PSOE irabazletzat jo du berriro ere CISek, PPri bederatzi puntuko aldea aterata
Etxebizitza da herritarren kezka nagusia, eta, ondoren, krisi ekonomikoa eta arazo politikoak daude. Pedro Sanchez buruzagi sozialista da presidente gisa gustukoena, nahiz eta ezein liderrek ez duen gainditzen.
Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) egindako azken barometroaren arabera, PSOEk irabaziko lituzke Espainiako hauteskunde orokorrak, PPri bederatzi puntuko aldea aterata.
Jose Luis Abalos ministro ohia kartzelan sartu ondoren, abenduaren 1etik 5era bitartean 4.017 elkarrizketa eginda, sozialistek botoen % 31,4 lortuko lukete, 1,2 puntu galduta azaroko barometroarekin alderatuta. PPk, berriz, botoen % 22,4ko babesa izango luke hauteskunde orokorretan.
Vox alderdia hirugarrena izango litzateke, % 17,6ko babesarekin, eta Sumarrek botoen % 7,8 jasoko luke. Podemosek, berriz, % 4,1. Ildo horretatik, Se Acabo la Fiesta (SALF) ultraeskuineko alderdiak seigarren postua lortuko luke, botoen % 2,4 zenbatetsita (duela hilabete baino 1,8 puntu gehiago).
ERCk % 2,1eko babesa lortuko luke; EH Bilduk, % 1,5; EAJk, % 0,9 eta BNGk, % 0,8. Juntsek ere botoen % 0,8 lortuko luke, hilabetean hiru hamarren galduta; Aliança Catalana ultraeskuinak, % 0,5; Coalicion Canariak, % 0,2; eta UPNk, % 0,1.
Etxebizitza da herritarren kezka nagusia (% 39,9), eta, ondoren, krisi ekonomikoa (% 21,8) eta arazo politikoak (% 19,1). Laugarren lekuan, immigrazioa dago (% 16,3), eta oso gertutik "ustelkeria eta iruzurra" (% 16,2) eta enpleguaren kalitateak (% 14,5).
Barometroaren arabera, Pedro Sanchez buruzagi sozialista da Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagai gogokoena, % 23,4k hala adierazi baitute. Ondoren, nahiago dituzte Alberto Nuñez Feijoo (% 10,6), eta Santiago Abascal (% 9,6), hurrenez hurren.
Dena dela, ezein liderrek ez du gainditzen, CISeko barometroetan ohikoa den bezala. Sanchezek lortu du baloraziorik onena 4,08ko notari esker, eta oso gertutik jarraitzen dio bigarren presidenteorde Yolanda Diazek (4,01). Hirugarren postuan Feijoo (3,39) ageri da, eta azken postuan Abascal (2,9).