EH Bilduk irabaziko lituzke Gipuzkoan hauteskundeak, baina EAJk eta PSE-EEk gobernuari eusteko aukera lukete
Foru Aldundiaren azken soziometroak agerian utzi ditu gipuzkoarren kezka nagusiak: etxebizitza, langabezia, osasuna eta segurtasuna. Euskararen egoera okerrera doan pertzepzioa zabaltzen ari da gipuzkoarren artean.
Irune Berasaluze, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea, ostegun honetan. Argazkia: GFA.
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeak orain egingo balira, EH Bilduk irabaziko lituzke, botoen % 39,4 bereganatuta (2023an % 37,3 eskuratu zituen); batzarkide bat irabaziko luke eta 23 lotu. EAJk hiru hamarren egingo luke gora, % 32,6tik % 32,9ra, eta batzarkide bat irabaziko luke, 18 lortuz denera. PSE-EEk behera egingo luke % 16tik % 13,9ra, baina 7 batzarkideei eustea lortuko luke. PPk eta Elkarrekinek batzarkide bana galduko lukete.
Gauzak horrela, EAJk eta PSE-EEk aukera izango lukete beste alderdiren baten laguntzarekin hirugarrenez gobernatzeko.
Horiek dira Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean argitara eman duen abenduko soziometroak utzitako ondorio nabarmenenetako batzuk. Irune Berasaluze bozeramaileak aurkeztu ditu datuok. Gizaker inkesta-etxeak egin du landa-lana; abenduaren 3tik 10era 1.500 pertsona elkarrizketatu ditu, telefonoz.
Kezka nagusiak
Etxebizitza, langabezia, osasuna eta segurtasuna dira gipuzkoarren kezka nagusiak, eta egoera ekonomikoa erdipurdikoa dutela dioten arren, gehienek nahikoa edo oso zoriontsu direla aitortzen dute.
Gipuzkoan konpondu beharreko arazo garrantzitsuenen artean % 54,3k aipatu dute etxebizitzarena, 18-29 urte bitartekoen artean nagusi da kezka hori.
Langabezia eta lan-prekarietatea da bigarren kezka nagusia gipuzkoarren % 30,4rentzat, 30-45 urte bitartekoen artean batez ere.
% 20,9k osasuna jarri dute kezka nagusienetan, bereziki, 46-60 urte artekoek.
Segurtasuna eta delinkuentzia ere konpondu beharreko arazo bilakatu da herritarren % 15,4rentzat (% 4 igo da maiatzeko soziometrotik).
Ekonomia eta enpleguari dagokienez 0tik 10erako eskalan 6,64ko batez besteko puntuazioa eman diote gipuzkoarrek euren egoera ekonomiko pertsonalari, 46-60 artekoek emanik notarik baxuena (6,48), eta 60tik gorakoek, onena (6,86). % 2,9 ez dira hilaren amaierara iristen eta oso estu eta murrizketak eginez iristen dira % 24,4. EAJren boto-emaileak dira egoera ekonomiko onena dutela adierazten dutenak (6,99).
Duela bizpahiru urtetik hona euren egoera nola aldatu den galdetuta, erdiek adierazi dute berdin dagoela, % 28,5ek diote okerrera joan dela, eta % 20,6ek, hobetu egin dela. Etorkizunari itxaropentsu begiratzen diote gehienek. % 61,4k uste dute egoerak berdin jarraituko duela, eta % 18,2k, hobera egingo duela.
Kezkak kezka, batez besteko zoriontasun maila 7,49an kokatu dute gipuzkoarrek 0tik 10erako eskalan; gazteak dira zoriontsuenak (7,71). Gainera herritar gehienek inguruan laguntza soziala eta emozionala badutela aitortu dute; hemen ere, gazteak kokatu dira piramidearen erpinean.
Euskara, "okerrera"
Euskararen osasunari 6ko nota eman diote gipuzkoarrek, batez beste. Zehazki, euskaldunek 5,78koa (% 44,3k esan dute okerrera egin duela azken urteotan), eta euskaldun ez direnek, 6,51koa, zehazki ( % 44,2k esan dute hobera egin duela egoerak).
Iazko abenduko soziometroan % 35,3 ziren euskararekiko jarrera okerrera zihoala ziotenak (% 32k zioten hobera zihoala), eta, beraz, agerian gelditzen da euskararen egoera okertzen doan pertzepzioa gero eta orokortuagoa dela.
EH Bilduren boto-emaileak dira euskararen egoera okerren ikusten dutenak, 5,59ko puntuazio eman baitiote, eta okerrera doala diote % 49,3k; aldiz, EAJkoak dira ondoen ikusten dutenak (6,36), eta % 40,9k diote hobetu egin dela euskararekiko jarrera.
Zure interesekoa izan daiteke
Lehendakariak "ahots bakarrarekin" aritzeko eskatu dio Europari Ekialde Hurbileko gerraren aurrean
Lehendakariak Bruselara hasi duen 48 orduko bidaiaren hasieran egin ditu adierazpenok. Estrategia politikoei eta ekonomiari buruzko hainbat bileretan parte hartuko du eta Bart De Wever Belgikako lehen ministroarekin bilduko da.
Milaka pertsonak gogoratu dituzte 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako langileak
Ekitaldi batean, "Estatu krimenaren zigorgabetasunaren aurka lan egiten" jarraituko dutela azpimarratu dute.
Alderdi guztiek, Voxek izan ezik, martxoaren 3ko biktimak omendu dituzte
EAJk dokumentu ofizialak osorik desklasifikatu ditzaten eskatu du. Arnaldo Otegik salatu du "Estatu-operazio” bat izan zela.
Franky tabernaren aholkulari fiskalak aitortu du Accionari faktura faltsuak egin zizkiola Koldoren alde
Miguel Moreno Purroyk agerraldia egin du astearte honetan Nafarroako Parlamentuan, herri-lanen lizitazioari buruz egiten ari diren ikerketa batzordean. 2016 eta 2018 urteen artean Koldo Garciari laguntzeko jardun zuela adierazi du, eta "oker" aritu zela aitortu arren, ukatu egin du ezein "ustelkeria sareren parte" izatea.
Espainiako Gobernuak gaitzetsi egin du martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak izandako "neurriz kanpoko jokabidea"
Aitor Esteban EAJko EBBren presidenteak akordioaren aurrean "etsita" dagoela adierazi du, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio aitor dezala "Estatuak izan zuen papera". Javier Hurtado Arabako PSE-EEren idazkari nagusiak, berriz, babestu egin du Espainiako Gobernuak "memoria demokratikoarekin" duen konpromisoa.
Maider Etxebarria: "Martxoaren 3an zauri bat ireki zen Gasteizen"
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak "Polizia Armatu frankistaren neurriz kanpoko jarduna" gaitzetsi du. Franco hil arren, frankismoa bizirik zegoela adierazi du Etxeberriak. "Zoritxarrez, Gasteizen bere aurpegirik gaiztoena erakutsi zuen", gaineratu du.
Gobernuek martxoaren 3a “alfonbrapean” ezkutatu izana salatu du Pradalesek, eta dokumentuak desklasifikatzeko eskatu du
Lehendakariak “egia, justizia, aitortza eta biktimen erreparazioa” eskatu ditu 1976ko martxoaren 3ko sarraskitik 50 urte bete direnean. “Memoria oso eta inklusiboa behar dugu, horrela baino ezingo baita oraindik zabalik den zauria itxi. Biktimekiko Eusko Jaurlaritzaren eta neure konpromisoa erabatekoa da”, azpimarratu du.
Albiste izango dira: Martxoaren 3ko sarraskiak 50 urte, Gatazka Ekialde Hurbilean eta Makina-Erramintaren Azoka
Gaur Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honela azaldu zuen "The New York Times" egunkariak martxoaren 3ko sarraskia
Lau hamarkada lehenago Gernikako bonbardaketarekin egin bezala, The New York Times egunkariak mundu zabalean hedatu zuen Gasteizen izandako sarraskia, Henry Ginigerrek idatzitako kronika baten bidez.
Gasteiz aldatu zuen eguna: indarkeriaz eta zapalkuntzaz betetako 12 ordu
Erregimenak modu bortitzean zapaldu zituen langile mugimenduaren protestak, eta errepresio latza utzi zuen. Gasteiz aldatu zuten 12 orduen kronologia, hemen.