Eusko Legebiltzarrak inbestidura saioa hartuko du gaur, bi lehendakarigairekin
Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan egingo du Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko osoko bilkura, Imanol Pradalesen (EAJ) eta Pello Otxandianoren (EH Bildu) arteko aurrez aurrekoak markatuko duen saioan. Ezusteko itzelik ezean, aurrenekoak irabaziko du dema.
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak 09:30ean emango dio hasiera bilkurari. Hala, saioaren hasieran, talde parlamentarioek proposatutako hautagaien izenak irakurriko ditu Mahaiko idazkarietako batek.
Ondoren, hautagaiek beren gobernu programa azalduko dute, boto kopuruaren arabera txikienetik hasi eta handieneraino, gehienez ere 90 minutuz. Horrenbestez, Pello Otxandianok hartuko ditu hitza aurrena; eta Imanol Pradalesek, ondoren. Hautagaien hitzaldien ostean, Legebiltzarreko presidenteak bilkura etengo du.
14:30ean ekingo zaio berriro ere bilkurari. Indar politikoen ordezkarien txanda izango da orduan. Gehienez ere 30 minutuz esku hartuko dute, txikitik handira. Talde Mistoaren kasuan, Vox ultraeskuineko alderdiaren ordezkaria ariko da aurrena 15 minutuz, eta Sumarrekoa segidan, beste 15 minutuz.
Gero, hautagai bakoitzak 30 minutuko txanda erabili ahal izango du, gehienez ere, taldeen ordezkariei erantzuteko, eta taldeen ordezkariek 10 minutu izango dituzte ostera ere erantzuteko. Jarraian eten egingo da bilkura, eta Mahaiak adieraziko du zein ordutan berrekingo zaion bilkurari, bozketa egiteko.
Izenezkoak izango dira bozketak, aurrez legebiltzarkideei dei eginda. Legebiltzarkideei izen-abizenez deitzen zaienean jendaurrean bozkatzeko, hautagaietako baten izenarekin erantzungo dute, edo abstenitu egiten direla adieraziko dute. Bozketa eraikitzailea baita, ez dago aurka bozkatzeko aukerarik.
Legebiltzarkideen botoen gehiengo osoa lortzen duen hautagaia izango da hautatua, Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa. Hautagai batek ere ez badu lortzen gehiengo osoa, beste bozketa bat egingo da 24 orduko epean, eta hautagaien artetik boto gehien lortzen duena izango da lehendakari hautatua.
Ikusmina
Agintariek eta erakunde eta gizarteko ordezkariek palkoetatik jarraituko dute bilkura, baita Legebiltzarreko taldeen gonbidatuek ere.
Besteak beste, honako agintari hauek izango dira Ganberako palkoetan: Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuko EAEko ordezkaria eta Esther Apraiz EUDELeko lehendakaria. Horrez gain, Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Manu Lezertua Arartekoa ere izango dira.
Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiaren hitzaldiak jeltzaleek eta PSE-EEk sinatutako programa akordioa izango du oinarri. Akordioak bost ardatz eta 32 jardun arlo ditu "Euskadi globala eraikitzeko" asmoz. Asteazkenean sinatutako dokumentuak "Ongizatean hazi" du izenburutzat, eta bi alderdiek XIII. legealdirako dituzten lehentasun eta lan ildoak marraztu ditu.
Itunaren oinarriei dagokionez, ongizatearen oinarri diren "osasuna, hezkuntza, enplegua, etxebizitza, segurtasuna eta gizarte zerbitzuak bezalako esparruak hobetzen jarraitzeko" ekimenak aipatu dituzte lehenik bi alderdiek. Era berean, Euskadiren berrindustrializazioa bultzatzea lehenetsi dute, "ekonomia berriak industria-ehun moderno, dinamiko, garatu eta iraunkor bat" garatzeko aukerak baliatuta eta "kalitatezko enplegua" bermatuta.
Hirugarren ardatza "trantsizio energetiko ordenatu eta koordinatuari" dagokio, euskal produkzio-sektoreak finkatutako helburuak lortu eta "gure etorkizuna arriskuan jar" ez dezan.
Bizikidetzaren alorrean, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren zein LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko defentsa egingo da, baita "iraganarekiko memoria kritikoa eta biktimekiko solidarioa eraikitzekoa" ere. Ildo horretan, biktima guztien aintzatespen osoa azpimarratzen da.
Autogobernua hizpide, EAJk eta PSE-EEk bi helburu zehaztu dituzte. Batetik, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta Estatutu Itun berri bat egiteko oinarriak lortzea. Azken horretarako, Eusko Legebiltzarrean "negoziazioaren, akordioaren eta ahalik eta adostasun politiko handiena" bilatuko dute, horren "eskumenaren eta indarrean dagoen legeriaren esparruan". Era berean, lehentasunezko helburu gisa ezarri dute "Euskadiren nazioartekotzeak dituen etorkizuneko aukerak aprobetxatzea".
Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak, aldiz, erabakitzeko eskubidean jarriko du azpimarra, euskal estatus politiko berrian jasotzea "funtsezkotzat" jotzen baitu. Koalizio subiranistaren arabera, "legealdiaren lehen urtean martxan jarri beharko litzateke". Gainera, Otxandianok Pradalesi inbestidura "tramite hutsa" bihurtzea leporatu dio.
Koalizio subiranistaren aburuz, estatus berri bati buruzko eztabaida "legegintzaldiaren lehen urtean hasi beharko litzateke", Eusko Legebiltzar berriaren gehiengo abertzalea kontuan hartuz, eta Madrilen "nazioa" defendatuko duen testu artikulatu bat osatu behar dela azpimarratuko du.
"Gauzak ondo egin behar dira eta ez dugu presaka ibili nahi, baina bada garaia. (...) Irailean edo urrian hitz egiten hasi beharko genuke", eta autogobernuari buruzko eztabaida "legealdiaren lehen urtean abiatu behar da", gaineratuko du EH Bilduko hautagaiak.
Bilkura, zuzenean
Osoko bilkura 09:30etik aurrera, zuzenean, eitb.eus-en, EITB Albisteak appan eta sare sozialetan jarraitu ahal izango da. ETB1en Amaia Cayerok egingo du kontakizuna, eta arratsaldean Odei Esnaolak hartuko du lekukoa. Gainera, ETB1ek eta ETB2k 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegi bereziak egingo dituzte Legebiltzarretik: eguerdian Jonan Apaolazak eta Saioa Martijak gidatuta, eta gauean Juan Carlos Etxeberriak eta Nerea Reparazek. 'En Jake' eta 'Quedate' saioek ere jarraipen berezia egingo diote Eusko Legebiltzarrean gertatzen den guztiari.
Irratiei dagokienez, 'Boulevard' berezia izango da bertatik, Dani Alvarez Radio Euskadiko albistegietako buruak zuzenduta eta aurkeztuta. Euskadi Irratia ere Gasteizetik arituko da, eta bertan 'Faktoria' berezia egingo dute, Iñaki Guridiren eskutik. Bi hautagaien hitzaldiak bertatik bertara jarraitu eta aztertuko dituzte, hainbat kolaboratzailerekin. Radio Vitoriak, bestalde, solasaldia egingo du legebiltzarkide ohiekin 08:30ean, eta gertutik jarraituko du eguna 'Radio Vitoria Gaur' goizeko albistegian, Aratz Goikoetxearen gidaritzapean.
Zure interesekoa izan daiteke
Urdaibaiko Guggenheim proiektua baztertzeko erabakia hizpide izan dute Eusko Legebiltzarrean
Pello Otxandianok esan du eskualdean egindako entzuketa aktiboko prozesua heldutasun ariketa izan dela, etorkizunerako adibide izan beharko lukeena. Lehendakariak, berriz, gogora ekarri ditu ezker abertzaleak bere garaian Bilboko Guggenheim proiektuaren aurka egin zituen adierazpenak.
Eusko Jaurlaritzak "kontuz ibiltzeko" eskatu du, Euskadi "Espainiako eredu politikoarekin kutsa ez dadin"
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Euskadin aurkari politikoa ulertzeko eta errespetatzeko dagoen gaitasuna azpimarratu du Ibone Bengoetxeak. Bere iritziz, ordea, "kontu handiz ibili behar da etengabeko polarizazio eta liskar saiakerekin". Ildo horretatik, Jaurlaritza prest agertu da entzuteko, hitz egiteko eta akordioak lortzeko.
Lehendakariak "arduragabekeriatzat" jo du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean izandako polemika
Imanol Pradales lehendakariak EH Bilduk eta PPk Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaida gogorra izan du hizpide.
Zein da Atlantikoko Makroeskualdearen helburua?
Atlantikora begira dauden eskualdeak Europar Batasunean duten eragina indartzeko ideiak hamarkadak daramatza mahai gainean. Orain, Bruselak urrats bat gehiago eman du eta lurralde horiek guztiak bilduko dituen egitura komun bat sortzea aztertzen ari da.
Makroeskualde Atlantikoa martxan jartzea "berri pozgarria" da Pradalesen ustez, "Euskadiren pisu politikoa handitzen duelako"
Imanol Pradales lehendakaria pozik agertu da Europako buruzagiek atzo emandako pausoarekin. Izan ere, 2027ko ekainean beranduenez, Makroeskualde Atlantikoa bultzatzeko estrategia garatzeko eskatu zioten Europako Batzordeari.
27ek Makroeskualde Atlantikoa osatzeko estrategia eskatu diote Europako Batzordeari
Urteko azken goi-bileran bildutako estatuburu eta gobernuburuek 2027ko ekainerako estrategia hori garatzea eskatu dute. Imanol Pradalesek "urtetako lanaren, aliantzen eta lidergoaren emaitza" dela azpimarratu du.
Makroeskualde Atlantikoaren sorrerarako urratsak ematea eskatuko dute 27ek
Lehendakaritzan "baikor" daude baina "zuhurrak" izan nahi dute, "Euskadirentzat garrantzi handia duen" albiste hau baieztatu arte. Izan ere, Europar Batasuneko estatuburuak eta gobernuburuak Bruselan bilduta daude, urteko azken goi-bileran, gai nagusia Ukrainaren finantziazioa dutela. Hala ere, ondorioen zirriborroak beste puntu bat ere jasotzen du: Europako Batzordeari Makroeskualde Atlantikoa sortzea eskatuko diote.
Ernaik kartelez bete du "El Correo" egunkariaren Bilboko egoitzako atea
Sare sozialetan bideo batean hartu dute astelehen gaueko ekintza bere gain.
Onartu dira Nafarroako 2026ko aurrekontuak, bazkideen babesarekin eta UPN, PPN eta Voxen kontrako botoekin
2026rako aurrekontuak 6.471 milioi eurokoak dira, iazkoak baino % 4,8 gehiago, eta Nafarroan inoizko aurrkontu altuenak. Azken asteotan 19,1 milioi euroko balioa duten 368 zuzenketa gehitu zaizkio Gobernuaren proposamenari, guztiak ere Gobernu-bazkideen alderdiek (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) eta EH Bilduk proposatutakoak.
Gogorak Txomin Letamendi EAJko militantea omendu du
Ondarroan eta Bilbon egingo dituzte omenaldiak, abenduaren 19an eta 22an, haren ohorea eta duintasunaren alde.