Zazpi probintzia biltzen dituen armarria kendu egin beharko dute Atarrabiako frontoiko hormatik
Atarrabiako udal-frontoiko paretan margotuta dagoen armarriak — Euskal Herria goiburupean, zazpi probintzien ezkutuak biltzen ditu— "posizio politiko jakin baten aldeko" jarrera adierazten du eta "botere publikoek izan behar duten neutraltasun irizpidea urratzen" du. Hala ebatzi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, gaur kaleratutako auto batean.
Horrenbestez, atzera bota du Atarrabiako Udalak iaz Administrazioarekiko Auzietako Iruñeko 2 zenbakiko Epaitegiak kaleratutako epaiari jarritako errekurtsoa —aurretik, epaitegi horrek eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ere armarria kentzea agindu zuten, neutraltasun printzipioa urratzen zuela argudiatuta—.
UPN alderdiaren Atarrabiako taldeak eraman zuen gaia auzibideetara. Salatu zutenez, herritar guztiei zor zaien "objektibotasuna" ez zuen errespetatu Udalak armarria margotu zuenean.
Gaur kaleratutako ebazpenak hitzez hitz dio "ezkutua sinbolo" bat dela, eta hori erabilita, "hartzaileari mezu bat" igortzen zaiola. "Frontoian margotutakoa esanahiz betetako irudia da, eta helburu apaingarria izatetik urrun, mezu politikoa helarazi nahi zaio herritarrari", epailearen iritzian.
Halaber, autoaren arabera, udal-frontoia "herritar guztien espazio publiko" bat da, eta "neutraltasuna" errespetatzea "ezinbestekoa" da.
Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak argi du armarriaren "helburua kulturala" dela, eta epaia aztertutakoan erabakiko dutela zer egin azaldu du: