Andueza, "egonkortasuna eta bizikidetza" emango duen akordioaren alde
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusi berriak adierazi du euskal sozialistentzat "baliagarria" den "itun" bakarra "egonkortasunarena eta bizikidetzarena" dela.
PSE-EEren IX. Kongresuan idazkari nagusi kargua hartu eta emandako lehenengo hitzaldian, berak proposatutako Exekutibak % 96,66ko babesa jaso ostean, Anduezak horixe adierazi du PSE-EEren balizko akordioen inguruan, hau da, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUrekin hiruko ezkertiarra edo EAJrekin Gobernu akordioa egitearen inguruan.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEren idazkari nagusia aurrean zuela, Idoia Mendiaren lekukoa hartu duenak berretsi du ez duela onartuko inork zalantzan jartzea sozialisten euskal izaera.
PSE-EEren idazkari nagusi berriak esan du sozialistek EAEren buruzagitzan egon behar dutela, "aniztasuna eta dibertsitatea" bermatzeko, "egonkortasunarekin", eta "zaratatik eta zatiketatik" aldenduta. "Mundura zabalik dagoen Euskadi, batzuen obsesioetan itxi gabe", goraipatu du.
Etorkizuneko erronkez ohartarazi ostean, Anduezak esan du "buruzagitza" hori ez dela "egun batean, bitan edo hirutan" lortuko. "135 urte daramagu herri honen alde lanean, historia odolarekin eta esfortzuarekin idazten", adierazi du, alderdiaren ekarpenen errepasoa egin ostean.
Testuinguru horretan, gogorarazi du ETAren biktimak "beti gure bihotzetan" daudela, eta aurrerapen historiko guztiak "sozialisten eskuekin" egin direla.
"Herri honen alde lan egiten hasi den lehenengo alderdia gara. Ez gara beste inor baino euskal herritarrago, eskubide osoko euskal herritarrak gara, eta ez dugu onartuko inork esatea zer den herri hau, sozialistok eraiki dugulako", azpimarratu du.
ETAren aurkako borroka
Rodolfo Aresek, Patxi Lopezek eta Jesus Eguigurenek "bakea posible egiteko" egindako ekarpena eskertu du, eta berretsi du sozialistak beti egon direla "behar den lekuan": "Bakea sozialistei esker lortu zen, bada garaia gure papera aitortzeko".
Era berean, Txiki Benegas, Ramon Jauregi, Nicolas Redondo eta Patxi Lopez idazkari nagusi ohiek egindakoa oroitu du. Idoia Mendiaz, berriz, "emakume ausarta" izan zela esan du.
Anduezaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak "ezkerrera begiratzen badu, sozialistak bertan daudelako da", "jokabide eraldatzailea" duelako. "Aldaketaren motorea gara. Printzipioak eduki bai, baina ideiarik ez dutenak badaude. Gure betebeharra da printzipioekin kudeatzea eta ideiak sortzea", argudiatu du.
Bestalde, Pedro Sanchez "eskubideak dituzten berdinen arteko" herrialde bat eraikitzen ari dela defendatu du.
"Eta hori lortu du muturrera joan diren eskuindarren kontra. Ez die axola boterera iristeko herriari kalte egin behar badiote. Eskuin atzerakoia Moncloara ez iristeko errezeta bakarra da gurea", azaldu du.
Alkate sozialisten lana goraipatu ostean, gogorarazi du urte eta erdi barru udal hauteskundeak izango direla, eta helburua "mapa gorriz marraztea" izango dela.
"Desagertutzat ematen gintuzten, eta birsortzeko gaitasuna izan dugu. ETAri, krisiari, M15ari, pandemiari… aurre egin diegu. Non daude Alderdi Sozialista deuseztatzera etorri zirenak? Zein azkar zahartu diren batzuk", kritikatu du.
"Beste bat" Sanchezentzat
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidenteak Anduezari adierazi dio "beste bat" izango dela "bizikidetza, egonkortasuna eta euskal herritarren aurrerabidearen alde egingo duen Jaurlaritza sozialista" lortzeko bidean.
Sanchezek Idoia Mendia zoriondu du "egindako lan guztiagatik", eta esan du ezin dela "ez Euskadi, ez Espainia, ez Europa" ulertu sozialisten "ekarpenik gabe".
Exekutiba berriak % 96,6ko babesa
PSE-EEren Exekutiba berriak, Eneko Andueza idazkari nagusiak proposatutakoak, 26 kide izango ditu, eta IX. Kongresuan parte hartu duten ordezkarien % 96,6aren babesa jaso du. Aurreko Exekutibak, 2017an aurkeztuak, % 85,6o babesa izan zuen. Guztira 339 boto eman dituzte, eta aldekoak 328 izan dira, eta 11 zuri.
Exekutiban sartuko dira, besteak beste, Javier Hurtado Turismo eta Merkataritza sailburua eta Ekain Rico Legebiltzarreko taldeko idazkari nagusia, baina Iñaki Arriola Garraio sailburuak, orain arte presidente kargua izan duenak, utzi egingo du. Gainera, PSE-EEk aurrerantzean ez du presidenterik izango. Idoia Mendia azken 7 urteetako idazkari nagusia ere ez da zuzendaritzan izango, ez delako bateragarria Exekutiba federalean egotearekin.
Miguel Angel Moralesek PSE-EEren Antolakuntza idazkari izaten jarraituko du, eta Begoña Gilek idazkari instituzional gisa. Guztira 10 dira aurreko Exekutiba utziko dutenak.
Oraingoan udal mailako ordezkarien presentzia indartu dute, eta 14 gizonezkok eta 12 emakumek osatuko dute. Arriolak berak eskatu omen du ateratzea, baina gogorarazi behar da azken urteetan presidentea egon den arren, aurrez izan direla garaiak postu hori eduki ez dutenak.
Teresa Laespadak Enplegu eta Gizarte Politiketako ardura hartuko du, eta Javier Hurtadorena izango da Industria, Turismo, Merkataritza, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza Idazkaritza.
Hezkuntza, Zientzia, Ikerketa eta Unibertsitate idazkari Alfredo Retortillo izango da, eta Sonia Perezek beteko du Politika Ekonomikoko eta Eraldatze Digitaleko postua. Bestalde, Ekain Ricok Politika Autonomikoetako eta Politika Publikoetako arloa hartuko du; eta Berdintasunean Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendaria egongo da.
Memoria Demokratikoa eta Bizikidetza izeneko ardura Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarena izango da; Kulturaz, Euskaraz eta Kirolaz Nora Abete Bilboko zinegotzia arduratuko da; eta Daniel Sendero Kongresuko diputatua egongo da Trantsizio Ekologiko eta Klima Aldaketa atalean.
Osasuna eta Kontsumoa Idazkaritzan Jon Armentia Gasteizko Udaleko zinegotzia egongo da, Gizarte Mugimenduen eta Garapenerako Kooperazioaren atalean Azahara Dominguez egongo da; Garraio, Mugikortasun Iraunkor eta Hiri Agendan Javier Seoane egongo da; Ikerketa, Programa eta Formakuntzan Pau Blasi Uribarri, eta LGTBI atal berrian, Ernesto Gasco.
Batzordekide gisa Jose Antonio Santano, Maider Etxebarria, Marisol Garmendia, Rafaela Romero, Ane Oyarbide, Tontxu Rodriguez, Gloria Sanchez, Isaac Palencia eta Beatriz Gamiz egongo dira.
Ondorioz, aurreko Exekutibatik Idoia Mendia, Iñaki Arriola, Jesus Losada, Blanca Roncal, Elena Perez, Ines Ibañez de Maeztu, Izaskun Gimez, Jon Azkue, Alberto Alonso eta Julia Liberal aterako dira.
Gainera, Batzorde Federaleko zerrendak ere babes zabala jaso du, % 97,63koa, Batzorde etikoak % 97,3koa, eta Batzorde Nazionalak % 97,64koa.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.