Aizpurua, Aberri Egunera begira: "Konpromiso kolektiboa inoiz baino beharrezkoagoa da"
Igandean Iruñean egingo duten Aberri Egunaren atarian, EH Bilduren Kongresuko eledun Mertxe Aizpurua Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da. "Maite dugun herria" leloa aukeratu dute aurtengo hitzordurako, eta horri buruz esan du "esamolde" hori bat datorrela "EH Bilduk herri honetan egin nahi duenarekin". Konpromiso kolektiboa inoiz baino garrantzitsuagotzat jo eta Aberri Egun bateratu baten alde egin du: "Nazionalistak ez diren indarrak ere batu beharko lirateke, herritarrak hobeto bizi daitezen. Ez da amets bat, pentsatzen dut ez dela hain zaila".
Maiatzeko hauteskundeak mintzagai hartuta eta PSNren eta UPNren arteko balizko itunak ahotan, zera esan du: "Ikusi beharra dago zer gertatzen den. Argi daukat Joseba Asiron izango dela boto gehien lortzen dituen alkategaia. Arduraz jokatu behar dugu. Lehenengo urratsa da eskuinari ateak ixtea, hortik aurrera hitz egingo dugu hitz egin beharrekoari buruz", adierazi du nafar sozialistek UPNren alde egingo balute Madrilen PSOE babesten jarraituko ote luketen galdetuta. "Ferrazen badaki zer gerta daitekeen", zehaztu du.
Yolanda Diazen eta Podemosen arteko "krisiaz" ere jardun du. "Nik, pertsonalki, honek guztiak izan ditzakeen ondorioak aintzat hartzea eskatuko nieke. Bidea batera ez egiteak, hondamena ekar liezaioke ezkerrari. Elkarren beharra dute, eta, hortaz, elkar ulertu beharra daukate, egoerak okerrera egitea eta lau urteko legealdia ilusio batean geratzen nahi ez badute", erantsi du.
Azkenik, Arturo Espejo guardia zibilaren aferaz hitz egin du, jazotakoa "iraingarria" dela iritzita. Aizpuruak uste du Espainiako Gobernuan badagoela gertatu denarekin ados ez dagoenik ere. "Ondo dago babesa erakustea, baina babes moral hori itzalean uzten dute gisa horretako kargu igoerek. Errealitatea onartu beharra dago, eta ezin dira horrelako gauzak jasan", bukatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.