OSASUN-ITUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jaurlaritzak "espero eta nahi" du ELA osasunaren inguruko herri-itunaren lehen bileran izatea ostegunean

Sindikatu abertzaleak bihar jakinaraziko du, ohar bidez, bileran parte hartuko duen edo ez.
ela sindikatua pradales efe
Pradales lehendakariaren eta ELAko ordezkarien arteko bilera, uztailean. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak "espero eta nahi" du ELA sindikatua osasunaren inguruko herri-ituna erdiesten hasteko ostegunean egingo den lehen bileran izatea. Hala esan du Maria Ubarretxena Gasteizko Exekutiboko eledunak,  Gobernu Bileraren osteko agerraldian.

Oraingoz, sindikatu abertzaleak ez du jakinarazi hitzordura joango den ala ez. Bihar baieztatuko omen du, goizean zabalduko duen ohar baten bidez. Ubarretxenaren hitzetan, gaiak duen "garrantzia" kontuan izanda, "eragile guztien ekarpenak beharrezkoak" dira eta, horrenbestez, dei egin dio ELAri, bilerara joan dadin. "Herri honek guztion ekarpena behar du", esan du.

Alberto Martinez Osasun sailburuak gidatuko du batzarra, eta Imanol Pradales lehendakaria ere bertan izango da. Behin lantaldea martxan jarrita, Javier Meana EHUko Farmakologiako katedradunak koordinatuko du prozesua.

2025eko martxorako herri-ituna prest izatea nahi du Jaurlaritzak. Aurreikuspenen arabera, hiru fase izango ditu etzi sailburuak proposatuko duen lan-metodologiak. Aurrenekoan, osasun sistemaren inguruko diagnostiko partekatua adostea da asmoa; bigarrengoan, berriz, Osakidetzaren printzipioak ezarriko dira; eta hirugarrengoan, etorkizuneko ildo nagusiak.

Osteguneko bilera  EHUren Bizkaia Aretoan egingo da, Bilbon. Jaurlaritzako, alderdi politikoetako, sindikatuetako, unibertsitateetako eta osasungintzarekin lotutako elkarteetako ordezkariak elkartuko dira.

Albiste gehiago politika

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pello Otxandianok estatus berri bat adosteko "erabateko eta mugarik gabeko konpromisoa" eskaini dio lehendakariari

EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandianok bat egin du lehendakariak “garai ilunen” mehatxuaren inguruan egindako diagnostikoarekin. Ildo horretan, azpimarratu du EH Bildu prest dagoela, “mugarik gabe”, Euskal Herriaren eta euskal gizartearen defentsan lankidetzan egiteko: “Lehendakariak eta gobernuak gure erabateko kolaborazioa izango du testuinguru historiko honi aurre egiteko”.  

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Jon Hernandez (Sumar): "Estatutuaren inguruko eztabaida ezin da modu abstraktuan egin, eskumenak nola erabiltzen diren ikusi behar da”

Politika orokorreko osoko bilkuraren arratsaldeko saioan, Sumarreko legebiltzarkideak ohartarazi du estatutu berriari buruzko eztabaida autogobernuaren benetako erabileran eta dauden eskumenetan oinarritu behar dela. Hernandezek azpimarratu du jokoan dagoena ez dela soilik legegintzaldi bat, Euskadik krisi klimatikoari, prekarietateari, desberdintasun sozialari eta etxebizitzari erantzuteko duen gaitasuna baizik. 

Gehiago kargatu