Alderdiek "onartezintzat" jo dituzte Gasteizko istiluak, eta Erne sindikatuak Ertzaintzako buruak "berehala kargugabetzeko" eskatu du
Igande honetan Falange Españolak Gasteizen eragindako istiluei aurre egiteko dispositiboa "eskasa" izan zela kritikatu du Ernek. EH Bilduk erantzukizunak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari, "inoiz egin behar ez zen" ekitaldia egitea baimentzeagatik. EAJk, berriz, gogor kritikatu du ezker abertzaleko koalizioaren jarrera, eta "begirada desbideratzea" eta "indarkeria gaitzesteari uko egitea" leporatu dizkio.
Falange Españolako kideak, igande honetan, Gasteizen. Argazkia: Orain
Gasteizen izandako istiluen harira, EAEko alderdi politikoek gaitzetsi egin dute atzo gertatutakoa. Falange Españolaren elkarretaratzean eta kontramanifestazioan parte hartu zutenen arteko liskarrak izan ziren igande honetan. Istilu bortitz horietan 20 ertzain zauritu ziren eta 19 pertsona atxilotu zituzten, desordena publikoa eragitea egotzita.
EAJ
Arratsaldean zabaldutako ohar batean, EAJren Euzkadi Buru Batzarrak esan du "onartezinak eta oso kezkagarriak" izan zirela atzoko gertakariak, eta "erantzule bakarrak" Gasteizko kaleetan indarkeria erabili zutenak direla gehitu du: "Falangea eta elkarretaratzeak deitu zituzten talde erradikalak".
EH Bilduri ere zuzendu zaio EAJ, eta gogor kritikatu du koalizioaren jarrera. "Beste behin, begirada desbideratu nahian aritu da, Gasteizko kaleetan bizi izandako indarkeria gaitzesteari uko eginez", gaitzetsi dute jeltzaleek. "EBBk jakin nahiko luke EH Bilduk atzo eta gaur goizean kaleratutako bi komunikatuetatik zeinek erantzuten dion bere jarrera ofizialari, batak eta besteak gertatutakoaren irakurketa bana eta elkarren artean ezberdina egiten dutela ikusita".
EBBren hitzetan, Espainiako Falangearen "ideologia herri honen gehiengoaren borondate demokratikoaren aurkakoa" da, baina, era berean, uste du "kontrako muturretik eta indarkeriazko forma berberak erabiliz, indarkeriazko sorgin gurpila" baino ez dela elikatzen.
Azkenik, EAJk berretsi du "indarkeria bere forma guztietan, edonondik datorrela ere" gaitzesten duela, eta" politika egiteko eta jarrera desberdinak errespetutik eta modu eraikitzailean adierazteko modu bat" aldarrikatu du.
PSE-EE
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSEren idazkari nagusiak esan duenez, istiluak "onartezinak" dira eta horrelako manifestazioak "kontrolatu" egin behar dira. Euskadi Irratian elkarrizketatu dute, eta adierazi du hori dela "ultraeskuinaren mezuek dakartena".
Gipuzkoako sozialisten burua kezkatuta agertu da Ertzaintza "hainbat unetan gehiago egin ezinean" ikusi zuelako, eta "egoera kontrolaezina" zelako.
"Ez dakit akatsik izan den, baina hausnarketa egin egin behar da, manifestariak makilekin joan baitziren Gasteizera, borroka bila, eta bazirudien bi talderen artean geratu zela, baina atzokoa ez zen futbol partida bat, beste zerbait baizik", adierazi du.
EH Bildu
Bestalde, EH Bildu kezkatuta agertu da gertakariak direla eta, eta erantzukizunak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari. Ohar batean, alderdi soberanistak adierazi du Falangearen ekitaldia "inoiz ez zela onartu behar izan, ultraeskuinaren mehatxuak elkarbizitza eta segurtasuna arriskuan jartzen dituen testuinguru batean".
Era berean, Oskar Matute EH Bilduk Kongresuan duen bozeramailea Radio Euskadin izan da, eta nabarmendu du ez zela baimendu behar izan Falangeren ekitaldia.
"Turismo faxista egin nahi zuen jende horrek beste leku batean egin beharko zukeen"; izan ere, "frankismoaren aurkako sentimendu handia eta antifaxista duen lurraldea da, ziurrenik Gernikako seme-alabak garelako", eta "ez dut ulertzen hona horrelakoak egitera etortzea horren erraza" izatea, gaineratu du.
Sumar
Sumarrek galdera sorta erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Segurtasun Sailak igandean Gasteizen gertaturiko istiluen inguruko informazioa eman dezan.
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak kontzentrazioaren jatorriari eta arduradunei buruzko datuak eskatu ditu, baita polizia dispositiboari buruzkoak ere. Horrez gain, Memoria Demokratikoaren legea aintzat hartuta, uneren batean Falange Españolari elkarretaratzea egiteko baimenik ez emateko aukera aztertu al zuten galdetu du.
Halaber, espazio publikoan ideologia faxista duten erakundeen presentziaren "irakurketa politikoa" ere eskatu diote Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari.
Erne
Bestetik, Erne sindikatuak Josu Bujanda Ertzaintzaren burua eta Alfonso Garaikoetxea Herritarren Babeserako Dibisioko burua "berehala " kargutik kentzeko eskatu du, atzoko dispositiboa "eskasa" izan zelakoan, "gazte erradikalekin borroka zakarra" eragin zuelako.
Haren ustez, atzoko operatiboaren planteamendua "negargarria izan zen, eta herritarren segurtasunaren defentsan oinarritutako Polizia-jarduera eraginkorra gidatu behar duten estandarretatik erabat aldendua".
Sindikatuaren aburuz, "herritarrei emandako irudia eta eragileek eta herritarrek eurek beren gain hartutako alferrikako arriskua plangintza operatiboaren buru direnen erantzukizun zuzena dira".
Esan
Esan sindikatuaren arabera, Gasteizen izandako istiluek agerian uzten dute berriro ere "Ertzaintzak ez duela langile nahikorik tentsio eta arrisku handiko egoerei bermeekin aurre egiteko".
Sindikatu horrek ohar batean salatu duenez, "talde erradikal batzuek kaosa eragiten eta agenteen eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duten bitartean, Eusko Jaurlaritzak beste aldera begiratzen jarraitzen du, eta Ertzaintzaren ehunka plaza bete gabe daude". Ildo horretan, Ertzaintzako plazak "berehala" betetzea eskatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Insausti Donostialdeko udalekin bilduko da ostegunean, etxerik gabeko pertsonen egoera aztertzeko
Hain justu, Pasaia, Oiartzun, Errenteria, Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo udalak deitu ditu Donostiako alkateak arazoari elkarrekin erantzuteko, etxerik gabeko pertsonen gaia "ez delako soilik hiri bakar baten auzia".
Beatriz Artolazabalek Estefania Beltran de Heredia ordezkatuko du EAJren talde parlamentarioan senatari eta bozeramaile gisa
2020az geroztik Senatuan EAJ bozeramailea da Beltran de Heredia. Izendapen horren ondorioz, Artolazabal ez da berriro Gasteizko alkategai izango 2027ko udal-hauteskundeetan.
EH Bilduk Iker Casanova proposatu du Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagai izateko
EH Bilduren Bizkaiko Mahai Politikoaren ustez, barakaldarra da hautagai egokiena ezkerreko subiranismoaren proiektua ordezkatzeko.
Zupiriaren ustez, ez dago kutsu politikorik gazteen eta Ertzaintzaren artean Aste Nagusian izandako istiluetan
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gizon gazteekin, alkoholaren eta beste substantzia batzuen kontsumoarekin eta gaueko aisialdiko "desinhibizioarekin" lotu ditu istiluak. Ceutari buruz galdetuta, deitoragarri iritzi dio Marokori "dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko" ez eskatzeari.
Zupiriak "larritzat" jo ditu Poliziaren aurkako "gizalegearen kontrako jokabideak"
EH Bilduk erasoak arbuiatu ditu, eta "unean uneko gertakariak" direla esan du. PPk Gogorregi txosnaren "lotura politikoaz" galdetu dio Segurtasun sailburuari.
Bloke erreakzionarioa geldiaraztea izango da EH Bilduren "lehentasun nagusia" urte politiko berrian
EH Bilduk Iruñean abiatu du urte politikoa, Mahai Politikoak Baluarten egindako bilerarekin. Arnaldo Otegi kolizio independentistaren idazkari nagusiak azaldu du, besteak beste, hurrengo hilabeteetako erronkak identifikatzeko baliatu dutela hitzordua. "Hauteskundeak izango dira Espainiako eta Frantziako estatuetan. Euskal Herri osoa eduki dezakegu eskuin muturreko bi gobernu erreakzionarioen pean", esan du.
Gazteen eta Haurren Gaietarako Espainiako ministroak "ezinbestekotzat" jo du Ceutako adingabeak penintsulan hartzea
Sira Rego ministroaren iritziz, "beharrezkoa da adingabe migratzaileak hartzea", sortutako krisi egoera "arintzeko" eta "adingabeen zaintza eskubidea bermatzeko".
Sanchezek baztertu egin du Ceutako migrazio krisiaren atzean Maroko egotea
SER katean egindako elkarrizketa batean, Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu du inteligentzia zerbitzuek ez dutela uste Maroko Ceutako krisian inplikatuta daogenik. Halaber, berretsi du Marokorekiko harremanak oso ona izaten jarraitzen duela.
Hainbat agenteren aurka Getxon gertatu den eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza
Ohar batean, Segurtasun Sailak erasoak gaitzetsi ditu eta salatu du gazte batzuek objektuak jaurti dizkietela uniformerik gabe zihoazen zenbait agenteri. Irainak ere jaso omen dituzte ertzainek: "zipaioak", "puta semeak" eta "nazkagarriak", besteak beste.
Euskadiko PPk EAJren "lotsagabekeria" salatu du, Espainiako poliziei Ceutara joatea eskatzeagatik
Laura Garrido Eusko Legebiltzarreko PPren bozeramailearen hitzetan, Aitor Estebanen adierazpenek argi uzten dute EAJren eta EH Bilduren artean "ez dagoela inolako alderik".