Robles, Pegasus auziaz: "Delituzko ekintzen aurrean, Justiziak soilik du erantzukizunak ezartzeko eskumena"
Margarita Robles Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak esan du "bereziki harro" dagoela CNIren arduradunekin, eta Pegasus auzia espresuki aipatu ez badu ere, honakoa erantsi du: "Delituzko ekintzak daudenean, ezin gara isildu eta ezin dira saihestu, auzitegietara jo behar da". Ministroaren ustez, eurei bakarrik dagokie, "Zuzenbideari jarraiki, erantzukizunak ezartzea".
Roblesek agerraldia egin du gaur Diputatuen Kongresuko Defentsa Batzordean, Pegasus auziaren polemika betean. The Citizen Lab ikerketa zentroak egindako txostenak azalarazi zuen kasua: Kataluniako eta Euskal Herriko 65 buruzagi independentista zelatatu zituzten Israelgo enpresa baten programa batekin. Joan den astean jakin zenez, gainera, Sanchez presidentearen eta Robles ministroaren sakelakoak ere zelatatu zituzten.
Roblesen agerraldia aurretik zegoen hitzartuta, eta berez, beste gai baten inguruan (Europar Batasuneko Iparrorratz Estrategikoa) azalpenak emateko zen. Dena dela, eta batez ere talde parlamentarioen galderei emandako erantzunekin, espioitza politikoaren eskandalua izan da hizpide nagusi.
Ministroak ohartarazi duenez, "ez dugu onartuko inork, frogarik gabe, autoretza ezagun edo ezezagunak leporatzea". Era berean, herritarrei "konfiantza" izateko eskatu die, Espainiako Gobernuak "erabateko gardentasunez" jokatuko duela.
Talde parlamentarioen galderak erantzuteko bigarrenez hitza hartu duenean, ministroak esan du ez dutela onartuko "laborategi batek esatea pertsona batzuk Pegasusekin zelatatu" dituztela eta "burutapenak" baino ez direla azpimarratu du. Salatu duenez, "oso erraza eta erosoa da errealitatearekin zerikusirik ez duten gauzak leporatzea bere burua defendatu ezin duen CNIren aurka" (sekretua gorde behar du legez erakundeak). Iragarri duenez, CNIren zuzendariak bihar emango ditu azalpen guztiak sekretu ofizialen batzordean, eta kritikatu du "orain arte estoikoki jasan dituela egotzitako guztiak".
"Nik ez dut espekulaziorik egin, ezta egingo ere" ihardetsi du erantzukizunak ezartzeko eskaerei buruz. Entzuketa batzuk legez kontrakoak (epaileen baimenik gabe egindakoak) izan daitezkeela eta, nabarmendu du horiek ez direla "eskandalu politikoa, delitu baizik". Hala, espero du auzitegiek "azkeneraino ikertzea" eta horretarako Espainiako Gobernua lagun izango dutela zehaztu du.
Halaber, Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileari erantzunez, gogorarazi dio koalizioa gobernuaren parte dela, eta beraz, CNIren txostenak eskura dituela, eta bere jardunean egoki ikusten ez duten zerbait badago kontuak eska ditzakeela.
Azalpenok testuinguru zehatzean emango ditu ministroak. PSOEk, PPk, Cs-k eta Voxek ezezkoa eman zioten atzo Kongresuan ikerketa batzordea sortzeari, eta beraz, auziaren inguruko argibideak publiko egiteari. Dena dela, Pedro Sanchez presidenteak agerraldia egin beharko du (oraindik ez dute data zehaztu). Bihar Paz Esteban CNIko zuzendariak du hitzordua Kongresuko sekretu ofizialen batzordean, baina komisio hori sekretua da, eta taldeek ezin dituzte publiko egin bertan esaten direnak.
CUPeko diputatuari kargu hartu dio Batzordeko presidenteak
Espero zen bezala, Pegasus auziaren inguruan galdetu diote ia talde gehienek —Cs, PP, PSOE eta Vox alderdiek gaia saihestu dute— eta CNI Espainiako Inteligentzia Zentroaren jardunari buruzko argibideak eskatu dizkiote Roblesi.
Hain justu, Mireia Vehi CUPeko diputatuak, hitza hartzen lehenak, auzia hartu du ahotan eta Espainiako Gobernuak izandako "jarrera nahasia" salatu. Espioitza ikertuko duen eta erantzukizunak bere gain hartuko ote dituen galdetu dio ministroari. Une horretan, Jose Antonio Bermudez de Castro (PP) Defentsa Batzordeko presidenteak kargu hartu dio eskatzeko EBko Iparrorratz Estrategikoari buruz bakarrik galdetzeko. Vehik erantzun du, ironiaz, saiatuko dela "debekatutako hitza" ez aipatzen".
Jon Iñarritu EH Bilduren diputatuaren ustez, "oso larria da" Robles eta Sanchez zelatatuak egon izana, baina ministroari galdetu dio "espioitza kasu guztiak ikertzeko prest" ote dauden. Buruzagi subiranistaren arabera, "kasu guztiak dira larriak, eta salatu beharrekoak. Espioitza pairatu duten pertsona guztiei elkartasuna erakutsi behar zaie". Horren ildoan, Espainiako Gobernuak bi aurpegi dituela salatu du, Kataluniako zein EH Bilduko buruzagiei egindako espioitza eta Sanchez eta Roblesi egindakoa bereizita. Azkenik, aitortu duenez, "faltan dut Estatuko estolden zartailua zen Robles hura".
Bigarren txanda batean, Iñarrituk azaldu du Robles espioitza nork egin duen argitu behar duela, eta hiru aukera aipatu ditu: "Estatua bera, Zuzenbide Estatua ala Estatuko estoldak, aurrez gertatu den bezala". Era berean, legez kanpoko ziberespioitza "kezka" eragiten ez ote dion galdetu dio Roblesi.
Joseba Agirretxea EAJren ordezkariak "EBko Iparrorratz Estrategiaren garrantzia" nabarmendu du, murrika, gaurko agerraldian "Defentsakoak ez diren hiru bozeramaile eta Estatu idazkari bat" egon direlako. Buruzagi jeltzaleak ohartarazi duenez, ez dute "onartuko" Espainiako Gobernuak "goi mailako eskandalu politiko" honen aurrean ezikusiarena egitea, eta "berehalako argibideak" galdegin ditu.
Agirretxeak bigarrenez hartu du hitza, eta irmo mintzatu da: "Delitu bat delitu bat da, berdin dio Putinek, Marorok ala CNIk egin. Legez kontrako entzuketak delitu dira, eta hori da ikertu behar dena". Ildo horretan, ikerketa batzordearen kontra egitea "koldarra" izan zela salatu du EAJko kideak.
Montserrat Bassa ERCko kidearen arabera, "larrialdi demokratiko argian" dago Espainia eta, beste behin, Roblesen dimisioa eskatu du, "baita dimisio eta kargugabetze sorta bat ere". Bassak azpimarratu duenez, Kataluniako independentismoa "ezin da garaitu espioitzarekin" eta honakoa gaineratu du: "Aragonesek pentsatzen duena jakin nahi baduzue, jesar zaitezte berarekin negoziazio mahaian".
Unidas Podemosen izenean mintzatu den Pablo Echeniquek uste du Pegasus auzia azken urteotako "eskandalurik handiena da", eta egoera "jasangaitza" da. Koalizio morearen bozeramailearen iritzian, bi autoretza posible daude espioitza kasuetan: atzerriko agenteak izan dira edo CNIren "talde deskontrolatu" bat izan da. Bata izan ala bestea, "goi mailako erantzukizun politikoak" galdegin ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Arabako Batzar Nagusiek 2026ko aurrekontuen proiektua onartu dute, EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemos-IUren botoekin
Datorren urterako aurrekontuak onartu egin dira Elkarrekin Podemos-IUren babesaren ostean, osoko zuzenketa kendu eta Foru Gobernuarekin akordio batera iritsi baitzen, Arabako egoitza pribatuen inguruan ados jarri ondoren.
Gipuzkoako foru gobernuak 2026ko aurrekontuak onartu ditu Elkarrekin Podemosen babesarekin
Gutxiengoan agintzen den koalizio gobernuak (EAJ eta PSE-EE) oposizioko talderen baten babesa behar zuen datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Legegintzaldiko bigarren aurrekontuak izango dira: iaz PPren babesarekin eta aurten Elkarrekin Podemosekin.
Urdaibaiko Guggenheim proiektua baztertzeko erabakia hizpide izan dute Eusko Legebiltzarrean
Pello Otxandianok esan du eskualdean egindako entzuketa aktiboko prozesua heldutasun ariketa izan dela, etorkizunerako adibide izan beharko lukeena. Lehendakariak, berriz, gogora ekarri ditu ezker abertzaleak bere garaian Bilboko Guggenheim proiektuaren aurka egin zituen adierazpenak.
Eusko Jaurlaritzak "kontuz ibiltzeko" eskatu du, Euskadi "Espainiako eredu politikoarekin kutsa ez dadin"
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Euskadin aurkari politikoa ulertzeko eta errespetatzeko dagoen gaitasuna azpimarratu du Ibone Bengoetxeak. Bere iritziz, ordea, "kontu handiz ibili behar da etengabeko polarizazio eta liskar saiakerekin". Ildo horretatik, Jaurlaritza prest agertu da entzuteko, hitz egiteko eta akordioak lortzeko.
Lehendakariak "arduragabekeriatzat" jo du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean izandako polemika
Imanol Pradales lehendakariak EH Bilduk eta PPk Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaida gogorra izan du hizpide.
Zein da Atlantikoko Makroeskualdearen helburua?
Atlantikora begira dauden eskualdeak Europar Batasunean duten eragina indartzeko ideiak hamarkadak daramatza mahai gainean. Orain, Bruselak urrats bat gehiago eman du eta lurralde horiek guztiak bilduko dituen egitura komun bat sortzea aztertzen ari da.
Makroeskualde Atlantikoa martxan jartzea "berri pozgarria" da Pradalesen ustez, "Euskadiren pisu politikoa handitzen duelako"
Imanol Pradales lehendakaria pozik agertu da Europako buruzagiek atzo emandako pausoarekin. Izan ere, 2027ko ekainean beranduenez, Makroeskualde Atlantikoa bultzatzeko estrategia garatzeko eskatu zioten Europako Batzordeari.
27ek Makroeskualde Atlantikoa osatzeko estrategia eskatu diote Europako Batzordeari
Urteko azken goi-bileran bildutako estatuburu eta gobernuburuek 2027ko ekainerako estrategia hori garatzea eskatu dute. Imanol Pradalesek "urtetako lanaren, aliantzen eta lidergoaren emaitza" dela azpimarratu du.
Makroeskualde Atlantikoaren sorrerarako urratsak ematea eskatuko dute 27ek
Lehendakaritzan "baikor" daude baina "zuhurrak" izan nahi dute, "Euskadirentzat garrantzi handia duen" albiste hau baieztatu arte. Izan ere, Europar Batasuneko estatuburuak eta gobernuburuak Bruselan bilduta daude, urteko azken goi-bileran, gai nagusia Ukrainaren finantziazioa dutela. Hala ere, ondorioen zirriborroak beste puntu bat ere jasotzen du: Europako Batzordeari Makroeskualde Atlantikoa sortzea eskatuko diote.
Ernaik kartelez bete du "El Correo" egunkariaren Bilboko egoitzako atea
Sare sozialetan bideo batean hartu dute astelehen gaueko ekintza bere gain.