Auzitegi Nazionalak Zuluetari eta beste hiru abokaturi 3 eta 7 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri dizkie
Auzitegi Nazionalak Arantxa Zulueta abokatua eta beste hiru abokatu zigortu ditu 13/13 sumarioaren auzian. Konkretuki, Zuluetari 7 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio, eta beste hiru abokaturi 3 eta 4 urte arteko espetxe-zigorrak, "ETAko presoak kontrolatzeko helburu nagusiarekin, Halboka fronte juridikoa eraikitzea" egotzita.
549 orrialdeko epaian, Auzitegi Nazionalak beste hiru akusatuak absolbitu ditu. Horrela, Juan Francisco Martel magistratuaren sententziak Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo errugabe jo ditu.
Fiskalak Arantxa Zuluetari 19 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu zuen, baina auzitegiak 4 urteko zigorra inposatu dio talde terroristako kide izatea egotzita eta beste 3 urte eta sei hilabete armak eta lehergaiak gordetzea leporatuta.
Era berean, Jon Enparantzari 4 urteko kartzelaldia ezarri dio, nahiz eta Fiskaltzak 12 eskatu. Naia Zurriarain (3 urte eta 6 hilabete) eta Iker Sarriegi (3 urte eta egun bat) ere zigortu ditu. Hirurei talde terroristako kide izate egotzi die. "Atzerapen bidegabeen" aringarria aplikatu die auzitegiak.
Horrela gauzak, defentsen argudioa errefusatu du auzitegiak. Akusatuen jarduerak esparru juridikoa sekula ez zuela gainditu azaldu zuten abokatuek epaiketan.
CNIren esku-hartzea eta torturak
Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) izan zuen paperari dagokionez, "beste egiaztapen ekintza batzuk izan ziren, Guardia Zibilak aurrera eramanak, CNIk atzemandako elkarrizketa telefonikoez gain, baina horretarako baimen judizialarekin", zehaztu du sententziak. Horregatik, aretoak epaiketa baliogabe uzteko eskaera arbuiatu du. Epaiketa hasi baino lehen, ez zuen aztertu nahi izan. Dagoeneko epaiketan, CNIk deklaratzeari uko egin zion ahozko saioan.
Tortura salaketei dagokionez, Zuriarrainen eta Agirreren testigantzak jasotzen ditu epaiak. Hala ere, bi kasuak jasota uztera mugatzen da auzitegia, "tortura salaketak frogaturik ez" daudela gaineratzeko.
Epaiaren argudioak
Lau abokatu zigortuak Bilboko eta Hernaniko (Gipuzkoa) bi bulego juridikoetan ETAren alde lanean ari zirela argudiatu du sententziak: "Bakoitzak bere gaitasun profesionalekin laguntzen zuen, ETAk emandako zereginak errespetatuz".
Magistratuen ahotan, "euren bulegoak banda terroristaren zerbitzura jarri zituzten, enkarguak bidaliz eta jasoz". "Kide aktiboekin eta buruzagiekin harreman pertsonala zuten, aske ez zeuden kideek informaziorik onena eskura izateko", erantsi dute epaileek sententzian.
Gertakariak, iazko uztailetik azarora ahozko saioetan, frogatu zirela uste dute magistratuek.
Frogak aztertu ondoren, zigortuek ETAren helburuetan parte hartzen zutela, eta erakundeko kide zirela ondorioztatu dute epaileek, "ez zuzenean indarkeria ekintzak aurrera eramanez, preso zeuden militanteen kohesioa mantenduz baizik, erakunde kriminalarekiko lotura mantentzeko".
Erreakzioak
Epaiari erantzun egin diote jadanik. Horrela, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak Twitter sare sozialean adierazi duenez, "beste behin ere, argi geratu da nork egiten duen bakearen aldeko apustua eta nork gerraren aldekoa. Nork irtenbideen alde eta nork mendekuaren alde. Nork zubiak eraikitzearen alde eta nork lubakiak zulatzearen alde". "Kale egin dute. Nahiz eta etengabe saiatu, herri honek bakea eta askatasuna lortzea ez dute eragotziko", erantsi du Rodriguezek.
"Berriz ere zigorrak, berriz ere mina, berriz ere bakearen aurkako mendekua, berriz ere Auzitegi Nazionala, eta berriz ere gure erantzuna: ez dugu etsiko Euskal Herria askatu arte!", esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak sare sozial berdinean.
"Askatasunean eta bakean bizi nahi dugu euskal herritarrok. Askatasunean eta bakean utz gaitzatela", esan du Ernai gazte antolakundeak Twitterren.
Joseba Azkarraga Sare herritarreko ordezkariak epaia salatu du, "neurrigabekeria judizial berri bat" delako.
"Espetxeak hustu eta bizikidetza eraiki nahi dugun honetan 13/13 auziko epaia zentzugabekeria da", uste du Etxeratek. "Gure elkartasuna kondenatuei eta besarkada haien senide eta lagunei ere", erantsi du.
"Badira sententziak epaiketa hasi aurretik idatziak direnak. 13/13 auzikoa da bat", salatu du LAB sindikatuak. "Gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu auzipetu guztiei, eta une zailotan gure sostengua, bereziki, Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri", gaineratu du.
"Urraketez betetako prozesua izan da", kritikatu du sindikatu abertzaleak. LABen hitzetan, "tratu txar eta eraso sexualen testigantzak entzun dizkiegu auzipetuei; inkomunikazio aldiko tortura salaketak, etengabeko irregulartasunak, babesgabetasuna eta eskubide urraketak bizi izan dituzte, bis in idem printzipioa bera ere urratu izan zaie (honen arabera pertsona bera ezin da behin baino gehiagotan zigortu gertaera berarengatik)".
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT), ostera, zigorra txalotu du, eta "sare politiko, ekonomiko eta sozial guztia ETA da" demostraturik geratu dela uste du.
Era berean, Dignidad y Justiciak nabarmendu du epaiarekin "justiziak ETAko sare zibilaren aurkako zirkulua itxi du, fronte juridikoa zigortuz, gorbata eta togarekin hiltzaileen atzean dauden egileak".
Zure interesekoa izan daiteke
Abalos, Koldo Garcia eta Aldamaren aurkako epaiketa hasi da, maskarak iruzurrez erostea egotzita
Fiskaltzak eskatu du ministro ohiari 24 urteko espetxe-zigorra ezartzea; 19 urte, Garciari, eta 7 urte, Aldamari. 70 lekuko baino gehiago agertuko dira Auzitegi Gorenean.
Ikerketa batzordeak bertan behera utzi du Cerdanen emaztearen agerraldia, osasun arazoengatik deklaratzeari uko egin baitio
Erabaki hori gorabehera, txostenak "zalantzak sortu dizkie", batzordeko presidenteak esan duenez, baina "kontuz ibiltzeko moduko gai bat" dela iritzita, deklarazioa bertan behera uztea erabaki dute, bai eta Cerdanen emazteak aurkeztutako agiriari buruzko txosten "juridikoak" eta beste mediku batzuren "osasun txostenak" biltzea ere.
Epaiketa bertan behera uztea eskatu dute Kitchen auziko akusatuen abokatuek, intrukzioan akatsak izan direla argudiatuta
Lehen saioan, aurretiko gaiei helduta, hamar akusatuen abokatuek galdegin dute bertan behera utz dezatela Mariano Rajoyren Gobernuaren garaiko Barne Ministerioaren buruzagitzaren aurkako epaiketa.
PPk kritikatu du "biktimismoan" eta euskal herritarren errealitatetik urrun bizi dela EAJ
Laura Garridok (PP) hedabideen aurrean adierazi duenez, Aberri Egunean "betiko diskurtsoa" izan zuen EAJk. "Jauzi kualitatibo bati buruz hitz egin zuten, eta jauzi horrek euskal herritarrei mesede egingo ote dien galdetu nahi diet, kontuan izanda independentzia ez dagoela euskal herritarren lehen kezken artean", esan du.
Eibar Memoria Demokratikorako Leku da, ofizialki, gaurtik
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenak jasotzen duenez, "Eibarko hiriak Memoria Demokratikoaren Leku gisa aitortzeko oinarriak biltzen ditu, errepublikaren legezkotasunaren defentsa aktiboaren nahiz nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien agertoki izan baita".
Arkaitz Rodriguez: "EH Bildu ez da hurrengo hauteskundeetan pentsatzen ari, hurrengo belaunaldietan baizik"
Koalizio subiranistako Ekintza Politikoko idazkariak EAJri erreferentzia eginez esan duenez, "penatuta entzuten ditugu hainbat adierazpen, ezin dugu ulertu nola dagoen kezkatuago dagoenik oraindik urtebete luze barru izango diren hauteskundeekin, herritarren arazoei konponbideak ematearekin baino".
Rajoyren Gobernuko Barne Ministerioko buruzagitza akusatuen aulkian eseriko da gaurtik aurrera, Kitchen auziagatik
Fernandez Diaz Barne Ministerioaren buru zen, Fiskaltzaren arabera, 2013an Gurtel auziko frogak lortzeko Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren esku "legez kontrako inteligentzia operazio bat" egitea pentsatu zutenean, eta, horrela, epailearen esku geratzea "saihesteko".
Estebanek Ayusori erantzun dio "katetada" bere "aldarrikapen nazional nagusia kaña bat hartzea" dela eta Otegik "zureen ekarpena Gernikan Condor Legioa" izan zela
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak Picassoren Gernika Euskadira aldi baterako eramateko "asmo nazionalistak" kritikatu ditu ordu batzuk lehenago, "katetada" direla esanez.
PPk eta UPNk, EH Bilduk Iruñean egin duen ekitaldiaren harira: "Nafarroa ez da inoiz euskalduna izango"
Sayasen esanetan, Nafarroa "forala eta espainiarra da historikoki, ordenamendu juridikoak hori diolako eta, batez ere, nafar gehienen nahia hori delako". Bestalde, Ibarrolak nabarmendu du UPNk bermatzen duela "Nafarroa euskal errepublikaren parte ez izatea".
Ertzaintzaren aurkako pintaketa gehiago egin dituzte Amurrion
Amurrioko futbol zelaian azaldu dira oraingoan pintaketak, eta agente bat seinalatu dute. Segurtasun Sailak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta salatu du horrelakoek zuzenean erasotzen dietela bizikidetzaren eta demokraziaren balioei.