Justizia euskalduntzen jarraitzeko urratsak ematea eskatu du Eusko Legebiltzarrak
Justizia euskalduntzeko urratsak ematen jarraitzea eskatu dio gaur Gasteizko Ganberak Eusko Jaurlaritzari, hizkuntza normalkuntzarako plan estrategikoa aintzat hartuta. Halaber, onartutako testuan jasota geratu da Jaurlaritzak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak elkarlana sustatu dezatela, alor horretako langileak euskalduntzeko. Azken datuen arabera, epaileen soilik % 6 dira epaiketa osoan euskara erabiltzeko gai.
EH Bilduren ekimen bati EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako osoko zuzenketa batean daude jasota eskariok. Koalizio abertzalearen mozioa atzera bota dute, eta jeltzaleen eta sozialisten zuzenketak egin du aurrera. Azken horiek gogorarazi dute ez dela Jaurlaritzaren eskumena epaileak euskalduntzea.
Hori horrela, onartutakoarekin kritiko agertu da Eraitz Saez de Eguilaz EH Bilduren legebiltzarkidea, eta epaileek euskara ikasteko "bitarteko gehiago" eta "programa propioa" abian jartzea eskatu du. Salatu duenez, "Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren hitzartutako hitzarmen batek nekez izango du gaitasuna euskaldunok ditugun beharrei erantzuteko". Ausardia eskatu du, bere hitzetan, beti Espainiako Gobernuak egingo duenaren menpe egon gabe.
Josune Escota EAJren legebiltzarkideak, berriz, azaldu du gaur egun bederatzi epaile ari direla euskara ikasten, baina epaiketak osorik euskaraz egin ahal izateko alde guztiak hala egiteko prest egotea ezinbestekoa dela.