Albiste dira
Baionan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aieteko Adierazpeneko puntu guztiak bete gabe daudela gogoraziz itxi dituzte 10. urteurreneko jardunaldiak

Hitzorduak aniztasunaren argazkia utzi du, ia sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek bat egin dutelako. Jardunaldien itxieran Foro Sozialak nabarmendu du "biktima guztiak babesteko" ordua iritsi dela.
Baionan izandako jardunaldien azken saioa. Argazkia: EiTB Media

Larunbat honetan bukatu dira Baionan hiru egun iraun duten Aieteko Bake Konferentziaren 10. urteurreneko nazioarteko jardunaldiak. Donostia eta Baiona artean izan dira, eta hitzorduak aniztasunaren argazkia utzi du, ia sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek bat egin dutelako berriz ere.

Parte-hartzaile guztiek azpimarratu dute presoen auzia eta biktimen gaia direla konponbidearen muina, eta gizarte zibilaren protagonismoa ezinbestekotzat jo dute bakea egonkortzen jarraitzeko.

Bestetik, gatazka armatuaren amaieratik urrundu ahala, polarizazioa handitzeko arriskua dagoela azpimarratu dute nazioartetik etorritako hizlariek, prozesua ongi burutzen ez bada.

Brian Currin Hego Afrikako abokatuak eta euskal prozesuan bitartekari izandakoak itxi ditu jardunaldiak. Orain arteko prozesua "arrakastatsutzat" jo arren, Aieteko Adierazpenaren puntu guztiak oraindik bete gabe daudela ohartarazi du.

Gainera, Aieteren ondare nagusia bake iraunkorra dela nabarmendu du, eta arrakastatsutzat jo du egungo testuinguru politikoak ez duelako zerikusirik 2011an zegoenarekin alderatuta. Currinek argi dauka egungo egoera askoz ere hobea dela, eta euskal gizarteak eta politikariak izandako rol garrantzitsua goraipatu du.

Biktima guztiak babestu

Bestalde, jardunaldien itxieran Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu du "biktima guztiak babesteko" ordua iritsi dela. "Biktima guztiak gizarte osoarenak dira, eta gorde behar ditugu", esan du Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak.

Errealitate sozialak aurrera egiten duela onartuta ere, Hernanek uste du "eztabaida politiko sutsua" dagoela, eta "baldintzatzen duen komunikabideetan oihartzuna" duela. "Aieteren ondoren aurre egiteko erronketako bat da hori", gaineratu du.

Amaitzeko, bakea ez dagoela bermatua ohartarazi dute oro har hizlari guztiek, eta berau egunero landu eta ureztatu behar dela.

Zure interesekoa izan daiteke

Sare convoca manifestación el día 28 en Bilbao por los presos de ETA



REMITIDA / HANDOUT por SARE

Fotografía remitida a medios de comunicación exclusivamente para ilustrar la noticia a la que hace referencia la imagen, y citando la procedencia de la imagen en la firma

18/8/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bilboko Konpartsek eta Sarek manifestazioa deitu dute abuztuaren 28rako, 2027an "euskal presorik egon ez dadin" aldarrikatzeko

Sarek eta Bilboko Konpartsek Etxera Eguna deitu dute abuztuaren 28rako, Aste Nagusi betean, “euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzea” aldarrikatzeko. Horretarako, manifestazioa eta herri-bazkaria egingo dute. Halaber, gaurko agerraldian, 2027ko jaiak presorik eta errepresaliaturik gabeko lehenak izatea jarri dute helburutzat.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X