EH Bilduk akordioa lortu du bezeroen arreta zerbitzuetan euskara txertatu dadin
Bezeroentzako arreta zerbitzuak euskaraz eman daitezen, lege proiektuan hainbat zuzenketa txertatzea lortu du EH Bilduk, Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiekin akordioa eginda.
Koalizioak argitaratutako oharraren arabera, Hego Euskal Herrian lan egiten duten enpresek “euskarazko arreta pertsonalizatua bermatu” beharko dute eta bezeroek “edozein komunikazio euskaraz aurkezteko aukera" izan beharko dute zuzenketak onartzen direnean.
“Legearen artikulu giltzarrietan euskararen erabilera blindatu” dute lortutako akordioari esker eta, beraz, zuzenketa horiek “euskal hiztunen eskubideen errespetuari eraginkortasuna” ematen diotela azpimarratu du.
EH Bilduk “urrats oso garrantzitsutzat” jo du akordioa euskaldunen hizkuntza eskubideak “eremu berri eta garrantzitsu batean errespetatuko” baitira eta aurrerapausoa dela adierazi du “gure hizkuntzaren erabilera geroz eta esparru eta harreman gehiagotan zabaltzen jarraitzeko”.
Legearen 7. eta 8. artikuluetan egindako aldaketak aipatu ditu koalizioak oharrean.
Hala, alde batetik, “hizkuntza ofizialetan kexak eta erreklamazioak aurkezteko aukera edukiko dute bezeroek” hainbat hizkuntza ofizial dituzten autonomia erkidegoetan zerbitzuak ematen dituzten enpresen kasuan.
Bestetik, “euskarazko arreta pertsonalizatua bermatu beharko dute” enpresek hainbat hizkuntza ofizial dituzten autonomia erkidegoetan. Beraz, “kontsumitzaileak edo erabiltzaileak hala eskatuko balu, arreta eskatzen den hizkuntza ofizialean” emango dela ziurtatuko da.
Hurrengo asteetan batzordeko eta osoko bilkurako tramitea pasatuz gero, indarrean sartuko dira adostutako bi neurri horiek.
Zure interesekoa izan daiteke
1936ko irailetik azarora Hernanin fusilatu eta lurperatu zituzten 200 pertsonei omenaldia
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera