Espainiak Ukrainari "datozen egunetan" arma gehiago bidaliko dizkiola iragarri du Sanchezek
Espainiak Ukrainari "datozen egunetan" arma gehiago bidaliko dizkiola iragarri du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, baina ez du xehetasun gehiagorik eman segurtasun arrazoiengatik.
NATOren goi-bilera amaitu ondoren, Europako Kontseiluaren bilerara iritsi denean erabakiaren berri eman die Sanchezek kazetariei, Bruselan.
Erasorako zein defentsarako materiala bidaliko dutela azaldu du Exekutiboko buruzagiak, Ukrainako agintariek eskatu bezala.
Armen kargamentua "datozen egunetan" abiatuko da Espainiatik, baina ezer gehiago ez du zehaztu, "segurtasun arrazoiengatik, noski".
Espainiak Ukrainara arma gehiago bidaltzea "aukera bat" zela adierazi du Margarita Robles Defentsa ministroak ostegun honetan.
Espainiak Ukrainara armak bidali zituen martxoaren hasieran. Orduan 1.370 granada-jaurtigailu, 700.000 metrailadore kartutxo eta metrailadore arinak eraman zituzten Poloniako mugatik gertu.