Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak presidente berria hautatuko du gaur, bost urteko blokeoaren ondotik
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) presidente berria hautatuko du gaur, bost urteko blokeoaren ondotik. Zazpi dira hautagaiak —bost emakume eta bi gizonezko—, guztiak Auzitegi Goreneko magistratuak. Hainbat iturriren arabera, hiru dira faboritoak: Pilar Teso 2013an ere hautagai izan zen progresista moderatua; Pablo Lucas sektore kontserbadoreak proposatutako magistratu progresista moderatua; eta Ana Ferrer progresista, besteak beste, 'proces' auziko epaimahaikide izandakoa. Angeles Huet, Antonio del Moral, Esperanza Cordoba eta Carmen Lamela dira beste laurak, denak kontserbadoreak. Azken hori, 'Altsasu' auziko epaile instruktorea izan zen.
Hautagaitza guztiak BJKN osatzen duten 20 kide berriek —erdiak Alderdi Popularrak proposatutakoak eta beste erdiak PSOEK— joan den astean aurkeztutakoak dira. 2018tik dago berritu gabe epaileen organo gorena.
Halaber, 2022an Carlos Lesmesek dimisioa aurkeztu eta Goreneko eta BJKNko presidentetza utzi zuenetik, bi erakunde horien presidentetza bitan banatuta dago. Ez ziren ados jarri bietarako presidente bakarra izendatzeko. Beraz, gaurko bozketarekin, atzera berriz bi organoak presidente bakarra izatera igaroko dira.
Araudiaren arabera, presidente aukeratzeko hiru bosten babesa behar da, gutxienez; hau da, gutxienez 20 bokaletatik 13k egin behar dute hautagai beraren alde. BJKNko orain arteko presidente guztiak gizonezkoak izan dira.
BJKNko presidentziarako hautagai izateko hainbat baldintza bete behar dira: Auzitegi Goreneko magistratua izatea, edo 25 urte baino gehiagoko eskarmentua izatea legelari moduan.
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"