Gazte batek salatu du pilotakada bat jaso zuela aurpegian Gasteizko istiluetan
Aritz Ibarra gazteak Radio Vitorian jakinarazi du igandean Falange Españolaren bilkuraren testuinguruan sortutako istiluetan Ertzaintzak jaurtitako foam pilota batek masailhezurra apurtu diola eta salaketa jarri duela epaitegietan. EH Bilduren ustez, gertatutakoa larria da oso, eta Ertzaintzak barne-ikerketa abiatu du.
Igandean Falange Espainolak Gasteizen egindako ekitaldi bat tarteko egin zen manifestazioan parte hartu zuen gazte gasteiztar batek salatu duenez, Ertzaintzak jaurtitako foam pilota batek aurpegian jo zuen, masailhezurra apurtuz.
Ertzaintzak, bere aldetik, ohar bidez jakinarazi du barne-ikerketa bat abiarazi duela gertakari horien inguruan. Nolanahi ere, nabarmendu du komunikabideen bidez izan Segurtasun sailak gertakari horien berri, "eta ez modu ofizialean, ordu hauetan ez baitago horren inguruko salaketarik".
Gertakariak igandeko Falage Españolaren ekitaldi baten testuinguruan gertatu ziren. Radio Vitoriako mikrofonoen aurrean Aritz Ibarra gazteak salatu du igande eguerdian, Ertzaintzak, ekitaldia babesten ari zela, bost metroko distantzia batetik pilota bat jaurti zuela zuzenean bere aurpegira.
"Ihesian nindoala, bost metrotara tiro egin zidaten zuzen-zuzenean, eta momentu horretan sentitu nuen ahoa hautsita nuela, eta odolez betea", esan du. Polizia agenteak, aupegia ikusi ziotenean, "izutu egin ziren", nabarmendu du. Ondorioz, hurrengo egunean ebakuntza egin zioten ospitalean, eta, gaztean esan duenez, "Zorionez, dena ondo atera zen".
Atzo epaitegian salaketa jarri zuen, eta kolpearen uneko bideoa X sare sozialean zabaldu zuen behin salaketa jarrita. "Atzo abokatuak gomendatu zigun salaketa publiko egin aurretik, salaketa epaitegietan jartzea. Eta gero publiko egin genuen kasua", adierazi du.
Gertatutakoa "oso larritzat" jo du EH Bilduk
Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkari eta legebiltzarkideak adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura hasi baino minutu batzuk lehenago, eta "oso larritzat" jo du Ertzaintzaren jarrera. "Gazte honi masailezurra txikitu izana gertakari oso larria iruditzen zaigu", adierazi du.
Rodriguezek nabarmendu du "bideoak eta argazkiak daudela", eta "itxura guztien arabera, legez kanpokoa izan daitekeen polizia-jarduera bat izan dela, beste behin", gertakari hori.
Zentzu horretan, erakundeei eskatu die "erantzukizunak har ditzala", eta "autokritika" bat egitea eta "neurri zehatzak" hartzea exijitu die, "horrelakorik berriro gerta ez dadin".
Zupiriak berretsi du "ez dagoela salaketarik"
Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak, Gasteizko Legebiltzarrean komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, berriro azpimarratu du joan den asteleheneko gauza bera, alegia, bazekiela salaketa bat egon zitekeela horrelako gertaera batzuengatik, baina ofizialki Ertzaintzak ez duela salaketarik jaso, eta ustez, ezta auzitegiek ere.
Orain, baina, horren departamentuak ohar bidez adierazi du Barne Arazoetarako Saila ustezko gertakariak ikertzen ari dela, "gertatutakoa argitu ahal izateko eta erabilitako indarra barne-jarraibideekin bat datorren zehazteko".
Gainera, oharrean jakinarazi du kasua Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari ere helarazi zaiola.