatu zuen zerbait berpiztu da", eta, hori dela eta, "bereziki EH Bilduri" eskatu dio lehenik eta behin "biktimen sentimendua entzuteko, eta ondoren, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen euskal gizartearen gehiengoaren sentimendua entzuteko".
Koronabirusa
Urkulluk adierazi duenez, Euskadik bosgarren uhin pandemikoa menderatzea lortu du, baina, egungo agertokia hobea izan arren, "errealismo, konpromiso eta erantzukizun jarrera berari eutsi behar diogu", birusaren aurkako borroka irabazi ahal izateko, erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.