Heriotza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kepa Anabitarte euskal sindikalismoaren ikurra zendu da

Pasaian jaioa, gaztetan hasi zen ELA sindikatu klandestinoan militatzen, eta erbesteratu beharra izan zuen. 91 urterekin hil da, Donostian.
Kepa Anabitarte (Pasaia, 1934) hil da. Irudia: EITB
Kepa Anabitarte (Pasaia, 1934) hil da. Irudia: EITB

Kepa Anabitarte (Pasaia, 1934) zendu da, frankismo garaian euskal sindikalismoaren ikurra izandakoa. Gaztetan hasi zen ELA sindikatu klandestinoan militatzen, eta erbesteratu beharra izan zuen. 70eko hamarkadan Euskal Sozialisten Biltzarra (ESB) sortu zuen. 91 urterekin hil da, Donostian.

Anabitarte Euskal Herriaren askatasun egarriak mugitu du bizitza osoan. Familia euskaldun eta abertzale batean sortu zen, Trintxerpe auzoan, langileen borrokak eta zapalkuntza gogorrak blaitutako testuinguruan.

ELA sindikatuan hasi zuen militantzia ibilbidea, eta kartzelan egon zen horregatik. Municheko 1962ko kongresuaren ondoren, sindikatuaren lehen zatiketa handiaren eragileetako bat izan zen, herriaren askatasunera heltzeko bideei eta analisiei zegozkien funtsezko desadostasun politikoen ondorioz. ELA-berri taldearen arduradun izan zen geroztik.

ESB alderdiaren sorreran ere parte hartu zuen, kooperatibismoan aritu zen, Gipuzkoako industriaguneetako arduradun izan zen, Nabarralderen bultzatzaileetako bat, Orreaga iritzi taldeko kide, Gara egunkaria argitaratzen duen EKHE SAren presidente, eta abar.

ELAk ohar batean doluminak eman dizkie Kepa Anabitarteren familiari eta hurbilekoei. "Garai bereziki zailetan sindikatuko militante garrantzitsua izan zen", azpimarratu sindikatu abertzaleak.

"Bere printzipioekiko leiala zen militante bat hil da, eskuzabala, nekaezina, Euskal Herri aske eta justu bat eraikitzeko proiektuetan beti konprometitua. Agur eta ohore, Kepa Anabitarte", zekarren oharrak.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Londresera Euskadi "kritikatzera" eta etxebizitzaz hitz egitera joatea egotzi dio EAJk EH Bilduri, bere ekarpena "zero" izan arren

Iñigo Ansola EAJren BBBko presidenteak Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bildu koalizioko burua kritikatu du aste honetan Londresera joateagatik, EH Bilduk etxebizitzari buruz egindako proposamena aurkeztera, "Euskadi zalantzan jarri eta kritikatzeko". Horren harian, Euskadin etxebizitza publikoa eraikitzeko egin duen ekarpena "zero" dela esan du.

Euskaltzaleon martxa Iruñea Gaztelu plaza
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskararen lurgunea gero eta zabalagoa da Nafarroan, baina estuturik dauka Euskararen Legeak berak

Euskararen Foru Legeak 40 urte betetzen ditu aurten, eta euskara lekua irabazten joan den arren, legeak bere horretan jarraitzen du, lurraldea hiru eremutan banatzen, bai eta nafarren hizkuntza eskubideak mugatzen ere. Euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea askoren aspaldiko eskakizuna da, baina tramite administratiboaz harago, borondate politiko argia eta negoziazio gaitasuna eskatzen ditu prozesuak.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X