MEMORIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Harrera hunkigarria egin diote Donostian Mikel Zabalzaren omenezko autobus martxari

Guardia Zibilak duela 40 urte hil zuen autobus gidari nafarraren kasua oroitzeko ekimenaren amaieran, ekitaldia egin dute igande eguerdian Boulevardean. Zabalzaren senideek "egia, justizia eta erreparazioa" galdegin dituzte bertan, eta euskal erakundeei "akuilu" gisa aritzeko eskatu diete auzia behingoz argitzeko.

Mikel Zabalza omenaldia 40 urte Donostia
18:00 - 20:00

Ehunka pertsonak harrera hunkigarria egin diote igande eguerdian Donostian Mikel Zabalzaren omenez egin den autobus martxari. Guardia Zibilak duela 40 urte atxilotu, torturatu eta hil zuen Zabalza, eta urtemuga baliatuta, azaroaren 26tik haren memoria gogora ekartzeko autobus martxa antolatu du Mikel Gogoan ekimenak. 

Gaur heldu da helmugara, Donostiako Boulevardera, Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian aurkitu zutenetik 40 urte bete diren egunean. 

Zabalza Donostiako autobus publikoetako langilea zen, eta horregatik erabili dute hark gidatzen zuen autobusetako bat Nafarroako eta Gipuzkoako udalerrietan barrena ibiltzeko eta kasua gogora ekartzeko. 

Mikel Zabalza zenaren senitartekoak, lagunak, lankideak eta EH Bilduko kideak izan dira Boulevardeko ekitaldian. 

Mikelen arrebetako batek hartu du hitza bertan familiaren izenean, Idoiak.  Horren esanetan, Mikel "modu basatian torturatu zuten", baina Mikeli egin ziotena ez zen "kasu isolatua" izan.

Ekitaldiaren amaieran, Mikel Gogoan ekimeneko bozeramaileek komunikatua irakurri dute. Mikel Zabalzaren kasuan, "egia, justizia eta erreparazioa" eskatu dute, beste behin, eta "erantzukizun publikoak hartzeko garaia iritsi da", gaineratu. 

"Etorkizunaren haria josten ari gara, etenik ez duen haria. Urteak aurrera doaz, baina hari bera gara. Herri memoriaren haria. Memoriaren herria. Herri honek ez du egin digutena ahaztu nahi. Ekar dezatela argitara ezkutuan mantendu nahi izan duten guztia", aldarrikatu dute.

Bide horretan, euskal erakundeei "akuilu" izateko deia egin diete Espainiako Estatuari auzia argitzeko "pausoak eman ditzan". 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X