Rodalies zerbitzuaren arazoak, Kataluniako hauteslekuen irekierako gorabehera bakarra
Ia 6 milioi herritarrek Kataluniako Parlamentuko diputatuak hautatzeko aukera izango dute gaur, eta horiek, ondorengo asteetan, Kataluniako XIV. legegintzaldi autonomikoan, Generalitateko presidentea aukeratuko dute.
135 eserleku daude jokoan gaur: 85 Bartzelonan, 18 Tarragonan, 17 Gironan eta 15 Lleidan.
8.940 mahai izango dira 2.695 hauteslekuetan, eta horiek osatuta, 09:00etan zabaldu dituzte hautetsontziak.
7.300 polizia-agentek (4.300 mosso eta 3.000 tokiko agente) zainduko dute herritarrek botoa "askatasunez" eta "segurtasunez" eman ahal izatea, hauteskundeen "garapen normala" eta hauteskunde-prozesuari lotutako "zibersegurtasuna".
Guztira, 5.754.840 pertsona daude botoa ematera deituta gaur, 2021eko hauteskundeetan baino 130.000 gehiago. Gainera, 243.003 gaztek lehen aldiz bozkatu ahal izango dute, Kataluniako Parlamenturako azken hauteskundeetatik hona egin direlako adinez nagusi.
Laura Vilagra Kataluniako Gobernuko presidenteorde eta Presidentetzako kontseilariak larunbat honetan jakitera eman duenez, 106.031 pertsonak eman dute botoa postaz (erroldaren % 1,95). Atzerrian bizi diren 300.000 herritarrei dagokienez, 24.233k baliatu dute botoa emateko eskubidea, hau da, atzerrian bizi diren katalanen % 8,23k.
Jakinarazpen ofizialak jardunaldian zehar
Kataluniako Gobernuak 10:00etan egingo du lehen agerraldia, hauteslekuen irekiera nola garatu den azaltzeko.
13:15ean emango dituzte parte-hartzearen lehen datuak eta egunaren gorabeheren inguruko xehetasunak, eta 18:15ean eguneratuko dituzte datu horiek.
20:00etan, hauteslekuak itxi, eta botoak zenbatzen hasiko dira. Kataluniako Gobernuak aurreikusitakoaren arabera, 22:30erako zenbatuko dituzte boto guztiak.
Berrikuntza gisa, aurten hautesleku guztietan tableta bat izango dute mahai bakoitzean, datuen berri zuzenean eta azkar eman ahal izateko. Gainera, akten argazkiak egin ahal izango dituzte, eta Adimen Artifiziala baliatuta, argazki horietan ikusten diren datuak mahai bakoitzak bidalitako zenbaketa-datuekin alderatuko dira; horrek bidalketan egon daitezkeen akatsak detektatzea erraztuko du.
Denbora errealean jarraitu ahal izango dira hauteskundeetako datuak, Eleccions Catalunya 2024 aplikazioaren bidez. Aplikazio horrek parte-hartzeari buruzko datuak eta hautagaitzen emaitzak eskainiko ditu, eta 2021eko datuekin alderatzeko aukera emango du.
Kataluniako datu orokorrak (barrutietako, eskualdeetako eta udalerritako datuak) emateaz gain, hautesleku bakoitzeko informazio zuzena emango dute aurrenekoz.
Vilagrak azaldu duenez, datu xeheagoak izateak erraztu egingo du kontaketan dantzan egon daitezkeen eserleku horien jarraipena egitea.
64 hautagaitza aukeran
64 hautagai-zerrenda aurkeztu dira hauteskundeetara, Kataluniako Generalitateko Aldizkari Ofizialak argitaratu zuenez. Zehazki, hauteskunde-batzordeek 16 hautagaitza onartu dituzte Bartzelonan, 15 Gironan eta 15 Lleidan; Tarragonan, berriz, 18.
Kataluniako hauteskunde-kanpaina ostiralean amaitu zen, eta kanpainan zehar argitaratu diren inkestek, oro har, Salvador Illa PSCko hautagaia jo dute faborito. Alderdi independentisten artean, Juntsen eta ERCren arteko lehia espero da, nahiz eta galdeketa gehienek Carles Puigdemonten (Junts) hautagaitzari ematen dioten abantaila.
Rodalies zerbitzuko arazoak
Hauteslekuak ireki baino ordu batzuk lehentxeago, kobre lapurreta bat izan da Rodalies zerbitzuaren tren azpiegituran. Adifek jakinarazi du ezin duela zehaztu noiz itzuliko den normaltasuna trenen trafikora.
Montcada Bifurcacio eremuan "gehiegizko tentsioa" egotea eragin du kobrearen lapurretak, eta etenaldiak izaten ari dira Kataluniako Rodaliesen linea guztietan.
Renfek jakinarazi duenez, "egoera honetan ez da posible trenen zirkulazioa bermatzea, eta beste garraiobide batzuk erabiltzea gomendatzen da".
Gertakari horrek eragotzi egiten du Bartzelonako tuneletako zirkulazioa, eta iparraldeko eta hegoaldeko zerbitzuen konexioa ezinezkoa da.
Arazoak ez dio AVEri eragiten, ezta ibilbide luzeko trenei ere, beste trenbide batzuk (ohiko zabalerakoak) erabiltzen baitituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Diez Antxustegik espero du enplegu publikoaren legea onartzea eta gerora "ebaluazio bateratua" egitea proposatu dio EH Bilduri
EAJk Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, jeltzaleek egindako proposamena "zuhurragoa" da eta segurtasun juridiko handiagoa ematen du. Behin onartuta, "ebaluazio bateratua" egitea proposatu dio EH Bilduri, "nahikoa ez bada" hartu beharreko neurriak aztertzeko.
Otxandiano: "Akordiorik ez badago, Pradales lehendakariarekin bilera bat eskatuko dut egoera desblokeatzeko"
"Akordioaren parametroak argi" daudela uste du Otxandianok. Bere ustez, "akordiorik eza ez dela aukera bat eta arduraz jokatzeko momentua dela". "Lirika eta erretorikaren gainetik, Agirre lehendakariaren izpiritua eta ondare politikoa hiru herrialde hauetan benetan praktikan jartzeko borondatea dagoela", azpimarratu du EH Bilduko bozeramaileak.
18 pertsona hil dira Israelgo Armadak Libano hegoaldearen aurka egindako bonbardaketetan
Iranek eskatu du Israelek atzera egitea eta erasoak bertan behera uztea, Estatu Batuekin lortutako akordio-memorandumari eutsiz. Bestalde, Israelgo Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du akordio horrek ez duela lotzen.
Sanchez, aurrekontuen harira: "Negoziatuko dugu, eta erabakiak hartu behar badira, hipotesi horiek ematean hartuko ditugu"
Espainiako Gobernuko presidenteak berretsi du kontu publikoak aurrera ateratzeko negoziatuko duela, eta adierazi du erabakiak "hipotesi horiek gertatzen direnean" hartuko direla; Exekutiboko iturriek, berriz, azpimarratu dute asmoa legealdia agortzea dela, eta testuinguru honetan baztertu egin dute aurten hauteskundeak deitzea.
Musikaren sektorerako laguntzen banaketaren gardentasuna defendatu du Bengoetxeak, hainbat artistaren kritiken aurrean
Euskal musikaren sektorerako laguntza publikoen banaketaren inguruan sortutako polemikaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak hainbat artistak egindako kritikei erantzun die. Laguntzak esleitzeko irizpideei buruzko zalantzen aurrean, Ibone Bengoetxeak prozesua zorrotza dela eta gardentasun osoz gauzatzen dela adierazi du.
Sanchezek "konfiantza" helarazi dio Zapaterori eta haren familiaren egoerarekin "enpatizatu" du
Gobernuko presidenteak Bruselan adierazi duenez, Zapaterok "dagokion unean emango ditu azalpenak". Egunotan berarekin hitz egin duela eta "lasai" dagoela adierazi du.
Kongresuak "blokeo" politikoaren gaineko mozioa onartu du, eta eskatu dio Sanchezi ustelkeriagatik "ardura hartzeko"
Mozioa aurrera atera da PP, Vox, UPN eta Junts alderdien aldeko 177 botoekin, eta EAJ eta Coalicion Canaria abstenitu egin dira. Gainerako talde parlamentarioek idatzi horren kontra bozkatu dute.
Epaileak Zapateroren alabak eta idazkaria inputatu ditu
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak eskatuta hartu du erabakia epaileak, beren defentsarako eskubidea baliatu ahal izan dezaten.
Chivitek Foru Hobekuntzaren erreforman euskara berezko hizkuntza gisa aitortzea proposatu du
Nafarroako presidenteak proposamen hori defendatuko du Foru Hobekuntzaren erreforman, eta hizkuntza hezkuntzatik, aniztasunetik eta ezagutzatik lantzearen aldeko apustua egingo du, eztabaida politikotik urrun.
Trumpek akordioa sinatu du Iranekin, Versaillesera egindako bisitan
AEBko presidenteak aurreikusitakoa baino bi egun lehenago zigilatu du ituna. Iranek dio Israelek Libanoko hegoaldetik erabat erretiratzeari uko eginez gero, akordioa bertan behera geratuko litzatekeela. Akordioak, 14 puntuz osatua, 60 egun ematen dizkie aldeei beste atal batzuk negoziatzeko.