"Herrialdeari egonkortasuna emango dion eta elkarrizketa lehenetsiko duen" gobernua osatu du Sanchezek
Goizean zehar tantaka aurreratutako izen-abizenak baieztatu ditu eguerdian Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Nabarmendu duenez, elkarrizketa eta akordioak gakoa izango dira legealdi honetan, eta osatutako gobernuak "egonkortasuna emango dio herrialdeari".
Moncloan eguerdian egin duen galderarik gabeko agerraldian, Sanchezek 22 gizon-emakumeen "profil politiko altua" goraipatu du hainbat aldiz. Euren ardurapeko gaiak kudeatu ez ezik, "akordioak lortu eta publikoki azaltzeko" gaitasuna ere badute denek ere, horren ustez.
Era berean, gobernu berriak izango duen ikuspegi "feminista nabarmena" aipatu du buruzagi sozialistak. Aurrekoetan bezala, emakumeak izango dira nagusi (12), eta lau presidenteordeak ere andrazkoak izango dira.
Sanchezen hitzetan, arlo ekonomikoan eta estatu ministerioak diren horietan —atzerri, barne, defentsa eta justizia arloetakoak— bide beretik jarraituko du gobernu berriak. Halaber, politika sozialen aldeko apustua egiten jarraituko dutela azpimarratu du, etxebizitza arloan eta gazteei zuzendutako neurriekin.
22 ministerio eta 4 presidenteordetza
Asteburuan bolo-bolo ibili da Sanchezek departamentu gutxiagoko exekutiboa osatu nahi zuela, baina azkenean ez du asmoa gauzatu. Horri esker, Sumarrek bost ministerio izango ditu bere gain (gaur egun, Unidas Podemosek dituen berberak).
Izen berrien artean, bik hartu dute protagonismoa: Elma Saiz nafarra Gizarte Segurantzako Ministerioan kokatu du Sanchezek. Bestalde, askoren ustez lurraldetasunaren legegintzaldia izango den honetan, Kanarietako presidente izandakoak, Angel Victor Torresek, hartuko du Ministerioaren gidaritza.
Gobernu berriak lau presidenteordetza izango ditu. Izan ere, Nadia Calviño, Yolanda Diaz eta Teresa Riberaz gain, Maria Jesus Montero jarduneko Ogasun ministroa laugarren presidenteordea izango da.
Gobernu parekidea izango da, 12 emakumek eta 10 gizonek osatutakoa.
Karguan jarraituko dutenak
Felix Bolaños orain arte Presidentzia, Gorteekiko Harreman eta Memoria Demokratikoko ministroa izan denak zituen zereginei eutsi, eta Justizia Ministerioa erantsiko die. Hala, "superministrotzat" har daiteke —Presidenteordetzarik ez badu ere—, kabineteko pisu politiko handiena duen Ministerioaren jabe izango baita.
Jose Manuel Albaresek Atzerri, Kooperazio eta Europar Batasuneko ministro izaten jarraituko du. Margarita Roblesek Defentsa Ministerioan errepikatuko du, eta Luis Planasek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro gisa. Fernando Grande-Marlaskak Barne Ministerioko buru jarraituko du.
Isabel Rodriguez ministro izango da legegintzaldi honetan ere (bozeramailea eta Lurralde Politikako buru izan da orain arte), baina bi ardura berrirekin: Etxebizitza eta Hiri Agenda.
Hori horrela, Pilar Alegria izango da eledun berria, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioari eutsita eta Kirolak gehituta.
Jose Luis Escrivak Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro izateari utziko dio, baina zeregin berriak izango ditu Gobernuan: bera izango da Transformazio Digitalerako ministro berria.
Nadia Calviñok, Maria Jesus Monterok eta Teresa Riberak euren ministerioen buru jarraituko dute (Gai Ekonomikoak, Ogasuna eta Trantsizio Ekologikoa, hurrenez hurren).
Diana Morant Zientza ministroak Unibertsitateen ardura ere hartuko du.
Yolanda Diaz Sumarreko buruzagia gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroa izango da beste lau urtez.
Bost ministro sozialista berri, tartean Elma Saiz
Elma Saiz (orain arte PSNko bozeramailea zena Iruñeko Udalean eta aurrez Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari izandakoa) Gizarte Segurantzako ministro izendatuko dute.
Irene Monteroren ordez, Ana Redondo Garcia aukeratu dute Berdintasun ministro. Valladolideko Kultura eta Turismo zinegotzi ohia da Redondo, eta epaile lanean ere jardun du.
Iturri berberen arabera, Angel Victor Torres Kanarietako presidente ohia Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministro berria izango da, eta Jordi Hereu Bartzelonako alkate izandakoak Industria Ministerioaren ardura hartuko du.
Oscar Puente diputatu eta Valladolideko alkate izandakoa Garraio ministro izango da.
Sumarren bost ministerioak
Pablo Bustinduy Podemoseko diputatu izandakoak eta gaur egun Sumarreko kide denak Ione Belarra eta Alberto Garzonen lekua hartuko du, biek zituzten ardurak bereganatuko baititu: Eskubide Sozial, Kontsumo eta Agenda 2030eko ministro izango da.
Monica Garcia, Mas Madrideko diputatua, izango da Osasun ministro berria. Sira Rego IUko eurodiputatuak Haurtzaroa eta Gazteria ministerio berriaren ardura hartuko du.
Azkenik, Ernest Urtasun En Comuren eurodiputatu eta Sumarren bozeramailea Kultura ministro izango da.
Sanchezen agerraldia amaitu eta berehala mezua zabaldu du Yolanda Diaz Sumarren buruzagiak. Adierazi duenez, bere alderdiko lau ministroek "euren onena emango dute herrialdea aldatzeko eta jendearen bizitza hobetzeko".
Podemos: "Sanchezek eta Diazek Gobernutik kanporatu gaituzte"
Podemos Sumarren baitan badago ere (5 diputatu ditu Kongresuan), ez du lekurik izango gobernu berrian. Pablo Fernandez eta Isa Serra talde moreko bozeramaileek agerraldia eskaini dute "akats larria" salatzeko. Euren ustez, Nacho Alvarez Podemoseko kidea ministro proposatzea Diazen "trikimailu baldarra" baino ez zen izan, eta Diazek eta Sanchezek exekutibotik "kanporatu" dituztela kritikatu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek aurrekontuen aurkezpena baztertu du uneotan, gerrari erantzuteko
Ez du baztertu aurrekontuak aurrerago aurkeztea, horietan lan egingo dutela adierazi baitu, baina argi utzi du ez dela hilabete honetan izango, "politika, bizitza bezala, ez delako aurreikusi daitezkeen planen araberakoa", eta inork ez zuelako Ekialde Hurbileko gerra aurreikusten.
Rufian eta Montero elkarrekin, ezkerraren etorkizunari buruzko ekitaldi publiko batean
Ezkerreko alderdiek ongietorria eman diote apirilaren 9an Bartzelonan izango den ekimenari. Sumarrek eta PSOEk begi onez ikusten dituzte ezkerreko fronte bat eraikitzen lagunduko duten ekintzak eta elkarrizketak.
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.