Mañuetako alkateak inskripzio frankista bat kentzeari uko egin izana aztertuko du Espainiako Gobernuaren ordezkariak
Francisco Javier Garcia herriko alkateak (PP) esan duenez, "nire borondatez ez dut kenduko", "ez du inor molestatzen" eta "bizitza osoa darama herrian".
Mañuetako Udalaren eraikin bateko leiho baten ateburuan grabatutako inskripzio frankista. Argazkia: Europa Press
Marisol Garmendiak, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, datorren astean aztertuko du zein urrats emango diren Mañuetako udal eraikin batetik (Araba) inskripzio frankista bat kentzeko. Alkateak (PP) ez du inskripzio hori bere borondatez kendu nahi.
PSE-EEk "Jainkoagatik eta Espainiagatik eroriak" goiburu frankista kentzeko eskatu zion martxoan Mañuetako Udalari; izan ere, udal eraikin bateko leiho baten ateburuan grabatua dago, eta Gerra Zibilean hildako lau bizilagunen izen-abizenak ditu.
Ondoren, Espainiako Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak errekerimendu formal bat egin zion Udalari, Memoria Demokratikoaren Legea bete eta inskripzio hori ken zezan, baina ez da bete.
Horren aurrean, Francisco Javier Garcia herriko alkateak (PP) esan duenez, "nire borondatez ez dut kenduko", "ez du inor molestatzen" eta "bizitza osoa darama herrian".